Nerea Goti

Mundu zabalean Aberri Eguna ospatzeko «keinuak» plazara ateratzera deitu dute

Aberri Egunaren ospakizuna plazara ateratzera deitu du Baterak, bakoitzak bere erara antolatuta baina keinu bateratu bat eginez. Diaspora aurtengo protagonista izango da mundu mailako ospakizun honetan, lehen Aberri Egunetik 90 urte betetzen direnean.

 

Pandemiak baldintzatutako azken bi edizioen ostean, aurtengo Aberri Egunaren ospakizuna kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Asmoa da, «munduan zehar barreiatuta dagoen euskal komunitate globalari» protagonismoa ematea, 24 orduko «keinu bateratua» eginez.

Bilbon, Guggenheim museoaren ondoko “Ama” artelanean agerraldia egin du larunbat honetan EH Batera ekimenaren inguruan bildutako herritar talde batek. Bertatik, Maitena Diribarren irakasleak eta Irantzu Perello abokatuak irakurritako adierazpen batean, formatu ezberdinetako ekimenak antolatzeko deia luzatu diete herritarrei eta eragile ezberdinei

Gogoratu dutenez, 90 urte betetzen dira aurten Bilbon ospatu zen lehenengo Aberri Egunetik. «Mugarria izan daiteke, etorkizun komunitario berriekin bidea eraikitzen hasteko. Izan ere, ez baita ahaztekoa, une historikoetan Aberri Egunak euskal komunitatea elkartzeko eta balioan jartzeko izan duen gaitasuna», nabarmendu dute.

«Udaberriko Ikurraldia», ospakizunei forma emateko

Edizio berria prestatzeko, dei berezia egi du herri ekimenak hurrengo asteetan zehar izango den den “Udaberriko Ikurraldian” parte hartzera, «herritarron esku baitago euskal komunitatearen ospakizuna antolatzea eta ikurrak lau hazietara banatzea».

Asmoa da, zehaztu dutenez, ospakizun global horri forma ematen hastea, «bakoitzak bere eran», herri mailan, auzoetan… era kolektiboan edo norbanakoak antolatuta, etxetik, menditik edo edozein tokitik, egunean bertan 24 ordutan zehar munduari itzulia emango dioten keinu horiek era bateratuan ospatzeko.

Herri ekimenak azal du, bestalde, antolatze prozesu horren barruan,  harremanetan dagoela alderdi eta bestelako erakundeekin.