Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Eneritz Otamendi
Baserritarra

«Baserritarrok desazkunde kaotiko bat baino, trantsizio ordenatu bat behar dugu»

Abeltzaina eta EH Bilduko Gipuzkoako batzarkidea. Pandemiak, garraiolarien grebak eta gerrak bistan utzi dituzte egungo elikadura sistemaren arrakalak. Baserritarrak ere majo sufritzen ari dira. Zutabeak norbere esku baino, besteen mende egotearen ondorioak.

Eneritz Otamendi, baserrian.
Eneritz Otamendi, baserrian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Lehendik arrastaka zetorren sektoreak kolpe gogorra jaso du azkenaldian. Argindarraren, gasoiloaren eta pentsuaren igoerak balantzaka jarri du baserriko jarduna eta ekoizle asko galerekin ari dira lanean. Eneritz Otamendi Igeldoko Ondazarte baserrian aritzen da “Igeldoko Esnea” ekoizten. «Baserri koskor eta bizigarria» eraikitzeko ahaleginean, eredu trantsizio ordenatu baten aldarria egiten du, erakundeak eta kontsumitzaileak bidelagun hartuta.

«Baserritarrak beti negarrez», entzun izan da maiz. Baina oraingo negarra desberdina ote den...

Bai, nik uste dut hala dela. Jende askok esaten du baserritarrak beti negarrez ari garela, baina urte asko daramatzagu gauzez ohartarazten. Baserria gainbehera batean sartuta egon da azken urteotan, hainbat arrazoi direla medio; gure produktuen truke jasotzen dugun ordaina, belaunaldi arteko errelebo falta... arazo ezberdin asko direla eta, urte asko daramatzagu baserritarrek aldarrikapenak eta ohartarazpenak egiten. Baina uste dut oraingo egoera ez dugula ezagutu inoiz –ni neure adinetik ari naiz noski–. Egoera oso-oso larria da, denbora gutxian argindarraren prezioa hirukoiztu egin da, gasoiloarena asko garestitu da eta, orain, pentsua. Baserri askotan oso oinarrizko beharrizana da pentsua, daukagun nekazaritza ereduagatik. Txekorrak gizentzeko, esnea ekoizteko, arrautzak ekoizteko... pentsua behar dugu eta izugarri garestitu da. Martxoan gu geu esnea saltzen aritu gara galeretan. Urte hasieran esnearen prezioa igo genuen, udatik hona zetorren errealitateari egokitzeko. Baina martxoan, bat-batean, egoera izugarri aldatu da eta berriro igo behar izan dugu esnearen prezioa. Egoera hain da larria, une honetan daukagun testuinguru honek bi edo hiru hilabetetan irauten badu, baserri asko itxi egingo direla. Errealitatea hori da. Galerekin lanean aritzean zorretan sartuko da baserritar asko. Lehendik inbertsioak egiteko zorrak bazenituen eta orain hau, egoera jasanezin bihurtzen da. Batekin eta bestearekin hitz eginda sumatzen da baserrietan jendea oso kezkatuta eta gaizki dagoela.

Azken urteotan baserri askotan inbertsio garrantzitsuak egin dira. Ondazarte baserrian bertan, berrikuntza teknologiko dezente egin dituzue.

Duela hogei urte etorri nintzen ni hona. Gure kasuan inbertsioak, bizirauteko baino gehiago, gure bizitza duintzeko asmotan egin ditugu. Inbertsio garrantzitsua izan zen, adibidez, behiak jeizteko robota jartzea, eta horrek aldatu digu bizitza neurri batean. Hain ordutegi lotuak ez izatea ekarri digu eta behiak jeizten egunero goizetan eta iluntzetan pasatzen genituen bi ordu pasatxo horiek beste eginbehar batzuetara bideratzeko aukera ematen digu.

Baina uste dut lehenagotik datorren kontua dela egoera honetara ekarri gaituena: zein baserri eredu bultzatu den, nora bideratu den baserri mundua. Errentagarritasunaren balantza horretan, hemengo baserriak gero eta ganadu buru gehiago jartzera bultzatu dira, gero eta gehiago ekoiztu behar horretan. Horren ondorioa da oso baserri mendekoak sortu izana. Dugun lur eremuari lotuta ekoiztu beharrean, lur eremu horrek emango dizunaren baitan ekoiztu beharrean, oso baserri mendekoak egin ditugu eta dena kanpotik erosi behar dugu. Ondorioz, merkatuko prezioaren mende gaude.

