Andoni Arabaolaza

Euskal korrikalari gaztetxoenek titulu garrantzitsuak eskuratu dituzte

Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan, Gontzal Murgoitio, promesetan, eta Malen Osa, juniorretan, gailendu dira. Nagusietan, berriz, Asier Iñarrak hirugarren postua sinatu du. Euskal Mendizale Federazioaren nesken taldea zilarrezko dominarekin egin zen. Viveiroko mendietan lehiatu zen lasterketa.

Asteburu oparoa izan dute mendi lasterketen denboraldi ofizialean jarduten duten euskal lasterkariek. Atzo, adibidez, Camovi izeneko proba Espainiako Txapelketarako baliagarria izan zen. Eta Euskal Mendizale Federazioaren ordezkariek oso lan txukuna egin zuten. Denera, bina urre eta zilar eta brontze bat ekarri dituzte etxera.

Viveiroko mendietan korritu zen lasterketa ezberdinak ikusgarriak izan ziren oso. Parte hartu zuten mila korrikalariek eguraldia lagun izan zuten, eta, oro har, baiezta dezakegu lasterketa oso azkarrak izan zirela. Nagusietan, adibidez, errekor berriak ezarri ziren; hain zuzen ere, Oihana Kortazarrek (4:27:40) eta Aritz Egeak (3:46:29) zituztenak hobetu ziren.

Gizonezkoen mailan, lehia oso-oso estuak izan ziren indibidualen modalitatean jokatu zen hitzorduan. Lehen kilometroetan talde oso indartsu bat batu zen, baina, 38. kilometrotik aurrera, egoera erabat irauli zen. Bitxia bada ere, 42 kilometroko ibilbidea zuen lasterketa horretan lehen hiru sailkatuak esprintean heldu ziren. Irabazlea Jose Somohano izan zen 3:37:48 denborarekin. Segundo batera Raul Ortiz iritsi zen, eta hamarrera Asier Iñarra. 

Nesken kategoria ezbedina izan zen. Patricia Pinedok lasterketa osoa menderatu zuen. Andaluziarra titulu berriarekin egin zen 4:04:38 denborarekin. Podiumean ez zen euskal ordezkaririk izan; bai, ordea, top-10ean. Maite Maiora bosgarren postuan sailkatu zen, Oihana Azkorbebeitia seigarrenean eta Mayi Mujika hamargarrenean. Korrikalari hauek pilatutako puntuei esker, EMF-ren taldea bigarrena izan zen selekzioen kategorian.

Bi urre

Irakurtzen den bezala, nagusien mailan emaitza onak izan ziren, baina azpimarratu behar da euskal lasterkari gaztetxoenek goi mailako sailkapenak erdietsi zituztela. Promesen kategorian, adibidez, Gontzal Murgoitiok irabazi zuen. 21 kilometroko lasterketan sasoikoena izan zen, eta aipatu behar da ere, Anartz Artola zortzigarrena izan zela. Nesketan, Irene Artazcoz seigarrena izan zen, eta Eztizen Duque zazpigarrena.

Bestalde, juniorrek 14 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Malen Osak garaipen handia sinatu zuen, eta Jone Fuente bosgarren postuan sailkatu zen. Txalotzeko modukoa da ere, maila horretan  Ibai Larreak lortutako zilarra.