NAIZ

‘Joko arauak alda ditzagun’ lelopean etxebizitzari buruz kanpaina iragarri du EH Baik

Etxebizitza eskubidea dela eta ez espekulazio gaia aldarrikatzea xede duen ‘Joko arauak alda ditzagun’ lelopean kanpaina abian eman du Euskal Herria Baik Baionan Suprefeturak duen egoitzaren aurrean eginiko agerraldi batean, astelehen honetan.

EH Baiko militanteek azken hilabetan zeresan handia eman duten hainbat higiezinen salmentak irudikatu dituzte.
EH Baiko militanteek azken hilabetan zeresan handia eman duten hainbat higiezinen salmentak irudikatu dituzte. (Guillaume FAUVEAU)

‘Saldu, erosi, negoziatu, irabazi’ leloa zuen afixa ezarri dute EH Baiko militanteek Suprefeturaren hesian astelehen honetan. Hain zuzen etxebizitzaren gaineko gurpil zoroa gelditzeko unea dela aldarrikatu nahi izan du ekimen horren bidez ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Anartean, Monopoly jokoaren laukitxoak irudikatuz banderola zabaldu dute, azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian gauzatu diren hainbat higiziezinen salmentak neurriz kanpoko preziotan itxi  dirla agerian jartzeko asmoz.

«Monopolyaren kodeak erabiltzea erabaki dugu, pertsona batzuen jokoa salatzeko asmoz. Izan ere, egun etxebizitzaren bidez espekulatzen duten pertsona batzuk badaude Ipar Euskal Herriko jendartearen parte handi batek etxebizitza duin bat eskuratzeko arazoak dituen bitartean», zaldu dute agerraldian EH Baiko kideek.

Azkenaldian herri protesten bidez ezagutarazi diren hainbat salmenta irudikatu dituzte Monopoly berezi horretan. Bigarren etxebizitzen kontrolik gabeko hazkundeak sortzen duen desoreka jokoa baino errealitate gordina dela herritar askorentzat era horretan salatuz.

Hala, Lakarrin borda baten truke 352.00 euro ordaindu dutela eta Baigorrin 899.000 euroan saldu dela etxe bat nabarmendu dute banderola horretan.

«Bigarren etxebizitzen kontrako borroka azkartzea»

‘Joko arauak alda ditzagun’ hori izanen da Euskal Herria Baik gaur arratsaldean Lapurdiko hiriburuan aurkeztu duen kanpainaren lema nagusia.

«Lorpen konkretuak bideratuko dituen kanpaina berri bat irekitzen dugu, espekulatzaileei bidea mozteko eta biztanleek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea ukan dezaten aterabideak gure esku direla erakusteko», azaldu dute EH Baiko bozeramaileek.

«Kanpaina honek datozen asteetan ekintza berriak antolatzera eramango gaitu, eta hauteskundee legegileak ere aukera bat izango dira joko arauak aldatzeko proposamen zehatzat egiteko denek etxebizitza duin bat eskuratzeko gisan», gaineratu dute.

Beste neurri batzuen artean alokairuen arautzea galdeginen dute EH Baiko ordezkariek kanpaina horren bidez.

Izan ere, alokairu turistikoei muga jartzeko Euskal Elkargoak iragan apirilaren 5ean gehiengo zabal batez onartu zuen arau berriaren osagarriz, alokairuen prezioa arautzeko beharra mahaigainean jarriko du EH Baik kanpaina berri honen bidez.

Tentsiopean den zonaldea galdetuko dute, hala Euskal Ekargoak aitzineraturiko konpensazio sistema bertze haninbat herriren esku jartzeko asmoz. Sistema horren arabera alokairu turistiko bakoitzaren truke bertze etxebizitza bat jarri behar du jabeak hala merkatuan urte osorako alokairuen eskaintza emendatuz.

«Bigarren etxebizitzen kontrako borroka azkartzea galdegiten dugu, egoiliar estatutuari buruzko azterketa juridiko bat eginez», azaldu dute EH Baiko kideek Suprefeturaren aitzinean eginiko agerraldian.