NAIZ

Bizkaia Hari Gorria jaio da, memoria lanabes hartuta gaurkoa borrokatu eta biharkoa eraikitzeko

Bizkaia Hari Gorria dinamika herritarra aurkeztu dute Durangon. Izena duenak izana duenez, hiru hitzek egiten dituzte partaideak: Bizkaia, hainbat borrokaren subjektua; etenik gabeko haria, etsitzen ez duen herri bat; eta gorria, bizia, alaia, indartsua. Ekainaren 18an jarri dute hitzordu nagusia.

Bizkaia Hari Gorria dinamika herritarraren aurkezpena, Durangon
Bizkaia Hari Gorria dinamika herritarraren aurkezpena, Durangon (Aritz Loiola | Foku)

Bizkaia Hari Gorria dinamika herritarraren atzean ez daude norbanako edo antolakunde batzuk, mugimendu bat baizik. Hainbat lagunen bilgunea da larunbat honetan Durangon aurkeztu dutena. Gazteak elkartu dira, langileak, udaletako kideak... Hala irudikatu dute badagoela hari gorriari zeinek tiratu.

«Zintzotasunez» aurkeztu dute euren burua: «Garena gara, eta ezkerretik, herri honen geroa garatzeko bitarteko izan nahi dugu». Dinamika irekia da eta printzipio hauekin bat egiten duen edonork lekua izan dezake. Datozen hilabeteetan hazten joatea da asmoa. Ekainaren 18an jarri dute zita nagusia eta bidean batzen joango diren lagun guztiek osatuko dute hari gorria.

Durangoko Santa Ana plazan egin dute lehen urratsa, larunbat eguerdi honetan. Datorren ostegunean, martxoak 31, izango da bonbardaketaren urteurrena eta «zutik gaude» adierazi dute.

Bertze efemeride baten testuinguruan jaio da dinamika. 85 urte dira Bizkaiko frontea erori zela. Baina horrek ez du esan nahi iraganari heldu nahi diotela soilik. «Memoria lanabesa da guretzat; nondik gatozen jakiteko bakarrik ez, gaurkoa borrokatu eta biharkoa eraikitzeko tresna delako. Hortik abiatzen gara».

Bizkaia, «borroken subjektu»

Nabarmendu dutenez, 85 urteotan «borrokak ez du etenik izan. 37an galtzaile atera arren herri honek jakin izan du berriz jaikitzen eta borroka era ezberdinetan lantzen askatasunerako. Gaurko errealitateari begiratuta, Bizkaia borroka subjektu izan da kokaleku baino».

«Ezinezkoa zaigu gure herriaren atzoko, gaurko eta biharko jarduna ulertzea Ezkerraldeko Labe Garaien borrokarik gabe; Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edo Erandioko kutsaduraren kontrako protesta barik; Basauriko 11 emakumeak;
Euskalduna… Gertaera hauek, eta askoz gehiagok-,zentzu osoa ematen diete gaurko mugimendu feministaren hedapenari, pentsionisten erresistentziari, osasun sistema publikoaren defentsari, langileen eskubideen aldarrikapenei...», aldarrikatu du ekitaldian hitza hartu duen kideetako batek, Ibai Altzagak.

Etenik gabeko haria

Beste lagun batek, Karol Suarezek, haria deskribatu du: «Etenik gabekoa; harri eta herri bilakatu dena. Sufritzen badakigu, historiak hainbat aldiz erakutsi duen bezala. Baina ez dugu etsitzen; izan, bagarelako mila eta bat aldiz altxatzen dakigunak. Nondik gatozen badakigu, eta kontzienteak gara galtzaileen zamek itotzeko arriskuak beti egon direla presente, eta egoten jarraituko dutela. Baina borroken lurraldea izateak itxaropentsuak egiten gaitu. Gaur egun ere, herri sektore borrokalari ugari daudelako, eta badaukagu garaipenen ortzi-mugak eskaintzeko aukera; umil, abegitsu, sinesdun. Aitortzarik barik joan ziren haiengatik gaude gu hemen, puntada berri bat emateko».

Gorria, Ibarruri eta Agirre

«Gorria: Bizia, indartsua, alaia, kolektiboa. Ez gaude Dolores Ibarruri edo Jose Antonio Agirre alboratzeko prest; biak ala biak antifaxistak zirelako, eta gaurko eskuin muturrak dakartzan gorroto ideien aurrean, pertsonen, komunitateen edota herrien emantzipazioan gauden gehiengo zabalarentzat urtokiak izan daitezkeelako», erantsi du Suarezek.

«Herri hau ez da zerotik hasten. Badaukagu nondik ikasi, gaur geure buruak edukiz janzteko eta garaiko erremintekin eraberritzeko».

Ekainaren 18ko mobilizazio-ekimena

Larunbat honetan abiatu dutenak hurrengo hilabeteetan askotariko txoko, herri eta eremuetan isla izatea nahi dute. Esan bezala, hitzordurik garrantzitsuena ekainaren 18an izango dute, larunbata, Bilbon. «Data gorde, izango garena gure esku dagoela ohartzeko plaza izango baita», abisatu du Altzagak.

Ez da soilik manifestazio bat izango, lanketa honen isla baizik, aldarrikapena eta alaitasuna batuko dituena. Ekainaren 19an Bilboko erorketaren efemeridea da, eta bezperan erakutsiko dute Bizkaiak segitzen duela borroken lurralde eta subjektu izaten.