Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevista
Gaizka Sarasola Iarzabal
«Intxaurra» antzerki obraren idazlea

«Antzerkiaren alde interesgarrienetako bat kontraesanak erakustea da»

Txistu irakaslea ogibidez, hogei urtetik goiti darama Lesakako Mairu Antzerki Tailerrean antzerkia egiten. Arnasguneak beka jaso du taldeak «Intxaurra» sortzeko.

Gaizka Sarasola, erdian. (Andoni Canellada | Foku)
Gaizka Sarasola, erdian. (Andoni Canellada | Foku) (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka jaso du Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak, “Intxaurra” antzezlana egiteko. Gaizka Sarasola Iarzabalek idatzita du jada testua eta entseguekin ari dira. Biziberritzearen kontzeptua lantzen dute, arnasteko zailtasunak dituen Terexaren eta fruituak itotzen zaizkion bere intxaurrondoaren bidez. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute, heldu den azaroan.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ikastaro bat antolatu zuen 1990eko hamarkadaren bukaeran, gazteentzat, euskarara aisialditik eta kulturatik hurbiltzeko. Gorputz adierazpenaren inguruko ikastaro bat izan zen eta jende pila bat apuntatu zen Lesakan. Talde horretatik hiruzpalau lagun gelditu ziren zerbait egin nahi zutenak eta hortik eratu zen Mairu Antzerki Tailerra. Izenak hastapen horri egiten dio erreferentzia, ez hainbertze tailer funtzionamenduari.

2000. urtean lehendabiziko obra sortu zuten eta ordutik ez diote antzerkia egiteari utzi. Sarasolak idazten ditu antzezlanak, taldea dinamizatzen du eta antzezten ere ibiltzen da. “Intxaurra”-z eta taldean egiten duten sorkuntza prozesuaz mintzatu zaigu.

Fernando Arrabal abiapuntu

Oroitu duenez, hasieran bertze egile batzuen testuak euskaratzen zituzten, baina laster ekin zioten eurenetik sortzeari. «Aurreneko lana Fernando Arrabalen testu bat itzultzea izan zen, ‘Trizikloa’. Bigarrena Zugarramurdiko sorginen ingurukoa zen, baina idazlea madrildarra zen. Hori itzuli eta sekulako muntaia egin genuen herriko dantzariekin. Horren ondotik zerbait xumea nahi genuen eta bakarrizketa batzuk egitea pentsatu genuen. Bakoitzak bere bakarsolasa sortu zuen, eta sei bakarsolas motz elkarrekin bildu genituen».

Hor piztu zitzaion Sarasolari idazten jarraitzeko grina. Bertso idatziak edo abestiren batentzako letrak eginak zituen, baina antzerkiak jarri zuen idaztera. Antzokian nola ikusiko lukeen pentsatuz idazten du: soinuak, isiltasunak, pertsonaiak nolakoak diren, nola mugitzen diren… Batzuetan, Mairuko kideak burutan izaten ditu pertsonaiak eraikitzean. “Intxaurra” azken obra honetan, adibidez, hala izan da. Baina bertze batzuetan ez. Gainera, aldaketak gertatzen dira prozesuan.

Terexa eta intxaurrondoa

Abenduaren 3an jakinarazi zuen UEMAk beka jasoko zutela. Gaizka Sarasola txistu irakaslea da Lesakako musika eskolan eta oporrak baliatuta idazten jarri zen. Urtarrilaren bukaeran amaitu zuen idazketa eta elkarrizketaren unean taldekideak elkartzen eta lanean hasiak ziren. «Pixkanaka pertsonaia guztiak lantzen hasi ohi gara, denen artean pertsonaia bakoitza nolakoa izanen den bilatzen, batez ere bakoitzak berea uste duena bideratzen. Testua amaitu nuenean irakurketa bat egin genuen, galdetu zidaten bakoitza zein pertsonaia izanen zen eta nik burutan zeintzuk nituen erran nien, baina ez zuela zergatik horrela izan. Momentuz horrekin ados jarri gara eta hala abiatu gara».

Pertsonaia nagusia Terexa da, adineko emakume bat; gaixorik dago, baina bere gaixotasunarekin baino kezkatuago dago bere etxe atariko intxaurrondoaren eritasunarekin. «Gertatzen ari da, gure etxean ere bai: onddo bat sartzen zaie. Intxaurrak lurrera erortzen dira baina ez dute kanpoko azala galtzen eta, aunitzetan, ez badituzu segituan kentzen, usteldu egiten dira».

