Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Antsietate pandemikotik antsietate nuklearrera

Azken hamarkadetan lehen aldiz, arma nuklearren erabilera mahai gainean dago. Ez dakigu jokoen teoriaren barruan ulertu behar den mugimendua den, disuasio-neurri soil bat. Baina duela hilabete ia inork ez zuen uste Vladimir Putinek gerra deklaratuko zuenik, eta horrek kezka logiko bat sortzen du: orduan benetan ari zela aurreikusteko gai izan ez baginen, nola esan dezakegu orain armategi nuklearraren erabilera ez dela inola ere ez bere kalkuluetan sartzen?

Garai hauen propioa den abiaduran, antsietate pandemikotik antsietate nuklearrera igarotzen ari gara. Gaiaz ezagutza zuzena eta sakona dutenei entzuteak beldurra eragiten du. Hori kudeatzen asmatu behar da, gaur egun, jendeak informazio jakin bat zenbateraino digeritu dezakeen erabakitzea ez baita erraza. Gutxienekoa, nire ustez, jendea heldu gisa tratatzea da.

Arma Nuklearrak Indargabetzeko Nazioarteko Kanpainari (ICAN) Bakearen Nobel saria eman zioten 2017an. Beatrice Fihnek, ICANeko presidenteak, egungo egoeraren arriskuak aztertzeko topaketa antolatu zuen aurrekoan. Patricia M. Lewis, Pavel Podvig eta Kjølv Egeland adituak bildu zituen.

Podvigek adierazi zuenez, armategiak aktibatzeko protokoloaren inguruan gardentasun falta dago. Putinen zenbait adierazpenetan jokabide erasokorra baino gehiago defentsarakoa ikusten badu ere, tentuz, arriskua egiazkoa dela uste du. Azkenean, protokolo teorikoez haratago, pertsonak eta inertziak dira determinanteak. Horrelako egoera nahasietan «gaizki-ulertuak eta kalkulu erroreak gertatzen dira» –zerrenda luzea da–, eta arma nuklearren eremuan akatsak hilgarriak izan daitezke.

Konplexutasun handiko testuinguruak diren arren, gerrak egoerak sinplifikatzeko joera indartzen du –nirekin edo nire aurka–. Azaldu zutenez, konplexutasun handiko testuinguruetan erabakiek ez diete arrazionaltasun eskema tradizionalei erantzuten. Ondorioz, behin eraso bat abiarazita, zaila da eragile bakoitzaren erabakiak aurreikustea. Lewisek dinamika hauek ulertzeko «arrazionaltasun irrazionala» kontzeptua erabili zuen. Pertsonen eta erakundeen isuri kognitiboak ere aipatu zituen, desinformazioaren eta aurreiritzien ondorioz, aurreikuspen okerrak egin ditzakegulako.

Topaketaren ildo nagusia arma nuklearren disuasio-argudioa gezurra dela izan zen. Lehian dauden herrialdeek mundua suntsi dezaketen armak dituztenez oreka mantentzen dela ez da egia, ezta honela mundu mailan segurtasuna eta egonkortasuna bermatzen direla ere.

Mugimendu honetan “tribuak” ere badirela aitortu zuten, eta desadostasunek borrokaren eraginkortasunari eragin diotela esan zuten. Bileraren ardatza kezka izan bazen ere, gerraosteko agertoki batean aukera-leihoa ireki daitekeela defendatu zuten Fihnek eta Egelandek.

Gurea bezalako herrialde txiki baten patua ez da mahai luze eta imajinario baten gainean munduko geopolitikaren mapak zabaltzea. Irudiak berak psikiatrikoko Napoleonen itxura ematen digu. Ez dugu horretarako ez eskalarik ezta indarrik ere. Baina badira gure borroka historikoekin bat egiten duten mugimenduak, gure balio onenekin lotzen gaituztenak, etorkizunari begira herrialde eta gizarte gisa justuago eta askeago gisa eraikitzen gaituztenak. Arma nuklearren debekuaren aldeko borroka horietako bat izan daiteke, agian. •