Zeren mendeko dira gaurko baserriak?

Gauza askoren mendeko, pentsuarena batez ere eta kasu askotan baita bazkarena ere. Bolak egiten ditugu geure belardietan baina askotan horrekin ez zaigu iristen urte guztirako. Hartara, artoa, bazka... kanpotik erosi behar dugu. Merkatuan orain gertatu denaren moduko leherketa bat gertatzen denean, ezer ez dago zure kontrolpean.

Gure kasuan, gure esnea geuk saltzen dugu, salmenta zuzena egiten baitugu. Baina Euskal Herrian oso baserritar gutxi gara salmenta zuzena egiten dugunak. Gainerako guztiek industriari entregatzen diote esnea. Zuk saltzen duzunari ez badiozu preziorik jartzen, ezta erosten duzun guztiari ere eta, bat-batean, erosten duzun guztiaren prezioa izugarri igotzen bada eta saltzen duzunari ez badiote prezioa igotzen, desoreka handia gertatzen da.

Une honetan kaosa gertatu da eta desazkunde kaotiko bat jasateko ateetan gaude, ez bada ezer aldatzen. Desazkunde kaotiko horretan baserri pila bat itxi daitezke. Baserritarrok askotan aldarrikatu dugu desazkunde kaotiko bat baino, trantsizio ordenatu bat behar dugula. Gure munduak beste eredu baterako trantsizioa behar du eta horrek lagundua eta pixkanakakoa behar du.

Zero kilometroa, elikadura burujabetza... urteak daramatzagu kontzeptu horiek entzuten. Orain, desazkunde kaotiko horretan, gordin eta garbi geratu da bidea horrek behar duela.

Pandemian hasi zen hori igartzen. Jendeak bertakoarekiko sentsibilitate berezi bat azaleratu zuen. Orain, berriz, geopolitikak eta munduko egoerak erakutsi digute pieza txiki batek huts eginez gero, oso baldintzatuta gaudela.

Desazkunde batera kondenatuta gaude; klima aldaketa, gertuagoko egituren beharra... Gertatu dena da oraingo egoerak desazkunde kaotiko bat ekarri digula, kontrolatzen ez dugun desazkunde bat, eta hori denboran luzatzen bada, sektorearen sarea desegitea ekarriko du eta gero askoz zailagoa izango da buelta ematea. Baserriak ixten badira eta jarraikortasunik ez badaukate, alferrik hitz egingo dugu elikadura burujabetzaz, sare hori beharrezkoa delako.

Trantsizio ordenatu bat behar dugu, gaur ditugun baserriak herri bezala guk nahi dugun tokira eramateko eta elikadura burujabetza hori eraikitzeko. Gauza bat da gaur dauden baserriak ez desagertzea, baina horiek jarraituta ere ez gara burujabeak gauza askotan.

Desazkunde ordenatu horretarako, erakundeen bultzada beharrezkoa da, ezta? Zuek askotan esana da dirulaguntzetatik harago, eredua aldatu beharra dagoela.

Jendeak dirulaguntza horiek askotan gaizki ulertzen ditu. Badirudi baserritarrontzat direla laguntza horiek, baina herritarrentzat ere badira, prezioa doitzen dutelako. Laguntza horiek gabe bertako produktuak kontsumitzea luxu bat litzateke, ekoizpen gastuak handiak direlako. Laguntzak batzuetan beharrezkoak dira. Eta laguntza zuzenak garrantzitsuak dira egoera kritikoetan jendearen lepoko soka pixka bat laxatzen laguntzen dutelako.

Baina neurri koiunturalak baino gehiago neurri estrukturalak behar dira. Gelditu eta zein baserri eta ustiategi mota ditugun begiratu behar dugu, nolakoak nahi genituzkeen, nola izan gaitezkeen burujabeagoak eta ez hain mendekoak... lanketa hori egin beharra dago Euskal Herri mailan.

