Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Garaiezina dirudien tortura behingoz menderatzeko «itokinak»

Iluntasun urratuezinak estali du tortura azken hamarkadotan. Epai batzuk zulatu dute batzuetan, zenbait ekimen politiko azken boladan... baina zer da urratu beharrekoa eta nola egin aurrera argitara emateko ahalegin honetan? Abokatu bat, legebiltzarkide bat, forentse bat eta psikologo bat mintzo.

Arzuaga, Izko, Barrenetxea eta Morentin, torturari buruzko saioan.
Arzuaga, Izko, Barrenetxea eta Morentin, torturari buruzko saioan. (NAIZ)

Torturaren Egunarez bezperetan, horren inguruko albisteak bata bestearen atzean kateatu berri dira Euskal Herrian, tortura iragana baino orainaldia dela frogatuz: Xabier Atristainen aldeko erabakia Estrasburgon, Iratxe Sorzabalen lekukotasuna Madrilen, torturatuak biktima gisa onartzeko EAEko Legeari guardia zibilek eginiko iruzur saiakera, Nafarroako torturatuen elkartearen sorrera larunbatean Berriozarren... Dena oso agerikoa da eta, aldi berean, ia beti bezain izkuturik eta ukaturik dago. Horregatik, torturaz asko dakiten lau lagun bildu ditu EH Bilduk asteazken honetan saio berezi batean, «iluntasuna argitzea» helburu, torturaren aurkako borroka eraginkorragoa bilakatzeko beharretik abiaturik.

Azken albiste horietako gehienak auzitegietan kokatzen dira eta etorkizunean ere hala izango dela suma daiteke. Amaia Izko abokatuak egin du ibilbide honen azterketa, jada erabaki «askotxo» dago eta. Esaterako, hamabi aldiz zigortu du Estrasburgoko Entzutegiak Estatu espainola tortura dela eta, horietako hamar kasu inkomunikazioari loturik dira, eta hauetako bitan ikertu ez izanaz haratago joan dira epaiak (Portu-Sarasolarena, Europak tratu txarrak onartu zituelako, eta Atristainena, Estrasburgok inkomunikazio egoerari bete-betean seinalatzen diolako).

 Egun preso direnen «erdia baino gehiago» soilik torturari esker zigortua izan dela ziurtatu du Amaia Izkok

Harrigarria badirudi ere, Espainiako Entzutegi Konstituzionalak ere onartua du ikerketa eza hura zenbait erabakitan, aipatu du Izkok. «Baina hortik behera joaz, egoera benetan latza da», nabarmendu du, Auzitegi Nazionalak agindutako kondenek, askotan torturak ahalbidetutakoak, ia beti berretsiak izan direlako, «tortura lekukotasunak mespretxatuz». Eta honen larritasuna salatu du abokatuak, gaur egun preso direnen «erdia baino gehiago» soilik torturari esker zigortuta dagoelako, autoinkulpazioa edota beste norbaiten inkulpazioaren bitartez.

Auzibideak aurrera ateratzeko, norabide batean edo bestean, funtsezkoa da auzitegi-medikuaren lana. Benito Morentin forentseak aztertu du azken hamarkadetako egoera. Nola jokatu beharko luke auzitegi-medikuak? «Atxilotuak kontatzen diguna, dituen aztarna fisiko eta sikologikoekin bateragarriak diren ala ez neurtuz», laburbildu du. Errealitatea oso bestelakoa da: euskal atxilotuekin askotan txosten ofizialak pare bat esalditan eta inolako azterketarik gabe agortzen zirela oroitarazi du.

Honela egiaztatu zuen Euskal Herriko eta Danimarkako sendagileek eginiko ikerketak; sistema forentsearen «porrota» ondorioztatu zuten, ez bakarrik ondorio ezagatik, baizik eta lan horretarako protokolorik ez zutelako, odol analisi edo antzeko frogarik ez zutelako agintzen, azterketak pribatutasuna gorde gabe burutzen zituztelako...

Europako Torturaren Prebentziorako Batzordearen (CPT) lanak ekarri ditu saiora Morentinek, kalitate handikoak direlako. Batzuetan Auzitegi Nazionaleko forentseekin desadostasuna adierazi dute, esaterako buruan deskarga elektrikoak jaso izana salatu zuen atxilotu batean kasuan. Torturarik ez zuten ikusi Auzitegi Nazionaleko adituek; Europakoek, denbora pasa ostean, bai.

Istanbulgo Protokoloa hizpide izan du Morentinek eta hortik abiatu da ere Olatz Barrenetxea psikologoa. Izan ere, 2014. urtean horretan oinarritutako ikerketa sakonean parte hartu zuen, emaitza adierazgarriak erditu zituena. Baina batez ere mekanismoak aztertu nahi izan ditu. «Torturatuari nekea, defentsak jeistea eta nahasmena sortzea da lehena», aipatu du, hortik hasten delako torturaren prozesua.

«Hasieratik bukaerara doan sentimendua dago inkomunikazio pean: beldurra, beldurra pertsonak kontrola galdu arte», esan du Barrenetxea psikologoak

«Umilazioa» beste oinarri bat da, senideen kontrako «mehatxuak», eta guztiaren bitartez «hasieratik bukaera arte doan sentimendu bat eragitea: beldurra. Batzuetan jasanezinezko emozio bat izan da, honela esan digute atxilotuek. Beldurra, nahi duten hori lortu arte, pertsonak kontrola galdu arte, irtenbiderik ez dela sentitu arte».

«Inkomunikazio pean erantzun normalek ez dute lekurik», laburbildu du Barrenetxeak. Izua gailentzen delarik, «menpekotasuna», «kontrol eza», bai eta «hiltzeko gogoa» ere (Iratxe Sorzabalek astelehenean esandakoa ekarri du gogora hemen) sortzen dira.

Kalabozoetatik ateraz eta arlo politikora pasaz, erakundeei dagokienez «torturaren benetako errelatoa» egin gabe dutela nabarmendu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak, Joxe Arregik ahozkatutako «oso latza izan da» hura ez dutelako oraindik bere egin nahi izan, bere dimentsio ikaragarrian. Honekin lotu du Lakuako Gobernuak sinatu berri duen Estatuko Segurtasun Indarrek jasandako indarkeriari buruzko txostena, non torturatzaile ere izan diren ez den aipatzen.

Bortxaketa izugarri hau Euskal Herriaren aurka betidanik erabili dela ekarri du gogora, akreditatutako lehenengo kasua 1379. urtekoa baita eta geroztik hona ez du etenik izan. 60ko hamarkadan kalean libre eta «harro» zebiltzan Muñecas, Hidalgo, «Billy el Niño», Manzanas eta abar luzea ekarri ditu gogora. Eta gero praktika horiek ikusezin egin badituzte ere, torturatzaileak zigorrik gabe eta askotan sarituta izan direla nabarmendu du. «Tortura zientifiko»tzat jo du azken aro historiko honetakoa, azken finean «eraginkortasuna» lortzea xedea delako.

 Izkutukeria agerikoa den arren, torturak «itokinak» izan dituela aipatu du Arzuagak, eta ondorioz erakundeek ezin dutela ez-ikusiarena egin

 

«Itokinak izan ditu, hala ere, torturak; torturatuek eginiko testigantzak, nazioarteko zenbait erabaki, eta azkenik Paco Etxeberriaren txostena», erantsi du Arzuagak. Azken honekin bide bat abiatu dela uste du EH Bilduko hautetsiak, «ez justizia izateko, baina bai egia izateko».