Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ ipuin-bilduma ondu du Iñaki Irasizabalek

Ezohiko pertsonaien arteko hartu-emanak bildu Iñaki Irasizabalek ‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ ipuin-liburuan.

Iñaki Irasizabal, 'Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?' ipuin-liburuarekin.
Iñaki Irasizabal, 'Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?' ipuin-liburuarekin. (Andoni Canellada | FOKU)

Pertsonen arteko harremanak edo, zehatzago esateko, pertsonaia bizarroen hartu-emanak bildu ditu hamar ipuinetan Iñaki Irasizabalek bere azken argitalpenean. ‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ asteazken honetan aurkeztu du, Donostiako Udal liburutegian.

Nobela beltzetik gertuago egon izan den idazlea bada ere, ‘Politika zikina’ (Elkar, 2017) edo ‘Aita Gurea’ (Elkar, 2015) adibide, orain hiru urte eman zuen argitara  Irasizabalek ’Zorioneko familia’ (Elkar, 2019) ipuin bilduma, urteetan idatzitako istorioak berreskuratu eta familia ez perfektuen, ohikotasunetik at dauden horien, kontakizuna egin zuen.

Bide berari segitu dio Irasizabalek azken argitalpenean ere. ‘Zorioneko familia’-n modura, hamar ipuin bildu ditu 200 orrialde inguruko liburu batean eta giza harremanak izan ditu oraingoan ere hizpide, pertsonaia xelebre, ezohiko, problematikoak, arraroak hartuta. «Bizarroak», Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak liburuaren aurkezpenean esan bezala.

Bere-berea duen moldea erabili du idazleak ipuinak sortzerakoan, «nahita edo nahigabe», esan duenez, egiten duena: denek dute alde samurra eta latza.

Hamar kontakizunek ez dute beraien artean loturarik eta, hala, agertuko da sikiatrikoan sartu eta datozen 20 urteetan medikatuko den pertsona bat, familia idealaren ordezkari den andrazko baten erabakiak kontatu dioten zeozerrek dena hankaz gora jartzen dioenean, Bartzelonara ihes egin zuen ludopata bat damuz Bilbora bueltatuko dena, alaba labankadaz josita topatuko duen aita edo aita-semeen harreman zakartu bat.

Agertuko dira, halaber, baserriak, hiriak, tanatorioak, ospitaleak.

Istorio sinesgarriak eta amaierako epika

Egoerak eta pertsonaiak muturrera eramaten ditu Irasizabalek, baina errealitateak zedarritzen dituen mugetan beti ere. «Ahalegintzen naiz gizaki sinesgarriak eta interesgarriak sortzen», esan du idazleak.

‘Hiru urte sabaian’ ipuinean hondeatuta aurkitzen da liburuaren izenburuaren esanahia. Idazle gazte batek aitonaren istorioan zerbait ezohikoa aurkitzen du eta nobela batera eraman nahi du. Aitonak, baina, ez dio ezer kontatu nahi eta idazleak ahal duena egingo du informazio hori lortzeko. ‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ izango da idazle gaztearen nobelaren izenburua.

Hamargarren ipuina da salbuespen bakarra, ‘Arnaldo garbitu’ izenburu duena. Ezker abertzaleko neba-arreba bi kezkatuta daude lanak ondo eginda ere ezin diotela hauteskundeetan EAJri aurrea hartu eta haien ideia burutsua kontatzen du Iñaki Irasizabalek: demostratuta dago hauteskundeak baino egun batzuk lehenago alderdi politiko bateko burua hiltzen bada, are, hiltzen badute, gorakada izugarria izaten duela botoetan. Eta neba-arrebak edozer egiteko prest dira hauteskundeak irabazteko.