Adibidez, Araban zereala ekoizten da, bazka ekoizten da, baita Nafarroan ere, baina hala ere, elkarlan horiek ez daude landuak. Bakoitzak ahal duen tokitik erosten du, askotan pentsu etxeekiko oso mendeko izanez. Administrazioari eska dakioke askoz neurri patxadatsuagoak eta luzera begirakoak hartzeko.

Baserriak ez ditu bere garai onenak bizi. Atentzioa ematen du, zuen kasuan bezala, belaunaldi berriek erreleboa hartu izana.

Normala da jende asko ez animatzea. Saiatzen ari gara lanbidea duinagoa egiten, baina ez du ematen. Eta hori lanaren poderioz estaltzen dugu, lan asko eginda, ordu asko sartuta, asteburuetan lan eginez, oporrik hartu gabe... egoera horretan gaude baserritar gehienak eta normala da jendeak baserrian lan egin nahi ez izatea. Nik ez dut bizi erneguz daukadan bizimodua, gustatzen zait baserria eta ez daukat beste munduko irrikarik hara edo hona oporretara joateko. Baina egia da lan pila bat egiten dugula eta bizimodu gogorra dela.

Askotan baserritarrak berak animatu izan ditu seme-alabak beste lanbide batzuetara, «hau ez da bizimodua» argudioa erabiliz.

Gure kasuan ez da horrela. Guk nahi genuke geure seme-alabek jarraitzea, baina baserri duin bat utzi nahi diegu, horretarako baldintzak sortu. Horregatik egiten dugu salmenta zuzena.

Baserri honetan Antton (Dorronsoro) hasi zen esnea kalean saltzen duela berrogei urte eta ordutik garapen bat izan du negozioak. Urte haietan bazen hazkunderako joera bat, ukuiluak handitzeko joera. Guk, hurrengo belaunaldiak, beste hogei urte daramatzagu desazkundea egiten, baina bide hori oso neketsua da, ezin da egun batetik bestera egin. Nik nahi nuke ‘klik’ egin eta egun batetik bestera baserriko behiak larratzen ikusi, behi gutxiago, agian eredu ekologikoan, ekoizten dugun esnea landuz, prezio duin batean saldu eta bizitzeko emango digun baserri koskor bat gobernatu. Baina trantsizio horiek bakarrik egiteko oso gogorrak dira.

Gu bide horretan ari gara, 110 behi jeiztetik, une honetan 35 behi jeizten ari gara. Egunean 1.100-1.200 litro ekoizten ditugu eta salmenta zuzenaren bidez banatzen dugu. Kaiku kooperatibako bazkide gara eta salmenta zuzenaren bidez saltzen ez duguna Kaikuk jasotzen digu, ez baita erraza urte osoko salmenta orekari eustea. Baina bada urtebete oso-oso gutxi entregatzen ari garela eta ia dena salmenta zuzenaren bidez saltzen dugula.

Hasierako ideiara bueltatuz, guk geure seme-alabek baserrian jarraitzea nahi dugu, baina horretarako bizigarria den baserri bat utzi nahi diegu. Ikusten ari naiz horra joan nahian bizia joango zaigula guri, baina hurrengo belaunaldiari zerbait hobea uzten badiogu, pozik.

Desazkunderako eta ekoizpenak txikiagotzeko joera hori orokorxeagoa da?

Nahi bat sumatzen da, baina ez da erraza. Industriara bideratutako esne ekoizpena daukazunean, ez da erraza beste bide bat hartzea. Orain hemen dauden ukuilu asko ez dira makroetxaldeak, baina daukagun lur hedadurari eta orografiari lotuta egoteko, nire ustez badira handiegiak. Handiegi horrek hemen arazoak ere ekartzen ditu, oso mendekoak direlako. Nik uste dut jendea ohartzen ari dela horrekin, baina puntu horretan zaudenean oso zaila da onartzea akats bat egin duzula –denok egin duguna– eta hortik ateratzea oso zaila dela.

Gaur egun hemengo baserri askotan maneiatzen diren esne bolumenak elaboratuz edo beste bide batzuetatik salduz merkaturatzea ia ezinezkoa da, soberakin asko sortzen delako. Gurpil-zoro bat da eta bertatik ateratzea oso zaila da.

