Alessandro Ruta

Pasolini, misterioa eta koherentzia

Italiako idazlea oso figura garrantzitsua izan da XX. mendean. Modernotasuna gorroto zuen, baina modernotasunari esker oraindik oso ospetsua da. Bizirik zenean, ordea, aurkariek hereje gisa hartu zuten.

Pasoliniren argazkiak, Erromako kale batean, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta.
Pasoliniren argazkiak, Erromako kale batean, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. (Tiziana Babi | AFP)

Sekula ez du hainbeste lagun izan Pier Paolo Pasolinik, hil zenetik: 1975tik aurrera, alegia, hasi dira batzen eta batzen. Orain dela ehun urte jaio zen Italiako intelektualik eskandalagarriarena eta bizirik zela aurkariak batu zituen gehienbat, hamaika.

Herejea zen PPP, gustoko izan arren guztiz beharrezkoa zen ahots baten jabe: «Nik ez daukat burgesekin harremanik –aipatu zuen behin Pasolinik–, baizik eta intelektualekin eta jende pobrearekin, horiekin baino ez».

Gaur egun denok gara nolabait Pasolinizaleak, normalizazioa eman da. Denok bere hitzak erabiltzen dituzte, zenbait testuingurutan; Bolonian jaiotako idazlea betirako modan egongo dela suma daiteke. Baina oraindik ere misterio konplexu bat da ‘Paolo’; horrela deitzen dute bere lagunek.

«Hemen egongo balitz»

«Batez ere poeta bat galdu dugu, eta mende batean honelako bat edo bi bakarrik jaiotzen dira, ez besterik. Poeta sakratu eta ukiezina izango litzateke. Atzera begiratuko dugunean, XX. mendera, Pasolini, besterik ez dugu gogoratuko». Honakoa adierazi zuen Alberto Moravia eleberrigileak, Pasoliniren lagunik estuenetako bat, PPPren heriotza gertatu eta gero.  

Baina zer zen Pasolini, benetan? Poeta bat, bai, orokorrean. Honezaz gain idazlea, kazetaria, zinegilea, komunista militantea, futbolzale amorratua eta homosexuala. Oso pertsona bitxia, zalantzarik gabe: «ausarta»  Fulvio Abbateren ustez, intelektualaren biografia baten egilea (“Pier Paolo Pasolini raccontato ai ragazzi”).

Italiako eskoletan Pasolini ez da irakasgai, zabalegia dela aipatzen da aitzakia gisa

 

Italiako eskoletan Pasolini ez da irakasgai. Aitzakia gisa esaten denez, hori ez da ikasketa programetan sartzerik, zabalegia baita. Izan daiteke, bai, institutuan normalean dana Bigarren Mundu Gerrarekin bukatzen baita, Italian behintzat. Baina Unibertsitatean ere nahiko zaila da Pasoliniri buruzko ikasketaren bat entzutea: zinemarekin lotura baldin badago bai, bestela ez da agertzen.

Baina, zenbat aldiz «hemen PPP egongo balitz, zein interesgarriak izango lirateke bere hausnarketak!», entzun izan dugu. Pasoliniren esaldiak gogorrak ziren eta gehienak norabide egokiaren aurkakoak. Gorroto zuena oso argi zegoen, bera gorroto zutenak ere agerikoak ziren.   

Kontsumismoaren tresnak

Telebista, adibidez: «Masa hedabide bat da, guztiz antidemokratikoa, goitik behera beti harremanak mantentzen dituelako. Eta produktu bihurtzen gaitu». Hau gaur egun onar dezakegu, baina 1971. urtean, esate baterako, guztiz iraultzailea zen, batez ere Pasolinik pantaila txikitik salatzen baitzuen.

Telebistak eragin zituen aldaketak dagoeneko Umberto Ecok azpimarratzen zituen, baina azken hau irakasle moduan. Izan ere Alessandriako semiologoak ohartzen zuen hedabide hartan pertsona arruntak eta erdipurdikoak agertzen zirela, batez ere: Ecoren tonua nahiko ironikoa zen, eta ez zuen zerikusirik Pasolinik erabilitakoarekin.

Alfabetatze arazoz eta atzerapenez betetako Italia batean PPPren ustez telebista zen kontsumismoaren tresnarik eraginkorrarena. «Faxismoak lortu ez zuena azken 5-10 urtetan gertatu da: izugarrizko onespena», salatu zuen.

Telebistak, kotxeak... Pasoliniren ustez Italia ez zegoen hain industrializatua izateko prest

Honezaz gain, telebista bai tresna bai «sari» gisa ikusten zuen idazleak: gero eta jende gehiagok etxean izan nahi zuenez, gero eta jende gehiago beharrezkoa zen egiteko, lantegietan. Telebistak, kotxeak... tresna modernoak: Pasoliniren ustez Italia ez zegoen hain industrializatuta izateko prest, ohiturak oraindik nekazaritzara eta eskulangintzara bideratuta baitziren.

Hegoaldetik Milanera edo Turinera milaka eta milaka etorkin joaten ziren lan industrial bila, baserriak utzi ondoren. Gizartea erabat aldatzen ari zen, «Eztanda Ekonomikoa» delakoan milioika lira AEBek eman ostean, Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan.

