Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Izei Permach
Zuazo taldeko jokalaria

«Ez dugu soilik arerio zuzenei irabaztera mugatu behar, gehiago eman dezakegu»

Denboraldiaurrean min hartu ostean, hamar astez kantxetatik at egon beharra izan zuen Izei Permach (Zarautz, 1999) pibote gipuzkoarrak. Zuazora iritsi berria zenez, Ohorezko Mailako debuta apur bat atzeratu zitzaion. Ostiral honetan Porriñoren aurka jokatuko du Barakoldoko taldeak. 

Izei Permach, Malagaren aurkako Kopako partidan (hiru gol egin zituen).
Izei Permach, Malagaren aurkako Kopako partidan (hiru gol egin zituen). (Monika DEL VALLE | FOKU)

Entrenatzailearen konfiantza giltzarria ari da izaten niretzat», onartu du Izei Permach zarauztarrak. Hamar urtez Zarautzen aritu ostean, Zilarrezko Mailatik Ohorezko Mailarako jauzia eman zuen iragan udan pibote gipuzkoarrak, baina bidean espero gabeko oztopoa aurkitu zuen ustekabean. Denboraldiaurreko lehendabiziko partidan eskuan min hartu zuen: ezker eskuko lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren metatartsianoen oinarriko haustura intraartikularra jasan zuen, desplazamendu txikikoa. Ondorioz, hamar asteko errekuperazio fasea hasi behar izan zuen. «Nire helburua taldean, taldearen joko dinamikan ahalik eta azkarren egokitzea zen, baina azkenean egoera onartu behar izan nuen», gogoratu du zarauztarrak, lesioak egokitzapena nabarmen atzeratu ziola azaltzerakoan.

Nolanahi ere, lesioa gainditu eta maila onean itzuli da zarauztarra. Jokoan parte hartze handia daukala sentitzen du. Lehendabiziko partida Kopan jokatu zuen –Peredaren aurka–, eta Zonzamas taldearen aurka debutatu zuen Ohorezko Mailan –Atletico Guardes eta Xixongo La Calzadaren aurka deialdian egon zen–, gol bat eginez. «Zarautzen hamar urte egin ostean, une horren zain nengoen», onartu du.

«Nik uste dut inork ez zuela pentsatu Zilarrezko Mailan ari zen jokalari bat zuzenean Ainhoa [Hernandez] ordezkatzera zetorrenik. Ahalik eta hobekien egokitu eta onena ematera etorri naiz»

Entrenamenduetan kontu handiarekin hasi zen lanean, pibotea izanik –borroka askoko postua da–, eskua zaintzea baitzuen lehen xedea. Partidak iritsitakoan, «defentsako erritmoak eta indarrak» harritu zuen gehienbat.

Ainhoa Hernandez barakaldarra Errumaniako Ligara joan eta pibote postua «umezurtz» geratu zen Zuazon. Izei Permach fitxatu zuten postu hori betetzeko, Naia Puigbo harrobiko jokalariarekin batera. Bizkaitarra denboraldiaurreko lehendabiziko astean lesionatu zen, Permach aurreneko lagunartekoan eta, beraz, taldeko piezak moldatu beharrean izan zen Joseba Rodriguez. Berez hegalekoa den Isabel Fernandez-Agusti aritu zen pibote postuan behin-behinean. Behin lesioa gaindituta, hori bai, entrenatzailearen konfiantza lortu du Permachek; horren erakusle, zarauztarra minutu dezente ari da jokatzen, eta erasoan ere golak egiten ari da.

Taldekideek bilatu egiten dutela ere sentitzen du Permachek eta pozik dago horregatik ere. Bera Beraren aurka zazpi gol egin zituen Ohorezko Mailan jokatzen zuen bigarren partidan, baina «salbuespena izan zen, ez dira nire ohiko zenbakiak, neuk ere ezin nuen sinetsi!», onartu du barre artean entrenamendura bidean doala.

Ainhoa Hernandezen postuan jokatzen duelako presiorik ez duela sentitzen ere argi utzi nahi izan du Permachek. «Nik uste dut inork ez zuela pentsatu Zilarrezko Mailan ari zen jokalari bat zuzenean Ainhoa ordezkatzera zetorrenik. Ahalik eta hobekien egokitu eta onena ematera etorri naiz».

Partida lehiatuak

Salbuespena izaten ari ez dena da Zuazok partida bakoitza borrokatu egiten duela, ez duela inoiz etsitzen –«Gabonetatik bueltan Malagaren aurka izan ezik, beste partida guztietan bizirik egon gara bukaerara arte», ñabartu du Zarauzkoak–. Bera Beraren kontrako derbia bera ere gutxigatik galdu zuen Zuazok (30-27), baita La Calzada (29-27) eta Atletico Guardesen aurka ere (25-27). Rocasaren eta Aula Valladoliden aurkako Lasesarreko partidak, berriz, berdindu egin ditu, teorian Zuazo baino talde hobeak badira ere.

Partida osoan zehar ondo lehiatzen gara, baina bukaeran zerbait gehiago falta zaigu, partidak errematatzea falta zaigu

Teneriferen aurkako partida jokatu zain, Zuazoren azpitik dauden beste hiru taldeen aurka garaipenak lortu dituzte bizkaitarrek. Egun, puntu horiei esker daude jaitsiera postuetatik at, baina Permachek argi du: «Ez dugu soilik arerio zuzenei irabaztera mugatu behar, gehiago eman dezakegu».

Arerio zuzenekin jarraituz, gaur Porriño jasoko dute Lasesarren, 21.00etan (Teledeportek zuzenean emango du partida). Irabaziz gero, talde galiziarra harrapatuko luke Zuazok sailkapenean eta, hala, «kalitatezko jauzia» emango luke. Jauzi hori emateko aukeratik harago, Permachek «bigarren itzulia ondo hastearen garrantzia» ere nabarmendu nahi izan du.

Porriñon ere, lehen itzulian, gutxigatik galdu zuten partida, 50. minutura arte markagailuan aurretik joanda. Horregatik, zarauztarrak argi du «errematatzea falta zaigula». «Partida osoan zehar ondo lehiatzen gara, baina bukaeran zerbait gehiago falta zaigu», dio. Etxean, hala ere, sendoago ari dira eta Aula Valladoliden aurka berdinketa lortu izanak are indar gehiago eman dio Zuazori.