Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Miren Lazkano
Piraguista

«Ez dut pentsatu nahi garaipenean soilik; oso zaila da errepikatzea»

Miren Lazkano (Donostia, 1997) egungo Europako txapelduna da C1 modalitatean. Zuhur ageri da txapelketaren atarian, iazko emaitza lortzea zaila dela jakitun: «40 pertsona gara eta bakarrak soilik irabaz dezake».

Miren Lazkano, ur bizietan lehiatzen.
Miren Lazkano, ur bizietan lehiatzen. (BASQUE TEAM FUNDAZIOA)

Euskal piraguistek hitzordu garrantzitsua daukate Liptovsky Mikulas-eko (Eslovakia) kanalean. Europako txapelketa jokatuko da gaurtik igandera bitartean, eta euskaldunak modalitate guztietan izango ditugu. Miren Lazkanok (iazko txapelduna C1ean) NAIZi onartu dio urte osoan zehar «ondo eta asko» entrenatu dela eta «gogotsu» dago zer nolako maila eman dezakeen ikusteko. Emaitzari baino, errendimenduari ematen dio garrantzia donostiarrak. Bakarka ahalik eta errendimendu onena izan nahi du; taldekakoan, talde giroaz gozatu –«oso polita iruditzen zait»– eta eslalom extreme-an, esperientzia hartu. 

Iaz txapeldun izan zinen C1ean. Aurtengo ze helburu dituzu?

Tira, ez dut pentsatu nahi hainbeste emaitza batean. Beti kostatzen da errendimendu altua ematea eta niri asko gustatuko litzaidake ahal dudan errendimendu altuena ematea, eta gero, emaitza ona baldin bada, ba primeran. Eta emaitza ona ez bada, ikusiko dugu zer hobetu behar dugun. Iazko emaitza errepikatzea zaila izango dela badakit eta saiatuko naiz ahal dudan onena ematen.

Zein arlotan nahi duzu hobetu?

Azkeneko txapelketetan ondo atera ez diren gauzak hobetzea da helburua. Txapelketa hauetara iritsi aurretik bide luzea  dago. Uda honetan txapelketa asko ditugu eta emaitza onak atera nahi ditut, baina gehienbat errendimendu ona eman nahi dut. Zigor gutxiko nabigazioa, ahal dudan akats gutxienekin lehiatu nahi dut.

Aipatu duzu ibilbide luzea dela Europako edo Munduko Txapelketa bat prestatzea. Aurten nola hasi duzu denboraldia?

Ziklo olinpiko berri bat hasi da eta prozesu berri bat hasi dugu guztiok. Txapelketa guztiak esperientziak dira eta pixkana-pixkana bakoitzak bere lehiatzeko era aurkitzeko bidean gaude. Guztiok nahi dugu irabazi, baina ezin dugu guztiok irabazi. Errealista izan behar baldin badut, helburua hor dago, baina kostako da.

«Paris 2024 helburua da, argi eta garbi, eta, ahalik eta ondoen iristeko, txapelketa hauek garrantzi handia daukate»

2019an, lesio baten ondorioz, Tokiorako sailkatzea baztertu egin behar izan zenuen. Paris dator. Helburu nagusia da berau?

Bai. Hori da helburua, argi eta garbi eta, ahalik eta ondoen iristeko, txapelketa hauek garrantzi handia daukate.

Iaz, Europako txapeldun C1ean eta Munduko Txapelketan, taldekakoan, txapeldunorde. Hobetu daitezke emaitza horiek?

Oso emaitza onak dira eta oso zaila izango da errepikatzea. Ez dut obsesionatu nahi emaitzekin. Ez dut pentsatu nahi soilik garaipenean. Oso zaila da; 40 pertsonatik batek irabazten du.

Zure entrenatzaile Aritz Fernandezek elkarrizketa batean esan zuen negar asko egin eta noizean behin poztasunen bat jaso duzula. Nola daramazu ez irabaztea?

Gure bizitza honen inguruan eraiki dugu. Zerbait egiten hainbeste denbora pasatzen baduzu eta ez bazaizu ondo edo zuk nahi duzun bezala ateratzen behin eta berriro, oso frustrantea da. Hor sufritzen da. Egia da bost txapelketa gaizki egin eta bat ondo egiten baduzu, sentsazio hori ez dela ezabatzen, baina apur bat lausotzen da. Jende asko dago, maila oso handia da, gero eta handiagoa; denok gabiltza emaitza baten bila eta denok ezin dugu lortu. Normalean txapelketa batean bat, bi edo gehienez hiru egoten dira pozik eta besteek beti edukitzen dute aldatu nahiko luketen zerbait. Egia da negar asko egin dudala, baina denetik lortu dut. Ezin dugu pentsatu txapelketa batera joan eta irabazi egin dudalako hurrengo aldian ere berriro irabaziko dudanik.

«Zerbait egiten hainbeste denbora pasatzen baduzu eta ez bazaizu ondo ateratzen behin eta berriro, oso frustrantea da. Hor sufritzen da»

14 urte zenituenetik zaude teknifikazio zentroan. Gogorra al da?

Ez nuke esango gogorra, baina bai ezberdina. Ez dago 14 urteko jende asko goi-mailako teknifikazio zentroetan. Bizitza oso ezberdina eraman dut nire eskolakideekin alderatuta. Gauza batzuk alboratu behar izan ditut beste batzuk egin ahal izateko. Alde horretatik, batzuetan, bai,  gogorra izan da. Erabaki batzuk 15-16 urterekin hartzea ez da erraza, ze zuk bi gauzak egin nahi dituzu, baina tira… Gogorra izan da alde batetik, baina beste alde batetik, esperientzia pila bat eman dit piraguismoak.

Irakasle Ikasketak egin eta orain Psikologia ikasten ari zara. Elitean aritzeko lagungarri al zaizu psikologia ikastea?

Bigarren urtean nago eta lasai daramat. Egia da eman didala beste perspektiba bat, kanporagotik ikustea, adibidez. Barru-barruan gaudenean oso zaila da beste ikuspegi bat aurkitzea, eta beti izango da zaila.

Extreme modalitatean ere lehiatuko zara.

Ikusteko oso erakargarria da, ze nahiko iragarrezina da. Barrutik, batzuetan dibertigarria da, baina sufritu egiten da. Lau pertsona, hain juntu, denok leku berera joan beharra… Kolpeak ere jasotzen ditugu. Oraindik hasten ari da, baina jada olinpikoa da eta beraz, horretan ere emaitzak ateratzeak garrantzia dauka. Gogoarekin, baina apur bat adi egotera goaz. Ez du ematen beldurra, baina kontuz ibili behar da.

Sorbaldako lesio hori ahaztuta daukazu?

Ez dut esan nahi ahaztuta daukadala, ze hori esan eta beti agertzen da zerbait (barrez). Oso ondo nago. Pazientziarekin hartu nuen errekuperazioa, lasai eraman nuen eta horregatik pozik nago, ze ordutik ez dit inoiz arazorik eman.