Terexaren kezka nagusia da nola sendatu intxaurrondo hori. Bere bilatze horretan pertsonaia batzuk agertzen zaizkio: tarteka medikuak bisitatzen du, bere egoerarekin kezkatua dagoelako, eta Xorrotxa umetako laguna ere etortzen zaio, munduan zehar aberastasunak eta bizia bilatzen ibili eta herrira bueltatu dena. Bere garaian zorrotzailea zen. Bi pertsonaia erreal horietatik aparte iraganeko hiru mamu azaltzen zaizkio: ama, hila dagoena; osaba, ez zuena ezagutu; eta birraitatxiren lagun bat. Medikuak ez ditu arima edo energia horiek ikusten, lagunak ere ez, baina berak bai eta beraiekin solastatzen da.

Biziberritzearen kontzeptua da obraren muina. Hagitz metaforikoa eta sinbolikoa da, Sarasolaren estiloaren ildotik. Surrealismoa eta absurdoa maite ditu. Lehenengo antzezlana Fernando Arrabalena izateak badu zerikusia bere gustuekin eta idazteko moduarekin.

Kezkak, era sinboliko batean

«Kezka batek eramaten nau antzerkia idaztera. Eta hori plazaratzeko abiapuntua hasierako egoera izaten da. Kasu honetan intxaurrondo bat eta Terexa gaixorik daude. ‘Iluntzen’ obran iluntzen ari da herri bat. ‘Txoriak eta zauriak’-en, basoan ezkutatuak daude bi preso ohi. Errealitateak eramaten nau egoera horiek planteatzera», azaldu du antzerkigileak.

“Intxaurra” honetan beka arnasguneen garrantziaren ingurukoa zen eta horrekin lotuta daude fruituak itotzen zaizkion intxaurrondoa eta arnasteko zailtasunak dituen Terexa. «Ez nuen herri ttikien edo euskararen egoeraren laudorio bat egin nahi, baizik eta arnasgunean arazo bat dagoela adierazi eta nola biziberritu planteatu».

«Antzerkia idazterakoan ez dut soluziorik ematen, sortzen zaizkidan kezka eta galderak jartzen ditut modu sinboliko batean. Publikoak lana egin behar du gero. Ez ditut gauzak garbi uzten, nik ere ez ditudalako. Kontraesanak erakusten ditut».

Deskubritzen eta lotzen

Testua taldekideekin konpartitzean, batzuetan zerbait kentzen dute, gehiegi delako. Sarasolak nahiago du aunitz idatzi, gero kentzeko. Zenbaitetan suertatzen da esaldiren bat aldatzea ere, jendeari pista gehiago emateko. Baina sortzaileari ez zaio sobera gustatzen pista gehiegi ematea, nahiago du ikusleari interpretatzeko utzi. Kideek ere testua ikasterakoan erranahiak deskubritzen dituzte; idazleak berak ere bai. «Logika du honek», erraten du orduan. «Deskubritzen joaten naiz, ez dut aldez aurretik pentsatua, nahi gabe bezala lotzen da, sortzen joaten da».

Hasierako planteamendua bai, pentsatzen du. Ordurako denbora darama gaia buruan duela. Zerbaitekiko kezka badu apunteak hartzen ditu, eskuz, koaderno handi batean. «Adibidez, intxaurrondoaren gaixotasuna Terexarekin lotuko dudala pentsatzen dut. Noizbait esaldi polit bat gogoratzen zait eta idazten dut, pertsonaia batentzat edo bertzearentzat. Irudiak ere bai. Mezua izaten ahal dutenak, edo indarra. Soinu bat. Apunteak egiten ditut: esaldiak, gaiak, zalantzak… Gero, ikusten dut gai bat bertzearekin lotzen dela. Mapa batzuk egiten ditut. Baina batez ere buruan gordetzen ditut gauzak. Apunte horiekin guztiekin trama zein izaten ahal den pentsatzen dut. Eszenaka sartzen ditut gertaera nagusiak edo indarguneak».

