NAIZ

Bermeok eta Oriok irabazi dute Oria ibaiko XXVIII. Traineru Jaitsiera

Gizonezkoen proban sekulako emozioa egon da, «Bou Bizkaiak» Hondarribiari segundo bat pasatxoko aldea atera baitio. Emakumeen estropadan gauzak askoz garbiago joan dira, bigarren amaitu duen Tolosaldeari Orioko traineruak 17 segundoko aldea atera baitio.

Giroa eta nonahiko ontziak Oria ibaiaren jaitsieran.
Giroa eta nonahiko ontziak Oria ibaiaren jaitsieran. (Jon URBE / FOKU)

Arraun denboraldia tokitan dagoen arren, Oria ibaiko XXVIII. Traineru Jaitsierak partehartze oparoa eta gizonezkoen estropadan bederen, emozioa laga ditu. Bermeo eta Orio izan dira jaitsiera honetako irabazle nagusienak, baina bizkaitarrek segundo bat pasatxoko aldea baino atera ez duen bitartean, nahi bezala moldatu dira Orioko emakumeak, bigarren sailkatuari 17 segunduko aldea, ia sei traineru, alegia, lortu baitute.

Ondoriorik ateratzeko goiz da, lehiaketa ofizialetan ez bezala, arraunlariak ez daudelako punturik onenean, baina test polita izan da, bistan denez. Giroa ere, bai eguraldiari begira eta baita pilatu den jendea ere aintzat hartuta, ez da batere txarra izan.

Zentzu honetan, lan bikaina egin dute Bermeokoek eta Hondarribiarrek eta orpoz orpoko lehia estua izan dute azken metrora arte. Azkenean segundo bat eta 15 ehunenekoren alde eskasagatik izan bada ere, bizkaitarrak «Ama Guadalupekoa» baino lehenago helmugaratu dira. Bi haun atzetik, Donostiarra sailkatu da, irabazlearengandik zortzi segundora; Orio laugarren 24 segundora; Ondarroa bosgarren, minutu erdira eta Getaria, 47 segundora, seigarren postuan sailkatu da.

Esan gabe doa emakumeen estropadan ez dela Oriokoen kolorea besterik izan. Bigarren sailkatuari ia sei ontzitako aldea ateraz gero, ez dago bueltarik. Nadeth Agirre patroiaren aginduetara, etxeko trainerua arerioen gainetik pasa da. Tolosaldea izan da bigarrena, 17 segundora; irabazlearengandik 25 segundora, Donostiarra sailkatu da hirugarren; Arraun Lagunak laugarren 31 segundora eta 34ra Hibaika, bosgarren lekuan.

Alabaina, orotara 78 ontzik hartu dute parte, baita Malagatik bertatik ere, esaterako, beteranoetan Chapela galiziarrak erraz nagusitu dira; jubenil mixtoetan Ondarroak irabazi du, San Juani 9 segundo aterata, besteak beste. Emaitza guztiak begiratzeko, honako esteka honetan ikusi lezake.