NAIZ

Lakuak Googlerekin sinatutako hitzarmenak hezkuntza akordioa urratzen duela dio Librezalek

Lakuako Hezkuntza Sailak bere menpeko diren ikastetxeetan datozen lau urteetan Google Workspace for Education zerbitzua erabiltzeko hitzarmena sinatu du. Zerbitzua doakoa bada ere, irakasle zein ikasleen datuak multinazionalaren esku gelditzen dira zehaztutako epean zehar.

Googlerekin hitzarmena hezkuntza akordioa onartu eta lau egunetara sinatu zen.
Googlerekin hitzarmena hezkuntza akordioa onartu eta lau egunetara sinatu zen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hezkuntzan Librezale guraso eta irakasle taldeak Lakuako Hezkuntza Sailak onartutaklo akordioa urratu duela salatu du, Googlerekin sinatutako hitzarmena sinatzerakoan. Izan ere, Google Cloud Emea Limited enpresarekin bat egin du «Hezkuntza Saileko ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko», joan den astean EAEko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuenez. «Ebazpenak apirilaren 11ko data du, Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasotzen dituen testua onartu zenetik lau egun igarota», adierazi du Librezalek.

Hitzarmen horrek lau urterako zehazten du Googlerekin lankidetza, Hezkuntza Sailaren menpeko diren ikastetxe guztietan Google Workspace for Education zerbitzuaren «berri eman eta horiek hartzea sustatzeko». «Sustatze hau, alabaina, Hezkuntza Lege berrirako akordioan jasotako digitalizazio etiko, arduratsu eta euskaldunaren erabat kontrakoa da» guraso eta irakasle taldearentzat, zeinek uste duen «hitzarmena prest egongo zela hezkuntza akordioa adostu eta onartu zen bitartean».

Gasteizko Parlamentuak gehiengo zabal batez onartutako hezkuntza akordioak jasotzen du «ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna» errespetatuz eta «bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz» eramango dela aurrera euskal hezkuntza sistemaren digitalizazioa, baina Librezalek uste du «hitzarmen honekin, horiek guztiak bazterrean» utzi direla.

Ikasleen datuak

Taldeak azaldutakoaren arabera, Googlek datuen tratamenduari buruz eransten duen gehigarrian Europako Datuak Babesteko Erreglamendu Orokorra errespetatuko duela zehazten badu ere, AEBetako multinazional erraldoia araudi hori urratzeagatik isunik altuenak jaso dituztenen artean dago, eta bat baino gehiago jaso ditu gainera, erabiltzaileei euren datuekin zer egiten duen behar bezala ez jakinarazteagatik eta beraz baimen egokirik gabe haien datuak jaso eta tratatzeagatik, hainbat plataformaren bitartez. «Ez da ahaztu behar, hitzarmenean bertan, datuen tratamenduari buruzko gehigarri hori errreferentzia gisa eransten zaiola hitzarmenari, eta Googlek nahi duenean egin ditzakeela aldaketak bertan, adibidez, merkataritzaren ikuspegitik arrazoizkoak badira», argitu du taldeak.

«Argitze aldera, hitzarmen hau doakoa dela zehazten bada ere, berez ikasle eta irakasle guztien datuak ematen zaizkio Google multinazional pribatuari lau urtez, bere zerbitzuen truke. Doakotasun honek, bide batez, ohiko lehiaketa publikoko prozedurak saihestea posible egiten du. Kostu ekonomikorik ez badago ere, hitzarmen honetan hartutako konpromisoa garesti aterako zaio euskal hezkuntza komunitateari», salatu dute guraso eta irakasleek.

Adierazi dute Googlerekin sinatutako lankidetza hitzarmen hau bertan behera uzteko atea erabat itxita ez dagoela. Horregatik, espero dute «legearen erredakzio eta adostasun prozesuan hezkuntza akordioa sinatu duten alderdiek horretarako eskakizun sendoak bideratzea eta ibilbidea zuzentzea». Izan ere, Librezalerentzat, ekintza honek «akordioan sinatutako hitz politen ondoren, ezbaian jartzen du gehiengo zabalak babestutako akordioari ematen dion zilegitasuna».