Antzerki liburuak

Idazterakoan soinuak ere iradokitzen saiatzen da. Gero, Ibai Gogortza soinu teknikariak bere ekarpenak egiten ditu. Idazterakoan ikusleari ailegatuko zaiona uste duena izaten du buruan. Azkeneko aldietan, liburuak argitaratu dizkiotenez, irakurlearengan ere pentsatzen du eta saiatzen da leitzeko atsegina izan dadin. “Erleak, satorrak, beleak” (EDO!, 2016) izan zen plazaratutako lehendabiziko liburua. Azkena, “Zerrakuretan” (Susa-Ganbila, 2021).

Liburuen feedbackik ez duela izan dio. Antzerkiena bai, jakina. Ikusleak gustuko ditu. Testuari buruz, aunitzetan erraten diote sentsazioa dutela zerbait eskapatzen zaiela. «Niri ere gertatzen zait edozein ikuskizunekin. Mami bat dagoela ikusten dut, baina ezin naiz dena ulertzera ailegatu, egin duenaren intentzio denen gibelean zer dagoen ezin dut jakin. Koadro batean bezala da».

Azaroan estreinatuko dute “Intxaurra”, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. «Normalean erritmo pausatuan ibiltzen gara lanean, urte eta erdi-bi urte pasatzen ditugu obra batekin, patxadaz hartzen dugu. Oraingoan intentsoago egin beharko dugu, hamar hilabetez».

Zabaltzeko aukera

Bekak aukera emanen die behinik behin emanaldi kopuru jakin bat egiteko. «Guretzat inportantea da. Lanak sortzen ditugu, baina gero emanaldiak lortzea zaila izaten da. Zorionez, antzerki aunitz egiten da Euskal Herrian; baina zirkuitua, zoritxarrez, ez da hain handia. Taldeen sortze lanak ez dira leku aunitzetara ailegatzen».

Denek bezala, gehiago zabaltzea nahiko luke Mairu Antzerki Tailerreko kideak. «Denbora bat eskaintzen diot eta jende gehiagok ikusteak ilusioa egiten dit. Orain, gehiago zabaltzeko aukera izanen dugu eta lana gustukoa bada agian hurrengoa publikoarengana ailegatzea ere errazagoa izanen da».

1970eko hamarkadan jaiotako kideek osatzen dute Mairu. Sorreratik lauk jarraitzen dute taldean, bertze bi hurbildu ziren segidan, bertze bi geroxeago… Irakasleak dira gehienak, baten bat behargina eta bertze bat fabrikako enkargatua. Asteburuetan elkartu ohi dira. Gaizka Sarasolak dinamizatzen ditu saioak. Gero, Manex Fuchsekin biltzen dira eta berak zuzentzen du obra.

Txondorra

Lesakan erranahi handia dute Olentzerok eta txondorrak. Antzerki idazleak konparazio polita egin du ikatza egiteko prozesuaren eta Mairuren sortzeko eraren artean. «Txondorrari alkatea paratzen zaio, egitura bat gero hortik arnasteko. Hori da gaia edo abiapuntua, hasierako egoera. Ondotik, egur mardulenak jartzen zaizkio hurbilean. Apunteak hartzerakoan dituzun albo gai horiek dira. Gero, diagonalean erradio gisako batzuk jartzen dira lurrean, hor dituzu pertsonaiak. Aunitzetan euren elkarrizketek egoera batzuetara eramaten zaituzte, zalantza eta dilemetara. Batzuetan esaldiak dituzu pentsatuak, irudiak, baina idazten hasi eta pertsonaiak ez zaitu hara eramaten. Eta alderantziz: pentsatu gabeko ideiak sortzen dira. Lurra paratu eta hostoarekin estaltzen duzu: soinuak, argiak… Forma bat ematen diozu. Gero sua ematen diozu. Orduan, sortu duzun dena abailtzen da eta bertze zerbait bihurtzen da: ikatza, emanaldia».

Orain hasi dira sua pizten, entseguetan. «Biluzik gaude».

Elkarrizketak

Berarentzat, antzerkiaren alderik interesgarrienak elkarrizketak eta denbora osoan sortzen dituen kezkak dira. «Nire kontraesanak bilatzen ditut. Pertsonaia batek ideia bat planteatzen du, baina bada aukera bertze batek kontra egiteko. Nire egiei bertze pertsona batek bere zalantzak paratzen dizkio».

