NAIZ

16 milioi hegazti hil ditu Gobernu frantsesak hegazti gripeagatik

Azken datuen arabera, 2021aren amaieran Estatu frantsesean hasi zen hegazti gripearen ondorioz 16 milioi ahate hil dituzte jada. Birusa oso kutsakorra denez, Europa osoan zabaltzen hasi da eta neurriak hartu nahi dituzte foku gehiago ez izateko.

Hegaztiak hiltzea edo horiek ustiaketetan ixtea da frantziar Gobernuaren gripearen aurkako neurrietako bat. (Gaizka IROZ/AFP)
Hegaztiak hiltzea edo horiek ustiaketetan ixtea da frantziar Gobernuaren gripearen aurkako neurrietako bat. (Gaizka IROZ/AFP)
Estatu frantsesak 16 milioi hegazti hil ditu joan den urtearen amaieratik ustiategietan eragina izan duen hegazti gripeari aurre egiteko. Gaixotasuna mendebaldeko hiru eremutan zabaldu da.

Nekazaritza Ministerioko iturriek hilketen zifrak zabaldu dituzte eta epidemiari eusteko zantzu batzuk daudela adierazi dute.

Hala ere, joan den ostiralera arte eguneratutako datuekin 1.364 foku zenbatu ziren baserrietan, 46 fauna basatian eta beste 30 eskortetan.

Azaroaren 26an atzeman zen lehen kasua Estatu frantseseko abeltzaintza ustiategi batean, zehazki, oilo errule batean, Nord-eko departamentuan, Belgikako mugaren ondoan.

Abenduaren 16an lehen foku bat baieztatu zen hego-mendebaldean, Gers departamentuko ahate etxalde batean.

Hegazti gripea hurrengo asteetan zabaldu zen Akitania Berriko bi eremutan, Pirinio Atlantikoetako, Pirinio Garaietako, Landetako eta Gerseko departamenduetan, eta beste bat iparralderago, Dordogne eta Loten inguruan.
Ipar Euskal Herrira ere iritsi zen birusa eta ahate ugari hil zituzten; laborariek kabalak hiltzea ez dela irtenbidea kritikatu zuten eta protesta ugari egin. Hego Euskal Herrian neurriak hartzen hasi dira bertako hegaztiei eragitea ekiditeko.

Hirugarren foku nagusia, eta orain arteko garrantzitsuena, Vendee eta Loira Atlantikoko departamentuen inguruan dago.
Azaroaren 5az geroztik, birusa azkar ari da zabaltzen Europa osoan. Horren ondorioz, prebentzio neurri batzuk ezarri behar izan dira, hala nola merkataritza ustiategietako hegaztiak itxita edukitzea, etxaldeetatik kanpora atera gabe; hegaztiak biltzea dakarten ekintzak debekatzea edo haiek garraiatzeko baldintza indartuak ezartzea.