NAIZ

Irene Schouten patinatzailearen bigarren urrea, bigarrengoz marka olinpikoa hautsita

Soilik sei patinatzailek lortu dute hitzordu olinpiko berean 3.000 eta 5.000 metroko lasterketetan garaile izatea. Irene Schouten da seigarrena eta gainera, bietan duela hogei urtetik hautsi gabe zegoen marka olinpikoa hobetu du herbeheretarrak. 

Irene Schouten 5.000 metroko lasterketan, Pekingo Olinpiar Jokoetan.
Irene Schouten 5.000 metroko lasterketan, Pekingo Olinpiar Jokoetan. (Wang ZHAO | AFP)

Irene Schouten patinatzaileak urrezko domina irabazi du izotz-gaineko abiadura patinajean marka olinpikoa hautsiz. Hau irakurrita, badirudi duela pare bat eguneko notiziaz mintzo garela baina ez, herbeheretarrak bere bigarren urrezko domina irabazi du Pekinen 5.000 metroko lasterketan eta, 3.000 metrokoan egin legez, marka olinpikoa hautsi du. 

Duela hogei urteko errekorra apurtu du Schoutenek, denbora neurgailua 6:43.51 minututan geldiarazi ostean; hau da, duela bi hamarkada Salt Lake Cityn Claudia Pechsteinek ezarritako marka baino hiru segundo azkarrago izanda (6:46.91).  

Gainera, nabarmendu behar da nagusitasun osoz irabazi duela ostegun honetako lasterketa. Izan ere bigarren postuan helmugaratu zen Isabelle Weidemann baino lau segundo azkarragoa izan baita. 

Pekingo Olinpiar Jokoetako bere lehendabiziko lasterketan ere, 3.000 metrokoan, Pechstein alemanarrak zuen errekor olinpikoa haustea lortu zuen, hain zuzen ere. Claudia Pechsteinek Salt Lake Cityn 3:57.70 minutuan gelditu zuen kronometroa; Herbeheretako patinatzailea, ordea, segundo bat eskas azkarragoa izan da hogei urte geroago (3:56.86). 

2010. urteko Olinpiar Jokoetatik, inork ez zuen lortu bi lasterketa hauetan urrezko domina irabazterik. Azkena, Sablikova izan zen, ostegun honetan brontzea eskuratu duen patinatzaile txekiarra –Txekiar Errepublikako atleta olinpiko loriatsuena bilakatuz–. 

Hala, hitzordu olinpiko berean, 3.000 eta 5.000 metroko izotz-gaineko abiadura patinajeko lasterketetan garaile izaten den seigarren patinatzailea bilakatu da Irene Schouten herbeheretarra. 

Herbeheretako patinatzailearen hirugarren domina olinpikoa da orotara, Pyeongchangen brontzezko bat lortu baitzuen.