Idazketan dena irudikatzen saiatzen da eta horrek sortzen laguntzen dio taldeari. «Badugu oinarri bat, nondik lantzen hasi. Ez balego hain zehaztua, zerotik lan gehiago eginen genuke. Horrek ona du sortzeko eta inprobisatzeko aukera, baina fruituak emateko esperimentazio hori nahiko jarraitua izan behar da eta gu tarteka elkartzen garenez, lan saio bakoitzak jada emaitza batzuk izatea behar izaten dugu». Bi ordu edo bi ordu eta erdiko saioak izaten dira, Lesakako Harriondoan eta, batzuetan, Berako kultur etxean.

«Gure ogibidea ez denez, aske gara nahi dugun hori egiteko, gure muga eta ezintasunekin. Nik ikusi nahiko nukeen hori ahalik eta hobekien egiteko aukera ematen dit. Idazten badut zerbait ikusten ez dudalako da», agertu du Sarasolak. Mairuk badu bere nortasuna. Amateur izate horrek laguntzen du horretan, ez dutelako begiratu behar salgarria den ala ez.

Mairuren nortasuna

Zeintzuk dira Mairuren bereizgarriak? «Testuari garrantzia ematen diogu. Nahiko antzerki fisikoak egiten ditugu, pertsonaien fisikotasuna lantzen dugu. Antzerki herrikoia da. Sortzen ditugun pertsonaia horiek nahiko identifikagarriak direlako. Herriko egoeretatik aunitz jasotzen dugu. Tradizioei ere keinu bat egiten diegu, eta lan nahiko metaforiko eta sinbolikoak ere badira. Gaiak sozialak eta politikoak dira».

Elementuren bat errepikatzen den galdetuta, karroak eta itzali eta pizten diren argiak aipatu ditu. «Badut sentsazioa aunitzetan beti gauza berdina idazten dudala, baina kanpotik erraten didate: ‘Ez, ez, erabat diferenteak dira’».

«Antzerkia errealitate zatiak dira, baina bertze espazio eta denbora batean kokatuak. Sortzerakoan ikusten dudana irudikatzen dut. Hori antzerkia da?», jarraitu du gogoetarekin. “Talaka” bakarrizketaren bukaeran galdera hori egiten du. «Ikuslearekin zalantzak edo tentsioak sortzea gustatzen zait. Tentsio egoera horiek eragiten ditut, errateko: ‘Adi egon’».

«Gure antzezlanik luzeenak orain dira; lehenagokoak laburragoak ziren. Orain iduri du 45 minutu edo ordubetetik goiti ez dela egoten publikoa, baina guk modei ez diegu kasurik egiten. Gaur egun antzerkian aunitz erabiltzen da atrezzoak hagitz mugikorrak izatea, dinamismo bat edukitzea. ‘Iluntzen’ gure aitzineko obran planoa da atrezzoa, eta erritmoa hagitz lasaia da. Testuak eskatzen zuena eta guk nahi genuena zen».

Hogei urteko ibilbidean aldaketak egon dira. «Hasteko, gazteagoak ginen eta orain zaharragoak, eta horrek eragina badu. Garaiak beti eragiten du, baina ez dut uste kontzienteki egin ditugun aldaketak direnik. Unean atera zaiguna eta egokiena iruditu zaiguna egin dugu».

Antzezle ere bai

Azken obra honetan, “Intxaurra”-n, Terexaren osaba izanen da Sarasola. Antzezle ere aritzen baita, nahiz eta bere burua ez duen aktoretzat. «Ni txistularia naiz», dio. Eta antzerki idazlea? «Orain jada agian bai –irriz–. Baina zer naizen galdetzen badidazu, txistularia naiz».

Antzezten ere gozatzen du, baina gehiago idazten. «Idazterakoan pertsonaia irudikatzen dut, mugimenduak… eta hori antzeztea tokatzen zaidanean nire mugak ikusten ditut. Idazten dudan pertsonaia gehiago gustatzen zait antzezten dudana baino. Antzezten hasterakoan egin behar den lehenbiziko gauza idazlea hiltzea dela diote. Niri zaila egiten zait».

Irudikatzen duguna ez da beti politagoa? «Beti ez. Oholtzan egotea gustatzen zait, aktore bezala. Kanpotik gehiago sufrituko nuke. Pena ere ematen dit kanpotik ez ikusteak. Aukera izan dudanean grabatu eta ikusteko, zer polita!».