NAIZ

Zabalik da sortzaileei zuzendutako jardun artistikoen hirugarren edizioa

Hiru hilabetez, 16 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta, Jardun Artistikoentzako Institutuaren hirugarren edizioan. Tabalakeraz eta Artium Museoaz gain, Jorge Oteiza Fundazio Museoak ere bat egin du.

Jardun artistikoetan parte hartzeko deialdia Tabakaleran aurkeztu dute.
Jardun artistikoetan parte hartzeko deialdia Tabakaleran aurkeztu dute. (Jardun Artistikoentzako Institutua)

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak; Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak sortzaile profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honek ekainean hasiko du ibilbidea. Praktika artistikoa izango da programaren muina; ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

Sustatzaileek ostegun honetan Tabakaleran egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez, aurten Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoak ere bat egin du egitasmoarekin. Fundazio Museoa artistaren bilduma pertsonala jasotzen duen espazio monografikoa da, Nafarroako Altzuza herrian, Iruñetik bederatzi kilometrora. JAI egitasmoari paisaia berrietara irekitzeko aukera eman dio elkarlan honek, hirigunetik landa eremura hedatzekoa. «Testuinguru horrek bestelako eragin bat gehitzen dio artearen esperientzia praktikoari; eta era berean, proiektu pedagogiko esperimental honen oinarriak lurraldean sendotzen dira».

Prestakuntza saioak Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean izango dira, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek banakako jarraipena egingo diote euren lanari. Gainera, abuztuan egun batzuk igaroko dituzte Altzuzan eta programaren zenbait jarduera Artium Museoan egingo dira.

Deialdia

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da ostegun honetatik apirilaren 14ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren (tabakalera.eus), Artium Museoaren (artium.es) eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren (museooteiza.org) webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena.

Hautatutako pertsonek 450 euro ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, ostatua hartzera bideratutako bost laguntza eskainiko dira.