NAIZ
DONOSTIA

Euskadiko Orkestraren aipamena egin dute ‘The New Yorker’-en orrialdeetan

New Yorkeko asteroko ‘The New Yorker’ argitalpenak, munduan bere generoko garrantzitsuenetako bat denak, aipamen berezia egin die Euskadiko Orkestrari eta duela gutxi argitaratu dituen bi grabazioei, ‘Ravel’ eta ‘Americascapes’, Robert Treviñok zuzendutakoak Ondine diskoetxearekin.

‘The New Yorker’ aldizkariaren azala eta artikulua.
‘The New Yorker’ aldizkariaren azala eta artikulua. (EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA)

Urtarrilaren 31n argitaratuko den ‘The New Yorker’ aldizkariaren azal honen atzean Euskadiko Orkestraren aipamen bat dago, Estatu Batuetan une honetan ezagunenetakoa eta selektiboenetakoa den kritiko batek egina, Alex Ross-ek: «Orain arte nazioarteko musika klasikoaren munduan jende gutxik eskaintzen zion arreta Euskadiko Orkestrari, Texasko Robert Treviñok zuzentzen duena. Ondine diskoetxepean argitaratutako bi grabazio harrigarriki bikainek [‘Ravel’ eta ‘Americascapes’-ez ari da kritikoa] taldearen profila jaso dute».

Kritikaren aurrerapen bat edizio digitalean ikus daiteke, hemen (artikuluaren azken bi paragrafoetan).

Euskadiko Orkestra ‘The New Yorker’-en agertu izana orkestrak orain arte lortu duen aipamen handiena da. Azken bi grabazioak, ‘Ravel’ eta gutxi ezagutzen diren konpositore amerikarren ‘Americascapes’ izeneko bilduma, izan dira orkestra munduko txoko askotan oihartzuna izateko arrazoiak.

Ondine diskoetxearekin egindako grabazio eta nazioarteko banaketa on bati esker, ‘The New Yorker’ bezalako erreferentziazko argitalpenek lan honi oihartzuna eman diote.

Duela aste batzuk, ‘Gramophone’ aldizkari entzutetsuan, «hileko orkestra» gisa egin genuen aintzatespenaren berri eman ziguten, baita beste argitalpen batzuetan jasotako aipamen gehiagoren berri ere.

Aipamen osoaren itzulpena

«Orain arte nazioartean musika klasikoaren munduan jende gutxik eskaintzen zion arreta Euskadiko Orkestrari, Donostian egoitza duena eta Texasko Robert Treviñok zuzentzen duena. Ondine diskoetxepean argitaratutako bi grabazio harrigarriki bikainek taldearen profila jaso dute. Diskoetako bat Maurice Ravelen obra ospetsuei eskainia dago, Donostiatik 30 kilometro ekialdera jaioa, mugaren beste aldean. Besteak Estatu Batuetako errepertorioa arakatzen du eta, nahiz eta oso ezaguna ez izan, merezi du. Charles Martin Loeffler, Carl Ruggles, Howard Hanson eta Henry Cowellen partiturak hartzen ditu barne.

Har dezagun Ravelen ‘La Valse’-ren exekuzio asaldatua gainerako obren adibidetzat. Karakterez beteriko xehetasunekin lehertzen da: klarinete baxuaren inprobisazio ilunak, erritmo gurutzatu distiratsuak, portamento jaitsierak kitsch airearekin, bonbo-kolpe basatiak. Era berean, Treviñok eutsi ezineko oldarrari eusten dio, xehetasun guztiak crescendo orokor batean xurgatuz. ‘La Valse’ Lehen Mundu Gerraren hasieran idatzi zuen Ravelek, eta zuzendariek sarritan hondamendiranzko elur-jausi bortitz bat birsortzeko joera izaten dute. Treviño arriskuaren interpretazioan motz geratzen ez den arren, bera eta musikariak amaieraraino kulunkatzen dira, iluntasunerantz dantzan».

Alex Ross-ek sinatuta, ‘The New Yorker’