NAIZ

Ernaik eserialdia egin du Gasteizko Parlamentuan ekainaren 4ko mobilizaziorako dei eginez

Gasteizko Legebiltzarrean hileko azken osoko bilkura egiten ari zen bitartean, Ernaiko kideek eserialdia egin dute ekainaren 4rako deitu duten manifestaziora deitzeko. Gazte antolakundeak muntaia poliziala salatu eta gazteentzat bizitza duinak aldarrikatuko ditu egun horretan.

Ernaiko kideek eserialdia egin dute Gasteizko Parlamentuaren aurrean.
Ernaiko kideek eserialdia egin dute Gasteizko Parlamentuaren aurrean. (ERNAI)

2021eko maiatzaren 7an Donostia, Iruñea, Bilbo eta Gasteizen antolatu zituen Ernaik mobilizazioak. ‘Larrialdi egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza’ lelopean, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatu zituzten. Besteak beste, enplegu eremuko prekaritatea, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketak era duinean garatzeko oztopoak eta pandemiak areagotutako osasun mentalaren okertzea. Gasteizen eta Bilbon Ertzaintzak bortizki erantzun zien mobilizazioei eta guztira 8 gazte atxilotu zituzten eta 60tik gora zauritu egon ziren.

Egun hartan Bilbon atxilotutako 7 gazte epaituko dituzte ekainaren 15ean. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrei, isunei eta kalte-ordainei aurre egin beharko diete; guztira 20.000 eurotik gora. Auziperatuei babesa adierazteko eta «gazteontzako bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela» aldarrikatzeko mobilizazioa egingo du gazte antolakundeak ekainaren 4an Bilbon, 17.30ean Plaza Eliptikotik abiatuta.

Gaur, mobilizaziorako deia egin dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Hamarnaka gazte eseri dira Parlamentuaren atariko errepidean, trafikoa oztopatuz eta ‘ez gaituzue geldituko’, ‘gazte borrokak merezi du’ eta ‘ekainak 4 Bilbora’ lelodun aldarriak eutsi dituzte eskuartean.

Izan ere, eraikin barruan hilabeteko azken plenoan bilduta ziren agintari politikoei mezu bat helarazi nahi izan diete: «Jakin badakigu gazteon egoera prekarioa iraultzeko eta bizi baldintza duinak eskuratzeko bide bakarra kaleak hartzea eta borrokatzea dela. Zentzu horretan mobilizaztu ginen 2021eko maiatzaren 7an. Eta egun hartan, beste hamaika alditan egin bezala, gaur hemen, Legebiltzar barruan dauden Erkoreka, Urkullu, Mendia eta Eusko Jaurlaritzako kide guztiek gazteon aldarri eta beharrei erreparatu beharrean, Ertzaintza gu jipoitzera bidaltzea nahiago izan zuten».

Horrekin batera, gazteek kaleak hartzen jarraitzeko deia egin dute, «gazte borrokak merezi duelako». Eta dei egin diote euskal gazteriari ekainaren 4an Bilboko kaleak hartzeko.