NAIZ

Ertzaintzak Itziarren GKS-ko gazte bat atxilotu du «2018tik etenda zegoen zigor bat betetzeko»

Ipar Euskal Herriko GKS-k jakinarazi duenez, gazte lapurtar bat atxilotu du Ertzaintzak Itziarren. «Behin-behinean espetxeratuko dute, gutxienez sei hilabetez, duela lau urte etenda zegoen zigor bat dela-eta», gehitu dute.

Gazte lapurtar bat atxilotu du Ertzaintzak gaur gauean Itziarren eta Ipar Euskal Herriko GKS-k adierazi duenez, Eibarko polizia-etxean daukate, momentuz. Sare sozialen bidez eman du gertakariaren berri: «Ipar Euskal Herrriko Mugimendu Sozialistako kide bat atxilotu du Ertzaintzak bart Itziarren».

Gaineratu dutenez, atxiloketaren unean, «poliziek erran dutenez, behin-behinean espetxeratuko dute, gutxienez sei hilabetez».

Atxiloketaren arrazoiak «oraindik argi ez daudela» adierazi dute. «Antza, duela lau urtekoa da auzia», gehitu dute. Gedar-en arabera, «epailearen aurretik igaro gabe kartzelaratuko dute» eta «2018tik etenda zegoen zigor bat» bete beharko du gazte lapurtarrak.

'Errepresioaren aitzinean, klase elkartasuna!' lemapean elkarretaratzea deitu dute, gaur 19.00tan, Urruñan, atxiloketa salatzeko.