NAIZ

Mairin Mitchell kazetari irlandarra, euskal herritarron kronikaria

Mairin Mitchell kronikari irlandarrak ‘Acurioren odisea’ idatzi zuen; bertan Elkanoren kontramaisu izan zen nabigatzaile bermeotarraren abenturak kontatu zituen eta Gerra Zibileko umeekiko interesa azaldu zuen.

Marin Mitchell kronikariari buruzko erakusketa aurkeztu dute Euskal Herria Museoan.
Marin Mitchell kronikariari buruzko erakusketa aurkeztu dute Euskal Herria Museoan. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Mairin Marian Mitchell (1895-1986) irlandar kazetari eta idazlea izan zen, batez ere gai politikoetan, itsas gaietan eta historikoetan. Gutxi ezagutzen da hari buruz, baina amona bat Ipar Euskal Herrikoa izan zuela-eta, lotura oso sendoa zuen Euskal Herriarekin. Erakusketa batek haren figura gogoratuko du Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan.

1958an ‘Acurioren odisea’ eleberria argitaratu zuen Mairinek, Elkanoren kontramaisu bermeotarra protagonista zuela. Euskal nabigatzaileei buruzko kronika ugari idatzi zituen eta harreman estua izan zuen euskal kulturako hainbat pertsona esanguratsurekin, hala nola, Jose de Artecherekin, Koldo Mitxelenarekin eta Manuel de Irujorekin. Tolosan eta Zumaian ere bizi izan zen denboraldi luzez.

Bermeoko Arrantzaleen Museoaren ‘Acurio eta Elcano. 500 urte geroago’  erakusketaren komisario izan zen Xabier Armendarizek Mairin Mitchell kazetari eta idazleari erakusketa esklusibo bat eskaintzea proposatu zuen.

2023ko otsailera arte ikusgai

Esan eta ekin. Astelehen honetan, Gernikako Euskal Herria museoak ‘Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra’ erakusketa aurkeztu du, 2023ko otsailaren 5era arte erakusgai egongo dena.

Erakusketa bederatzi atal edo arlotan banatuta dago. Erakusketak azalpen-panelak, Mitchellek bere lagun Cecilia Garcia de Guiarteri oparitutako objektu pertsonalak edota kazetariak eskuz idatzitako oharrak dituzten argitalpenak jasotzen ditu, besteak beste. Gainera bisitariek Mitchellek berak Arrantzaleen Museoko ohorezko liburuan idatzi zuen esaldia irakurtzeko aukera izango dute: «Mairin Mitchell, irlandar bisitari baten esker onarekin herri handi batengandik, Bizkaitarrengandik, jasotako maitasun guztiagatik».

Erakusketa osatzeko, bisita gidatuak eta Xabier Armendarizek eskainitako hitzaldi bat bezalako jarduerak daude. Halaber ‘Acurioren odisea’ liburuaren irakurketa komentatua egingo da. Erakusketa Euskal Herria Museoan amaitu ondoren, bidaiatzeko aukera izango du, izan ere ustezko ibilaldia egiteko diseinatu delako.

Lorea Bilbao Ibarra, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua,  Leire Irazabal Euskal Herria Museoko arduraduna eta Xabier Armendariz komisarioa izan dira aurkezpenean. Bilbaok azaldu duenez, «erakusketa omenaldi xumea da, bere bihotza, lana, ikerketa eta arima berea izan ez arren berekotzat jo zuen herri bat ezagutarazteko jarri zituena emakume bati Euskal Herritik egindako aintzatespena».

Diputatuaren esanetan, «erakusketa Mairin bidean lagundu zuten pertsonen izen propioz eta erretratuz beteta dago, eta, bitxia bada ere, bera argazki bakar batean agertzen. Mairin beti egon zen hor, baina lan nekaezina egin zuen backstagetik, ez zen protagonista izan eta irudietan ez zen bere itxura fisikoa jaso. Aurpegi ezezagunekoa, langile nekaezina eta grinatsua izan zen, beste emakume asko bezala, eta eskerrak eman nahi dizkiogu eta fokuak berarentzat piztu  bere lana goraipatuz eta guztion oroimenean leku bat emanez».

Emakumeak protagonista dituen 22. erakusketa

Bizkaiko museo honek, bere 30 urteko jardunean, emakumea ardatz duen lan-ildoa garatu du bere programazioan, eta 1998tik gaur egun arte emakumeak protagonista izan diren 22. erakusketa programatua da.

Horrela, ‘Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra’ erakusketak historian zehar ezkutatu edo isilarazi diren emakume askoren ekarpena ikusarazi eta  horri buruz hausnartzea nahi du. Euskal Herria Museoaren iritziz funtsezkoa da ahaztutako emakume honi argia eta oihartzuna ematea, eta omenaldi xumea egitea, Euskal Herritik aintzatespena egitea berea ez zen herri bat ezagutarazteko bere bihotz, lan, ikerketa eta arima guztia jarri zuen emakume bati. Manuel de Irujok esan zuen bezala: «Mairin Mitchellek maitasunez aurkezten gaitu munduan».