NAIZ
Gasteiz - Madril

Martxoaren 3ko sarraskia argitzeko ikerketa batzordea eskatu du Kongresuan EH Bilduk

Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia argitzeko asmoz, ikerketa batzordea osatzeko eskaera egin du koalizio abertzaleak Madrilen. Oraindik ikerketa bakarrak ere ez duela aurrera egin, eta biktimek, 46 urte geroago, justizia eskatzen jarraitzen dutela gogorarazi du EH Bilduk.

Urtero legez, iragan martxoaren 3an manifestazio batek oroitu zuen sarraskia Gasteizen.
Urtero legez, iragan martxoaren 3an manifestazio batek oroitu zuen sarraskia Gasteizen. (Raúl BOGAJO | FOKU)

EH Bilduk  ikerketa  batzorde  bat  sortzeko eskaera  aurkeztu  du  ostiral honetan Madrilgo  Kongresuan, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia argitzeko asmoz. Egitasmo horrekin, koalizioak Martxoak 3 elkarteak eginiko aldarrikapen etengabeei erantzun nahi die, erantzuleei dagozkien erantzukizunak argitzeaz gain.

«Polizia Armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartzea eta erantzukizuna ikertzea da batzordearen helburu nagusia», adierazi du koalizioak ohar bidez. Halaber, Madrilgo Gobernuaren ezagutza, inplikazioa eta erantzukizun maila argitzea, zuzenean inplikatutako ministroen (Rodolfo Martín Villa, Manuel Fraga Iribarne eta Alfonso Osorio) balizko inplikazio penala ezagutzea eta  martxoaren 3ko biktimen eta euren senideen aitortzan, erreparazioan eta egiaren bilaketan aurrera egiteko baliabideak eskaintzea.

Hain zuzen, EH Bilduk ohartarazi du gaur egun, gertakarietatik lau hamarkada baino gehiago igaro diren honetan, ez dute inor epaitu eta estamentu ofizialetan oraindik ere diktadura frankistak inposatutako bertsio ofiziala da nagusi, biktimak kriminalizatzen dituena.

Babesa ez da aski

«Sarraskiaren 46. urtemugarekin batera, Martxoaren 3ko biktimek beste dei bat egin dute hitzetatik ekintzetara  pasatzeko  eta  gertatutakoa  argitzeko  eta  justizia  egiteko  beharrezko  mekanismoak martxan jartzeko», gogoratu du EH Bilduren Arabako diputatu Iñaki Ruiz de Pinedok.

Azken urteotan biktimek izan duten babes instituzional eta politikoa nabarmendu behar den arren, adierazpen horiek ez dira aski izan mekanismo  eraginkor bihurtzeko eta erantzukizunak  argitzeko. Uneotan, irekitako auzibide bakarra da 2010ean Maria Servini epaileak Argentinan zabaldu zuena frankismoaren krimenen aurka. Justizia espainiarrak uko egin dio behin eta berriz kereila horri laguntzeari, eta sarraskiarekin zerikusia duten dokumentu guztiak sekretupean gorde dituzte.

Ohar berean koalizioak gogoratu du duela gutxi, gosari informatibo batean, Sindikatu Harremanen ministro izan zen Rodolfo Martin Villak onartu zuela sarraskiaren «arduradun politikoa eta penala izan zitekeela». Jarraian, EH Bilduk Kongresuan Villaren presazko agerraldia eskatu arren, eskaera atzera bota zuen Kongresuko Mahaiak, egungo gobernuko kidea ez zela eta haren aurkako ikerketarik abian ez  zegoela argudiatuz.

«Bistan da Martin Villak gertatutakoa argitzen lagunduko lukeen informazioa  duela, eta EH Bildutik ez dugu amore emango Martxoaren 3ko biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko ahaleginean», gaineratu du Ruiz de Pinedok.