Erakundeak aipatu ditugu lehen. Herritarrek ere botere handia daukate. Kontsumoa erabaki politikoa da.

Gure erosketa guztiz ekintza politikoa da eta sekulako boterea daukagu horretan, nahiz eta askotan ez garen ohartzen. Erosten dugunaren baitan funtzionatzen du merkatuak. Nik badakit jendea oraintxe larri dagoela, eta ez da erraza jendeari zer erosi behar duen esatea, jendeak ahal duena egiten baitu. Baina herritarrei, bai, esango nieke konturatzeko zer nolako boterea daukaten eta neurri batean haien baitan dagoela bertako baserritarrek iraungo duten edo ez erabakitzea, baita nolako baserritarrek iraungo duten ere. Azkenean, hemengoak izan arren esne guztiak ez dira berdinak, ezta haragi guztiak ere.

Esne ekoizleak galeretan ari zarete lanean. Supermerkatu handietan, berriz, lehia da nork saldu esnea merkeago.

Askotan esaten da supermerkatu handiek esnea amu bezala erabiltzen dutela, kontsumitzailea erakartzeko. Bertako markak garestiago daude supermerkatuan, baina baserritarrari prezioa esne marka zuria egiten duenak markatzen dio. Hemengo baserritarrei Mercadonak ezartzen die esnearen prezioa eta hori ez da bidezkoa. Hemen badago Kaiku baserritarren kooperatiba eta ezin du prezioa ezarri ekoizpen kostuen arabera. Hori ez da bidezkoa. Esnea gurea izanda, ez daukagu erabakimenik gure esnearen prezioa ezartzeko. Industria handia egitera joan gara eta gure esnea eta gure markak defendatu beharrean, marka zurien industrian erori gara.

Duela aste batzuk ikusi ditugu Galizian esne ekoizleak esne biltegiak lurrera husten, begiak malkotan, garraiolarien geldialdia tarteko esnea galdu egin delako.

Amorrua ematen du horrelakoak ikusteak. Guk badakigu zenbat kostatu zaion baserritar horri esne hori aurrera ateratzea; batetik, behi horri jaten ematen gastatu duen dirua eta, bestetik, berak inbertitu dituen lanordu guztiak. Hori botatzen ikustea amorragarria da. Egoera oso gogorra da.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Ideala zer litzateke?

Tamaina txikiagoko baserritar gehiago egotea. Hori litzateke ideala. Eta gure herritarrak kalitateko elikagaiz sanoz elikatzeko aukera izatea. Horretarako erakundeek gaur egun desazkunderako gogoz dauden ekoizleen bidelagun izan beharko lukete, abandonatu eta ezin horretan bakarrik utzi beharrean, bidean desazkunde horretarako laguntza eta aholkularitza eskaini beharko lukete. Hori egingo balute, jende pila bat animatuko litzatekeela uste dut, hemen baserritar askorentzat tokia daukagulako. Baina bakarrik eta alternatiba lotu bat gabe ezinezkoa da eta horrela bukatuko dugu baserriak itxiz eta itxiz.

Zeozer ikasi ote dugu azken asteotan...

Ikusi dugu herri bat zein zaurgarri izan daitekeen, egoera nola alda daitekeen egun batetik bestera. Oinarrizkoak dira jatekoa, ura eta gauza gutxi gehiago. Horiek gabe, salduta gaude.

Beste sektore batzuen antzera, baserritarrak kalean protestan ikusiko ote ditugu?

Ez dakit, azkenaldian protesta sendoak egiteko gaitasun gutxi erakusten ari gara. Sektorea nahiko sakabanatuta eta bananduta dago. Etsipenez ikusten dut nahiko sakabanatuta dagoen sektorea eta egin beharreko aldarrikapenak egiten indar gutxi duena. Garrantzitsua litzateke indarra egitea kolektibo bezala, baina askotan baserritarrak hainbeste lan dauka etxean, zulo horretan sartu eta bere arazoak ahal bezala konpontzen saiatzen dela. Gero elkartzen garenean konturatzen gara arazo eta nahi berdintsuak ditugula denok.