Pasolinik hau antzeman eta dena birlandu zuen. Lehenengoz, nobeletan: “Ragazzi di vita” eta “Una vita violenta”-n mitifikatuko zituen pertsona horiek. Geroztik, bere aurreneko pelikuletan, “Accattone” edota “Mamma Roma”, gauza bera: zinegilearen arabera Italia ez zen inolaz ere paradisu bat, diruz beteta izan arren, baizik eta jende gixajoak eta apalak ezaugarritzen zuen tokia.

Honen erruduna? Bat bakarra: Kristau Demokrazia alderdia, beti boterean, eta faxismoaren eragina kendu ezinean.

“Comizi d'amore”

Egia esan ezin da pasarte gutxi batzuetan laburtu Pasolinik eman zuen guztia. PPPri buruzko ehunka liburu argitaratu dira. Gehiegi ote? Bere nortasunaren edozein alde aztertu, sintetizatu edo kritikatu dituzte: heriotza misterioduna, nobelak, artikuluak, poesiak, ama Susanna eta Alderdi Komunistarekiko harremanak, sortu zuen Friuliko dialektoaren Akademia (Bolonian jaio zen, baina askotan Casarsa della Delizia, Esloveniatik gertu, biziko zen, amaren jaioterria), bere homosexualitatea nola bizi izan zuen, eta abar luze bat. Ia santu bat atera da liburu askotatik. Eta bere heriotza, nola ez, martirio batekin antzekotasun nabarmenak ditu.

Liburu horiek bazterrean utzita, hain zuzen ere Pasolinik gorroto zuena har dezakegu ikasbide gisa: telebista. Bai, inor ez da bera baino mediatikoagoa izan. Programa askotan parte hartu zuen, hamaika elkarrizketa eman zituen, bere filmez gain, noski. Tarteka bere pelikuletan aktore lana egin zuen, “I racconti di Canterbury”-n esate baterako.  

Har dezakegu “Comizi d'amore” (“Maitasunaren mitinak”) dokumentala, esaterako: han Pasoliniren benetako nortasuna azaleratzen da. 1965ko lan honetan zinegileak berak kaleko jendeari elkarrizketa egin zion. Ikerketa bat zirudien, sexuari buruz, baina galderak ez ziren erasokorrak, atzeratuta zegoen Italia hartan. Inozotasuna nabarmentzen zen, produktu oso txukuna zen. Adibidez, hondartza baten, Pasolinik galdetzen zion tipo bati: «Zure ustez sexua ezkontza aurretik egin ahal da?». Eta mutilak: «Ba inor ez da ezkontzaraino birjina iritsiko».

Suabea baina zuzena

Hori zen PPP, lotsarik gabekoa, ameslaria, detaileen zalea. Beharbada gehiegi ikusi zuen eta bakarrik gehiegi borrokatu behar izan zuen, laguntzarik gabe. Erabiltzen zuen lasaitasuna ere azpimarragarria da, hitz egiteko era, oso argia eta zuzena baitzen. Tonu lasaia beti, baina aldi berean irmoa.

«Aurrerapenean sinesten dut, baina ez dut garapenean sinesten, eta batez ere garapen honetan», esan zuen. «Benetako anarkista boterea da, nahi duena egiten duelako”, ere bai». Poliziak ere «pobreen semeak dira», aipatu zuen. Eta hauxe: «Gehien maite dudan jendea lehen eskola maila inoiz bukatu ez duena da, oraindik inozotasunari eusten diolako».

Burgesiak erabili du azkenik. Demokrazioetan ohiko estrategia bilakatu da hori, normalizazioa deitzen da. Honela, gaur egun PPPren esaldiak aski ezagunak dira, eta bere aurpegia ere. Agian kontexturik kanpo, baina edonon daude.

Emile Zola eta Yukio Mishima ekartzen ditu gogora Pasolinik

Niri beste bi intelektual ekartzen dizkit gogora: Emile Zola frantziarra eta Yukio Mishima japoniarra. Zola bezala, Pasolini oso ausarta izan baitzen, eta jende pobrea, edo nolabait inozoa, erakutsi baitzuen. “J'accuse” bat ere idatzi zuen, “Corriere della Sera” egunkarian, Kristau Demokrazia salatzen, “Io so” (“Nik badakit”) ezaguna. Eta Mishimari dagokionez, biak anti-modernoak eta anti-burgesak zirelako, eta zeresanik ez oso «mediatikoak» aldi berean; pentsa japoniarra nola hil zen, ia zuzeneko emanaldi baten, telebistan, bere buruari harakiria egiten. Jakina, Mishimak «eskuinetik» ezdabaidatzen zuen, japontasunaren izenean.

Seguraski Pasolinik Italia desberdin batean jarri zuen bere ikuspegia. Batzuk maite zuten eta batzuk gorroto zuten, epaiketa eta zentsura askotan jasan izan zituen, baina ez zuen inoiz jarrera aldatu. Koherentziari eutsi zion batez ere, Italiako bizitza honela irauliko zuelakoan.