Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Iñigo Gutierrez Izadiren aita kalean da, hirugarren graduan

Izadiren aita Aranjuezko espetxetik atera da ostiral honetan. Astelehenean Zaballan egon behar du, hirugarren gradua eman baitzitzaion. Izadik, ordea, igandea arte itxaron beharko du irteteko. Hiru urte beteko ditu haurrak eta amarengandik bananduko dute.

‘Izadi gurasoekin etxera’ plataformaren mobilizazio bat.
‘Izadi gurasoekin etxera’ plataformaren mobilizazio bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Igande honetan Izadik 3 urte beteko ditu. Edozein umerentzako ospatzeko data izango litzatekeena, haurraren kasuan ez da izango. Maria Lizarragarekin, bere amarekin, egunean 24 orduz egotetik, urtean 24 ordu egotera pasako baita, edozein umerentzat egoera jasanezina.

Pasa den abenduaren 30ean, gurasoak hurbilduko zituztela eta bere aitari hirugarren gradua onartu diotela zabaldu zuen espainiar Barne Ministerioak, eta ‘Izadi gurasoekin etxera’ plataformako kide den Itxaso Torregrosak Iñigo Gutierrez gaur bertan, 17.00etan, atera dela baieztatu dio NAIZi.

«Gaur ateratzen dela badakigu, eta astelehenean, 10.00etan, Zaballan egon behar duela esan diote. Ikusi beharko da nola gauzatzen den hirugarren gradu hori», azaldu du Torregrosak.

Hala, aita Izadi baino lehenago aterako da, haurra igandean 12.00etan aterako baita, Iñigo Gutierrez Zaballara itzuli baino egun bat lehenago. «Iñigo ostiral honetan bertan Algortara joan behar du eta igandean, goizaldean, Aranjuezera itzuli Izadiren bila. Eta astelehenean Zaballara itzuli beharko du», gaineratu du Torregrosak.

Egoera horri gehitu behar zaio Maria Lizarragak oraindik ez dakiela noiz eta zein kartzelatara eramango duten, nahiz eta Iñigo Gutierrezi jakinarazi zioten Zaballara ere lekualdatuko zutela.

Hemendik aurrera, Izadi Algortan biziko da amonarekin eta aitarekin, baina plataformatik amarengandik aldentzearen ondorioak salatu dituzte, eta uste dute Izadik amarekin egoteko eskubidea duela, eta horretarako konponbideak espero dituztela berandu baino lehen.

Izadi gurasoekin Euskal Herrira ekarri nahi dituzten plataformako kideek uste dute kasu hauetan umeen eskubideak lehenetsi behar direla eta egoera salatzeko igande honetan bertan Algortako kaleak beteko dituzte, manifestazio, kalejira eta ekitalidiekin. Txiki Otaegi plazatik abiatuko da manifetazioa, 12.30ean. Gainera, autobus bat aterako da 09:30ean Burlatatik Algortara, eta 17.30ean itzuliko da.

Sindikatuen babesa

Ostiral honetan, LAB, ELA, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuek salbuespenezko kartzela politikaren kontrako hileroko mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikoan, Sareren Izan bidea dinamikaren baitan.

Izadi eta bere gurasoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu du Sarek Bilbon sindikatuekin batera. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gaurkoan, Izadi umearen egoeraren berri eman dute. «Egindako lanaren ondoren eta gizarte zibilaren zein eragile politiko, sindikal eta sozialen bultzadari esker, Izadik jada ez ditu ehunka kilometro egin beharko gurasoak ikusteko. Pozez hartu genuen gurasoak EHra ekartzeko erabakia, eta pozez ere aitarekin egoteko izango duen aukera», nabarmendu dute.

Baina, salatu dutenez, «dena ez da nahiko genukeen bezalakoa, eta, tamalez, amarekin egoteko oraindik denbora itxaron beharko du». Izadi, orain, beste 80 haurren kasuan bezala, beren gurasoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak jasan beharko dituela gaineratu dute sindikatuek.

Hala, espero dute hilabeteetan salbuespen-neurri horiek aldatzen joatea eta «eragiten duten sufrikario guzti horrekin amaitzea». «Espero dugu lehen bai lehen Izadik Algortan gurasoak besarkatu ahal izatea, eta legeak dioen bidea oztoporik gabe ibili ahal izatea», azpimarratu dute. 

Gogoratu dutenez, ehun egun pasa dira Lakuak espetxe-eskumenak dituenetik. Eta espero dute hartuko dituzten erabakiek «etorkizun hobe baterako bide ematea, eta, horretarako, salbuespen-neurriak atzean uztea eta preso guztiei lege arrunta aplikatzea»

«Eta kasu honetan ere, umeen eskubideak kontuan hartzea, Euskal Herrian familia-moduluen arloan dagoen gabeziari aurre egiteko bideak zabalduta. Finean, haurren eskubideez eta preso diren pertsonek guraso izateko eta familian bizitzeko duten eskubideaz ari baikara», esan dute.