NAIZ

Zornotzako Udal Gobernuak Saioa Agirreren auzian izan duen jarrera salatu du EH Bilduk

EH Bilduk salatu duenez, Zornotzako Andoni Agirrebeitia alkatea eta Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotzia «ez dira gai izan» torturak eta sexu erasoak sufritu zituen Saioa Agirreri babesa emateko adierazpen instituzionalik egiteko edo elkarretaratzerik deitzeko.

Saioa Agirre, Zornotzan izandako mobilizazio batean.
Saioa Agirre, Zornotzan izandako mobilizazio batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk ohar baten bitartez salatu du Saioa Agirreren auzian Zornotzako Udal Gobernuak beste aldera begiratu duela eta bakarrik utzi dutela torturak eta sexu-erasoak jasan dituen emakume zornotzarra.

Koalizio subiranistak gogoratu duenez, Saioa Agirre 2010eko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Sopelako eskolan, hiru urteko haurrekin lanean zegoela. Bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua izan zen eta sexu erasoak eta torturak pairatu zituen.

Hamar bat hilabete eman zituen kartzelan eta 2021eko uztailean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, 13/13 sumarioaren baitan, beste sei euskal herritarrekin batera. Joan den apirilean atera zen ebazpena eta absolbitu egin zuten.

«12 urte horietan guztietan, EAJren Udal Gobernu ezberdinek beste aldera begiratu dute eta bakarrik utzi dute torturak eta sexu erasoak jasan dituen emakume zornotzarra. Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotziak badituzte bitartekoak indarkeria matxista kasuak salatzeko eta biktimari Udalaren laguntza eskaintzeko, baina Saioaren kasuan, ez dute adierazpen instituzionalik egin, ezta kontzentraziorik deitu ere», salatu du EH Bilduk.

Are gehiago, azken urteetan Udala Saioaren aldeko ekimenak oztopatzen aritu dela dio EH Bilduk. Izan ere, Zornotzako Mugimendu Feministak Agirreri babesa adierazteko eta indarkeria matxista salatzeko herrigunean egin zuen murala ezabatu egin zuen Udalak.

«Zergatik jokatu du EAJren Udal Gobernuak horrela? Zergatik isiltasun konplize hori bizilagun batek jasandako torturen eta sexu-erasoen aurrean? Erasotzaileak guardia zibilak direlako? Biktimaren ibilbide politikoarekin bat ez datorrelako? Ez al dira indarkeria matxista mota guztiak salatu behar?», galdetu du EH Bilduk.