Mikel Aginagalde

Euskal Eskola Publikoaren jaia: Bastida, hirugarrenean bai

Osasun krisiak eragindako geldialdiaren ondoren, hirugarrenean, azkenean, Euskal Eskola Publikoaren aldeko 29. festa ospatuko dute, igandean, Arabako Errioxako Bastidan. Bertan, beharrezko baliabideak exijituko dizkiote Administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko.

Ia hiru urte itxaron behar izan dute Bastida ikastetxean Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzeko. Irudian, 2019an eginiko leloaren aurkezpena.
Ia hiru urte itxaron behar izan dute Bastida ikastetxean Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzeko. Irudian, 2019an eginiko leloaren aurkezpena. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arabako Errioxako sei ikastetxeetako guraso eta irakasleak buru-belarri aritu dira azken hilabeteotan Euskal Eskola Publikoaren aldeko festa antolatzen. Igandeko jaia prestatzeaz gainera, eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harreman eta loturak indartu nahi dituztela adierazi dute, etorkizunean helburu berberak lortzeko bidean, elkarlanean jardun ahal izateko. Azken xedea Arabako Errioxako eta, oro har, Euskal Herriko ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izatea dela azpimarratu dute antolatzaileek.

“Hazitik Gora” da aurtengo edizioaren leloa, eta, horren bidez, Arabako Errioxako ikastetxe publikoen balioa nabarmendu nahi izan dute, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz, hain zuzen ere. «Hiriburutik urrun eta Errioxako mugan egon arren, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko», nabarmendu dute Mabi Zubiriak, Bastidako eskolako ordezkariak; Maite Fernandezek, Denon Eskola federazioko zuzendaritza-batzordeko kideak; eta Lurdes Imazek, Ehigeko koordinatzaileak.

Era berean, tamaina txikikoak izatea ere abantailatzat jotzen dute: «Ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko». Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak partekatuz elkarrengandik ikasiz.

Logotipoan, berriz, ernamuintzen ari den hazia irudikatu dute. Hala, kolore desberdinak baliatuz, Arabako Errioxako eskola publikoak bizi duen eraldaketa prozesua islatzea izan dute helburu.

Azken hilabete luzeetako lan apartari esker, prest dute jada adin guztietako kideak asebetetzeko egitarau oparoa. Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia Bastida herrian zehar banatutako eremu ezberdinetan ospatuko dute.

Sei gune, bat ibiltaria

Hasierako ekitaldi ofiziala Bastidako eskolan bertan egingo dute. Hor egingo du festak eztanda, eta leku horretan, gainera, Kaikuren “Elikagaien taupadak” eta Antxo eta Pantxaren “Antzarrekin dantzan” antzerki saioez gozatzeko parada izango dute bertaratutakoek.

Udaletxeko plaza izango da bigarren gunea. Bertan, besteak beste, Korrontzi musika taldearen emanaldia eta “Ez da kasualitatea” izeneko bertso musikatuak entzun ahal izango dira. Mugazabaleko gunean, aldiz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kuikui ikuskizuna izango da haurrentzat, beste ekitaldi askoren artean.

Ez hori bakarrik. Toloñoko gunean ere izango da ondo pasatzeko aukera Elikadura Eskolako programarekin eta “Ene Kantak” ikuskizunarekin. Dolarekoa izango da bosgarren gunea, eta ekitaldi andana izango dira han. Seigarren gunea, azkenik, gune ibiltaria izango da eta makina bat kale animazio izango da Bastida herrian barna.

Errima eta erritmoa

Euskal Eskola Publikoaren aurtengo edizioko festak ere badu bere kanta, noski. “Handitan” izena jarri diote. Rap eta reggaeton estiloak elkartzen ditu eta hainbat aldarrikapen egiten ditu; besteak beste, hezkuntzak ikasle guztiei beren bizi-proiektua garatzeko eskubidea bermatu behar diela; gure altxorra den euskara zaintzeko ardura dugula; eta eskola publikoan denontzako lekua dagoela.

Maisha MC hip-hop artistak sortu du abestia, Kaliforniako San Frantzisko hirian. Glaukoma taldeko Juantxo Arakama, Laize MC eta Nizuri Tazuneri taldeko Fani abeslariekin elkarlanean egin du.

Bideoa, berriz, Bizkaiko Arriguri kooperatiba txikiak egin du. Bastidako eskolan bertan eta Biasteriko institutuan grabatu dituzte irudiak.

Larunbatean hasita

Aurtengo jaiko jarduerak, baina, ez dira igande honetara mugatuko, asteburu osoko jarduna izango baita. Bihar bertan, larunbatarekin, Bastidako eta Oiongo eskoletako guraso elkarteek antolatutako hainbat tailer eskainiko dituzte Bastidako herriko plazan, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Bestalde, Garilak 26 taldearen erromeriaz gozatzeko aukera ere izango da ilunabarrean.

Bestalde, Bastida eta inguruak ezagutzeko asmoa dutenentzat, bi bisita gidatu antolatu dituzte Bastidako Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetzan: Lehena Bastidan zehar egingo dute, eta arratsaldeko 16.00etan izango du hasiera. 17.30ean, aldiz, mendi-ibilaldia izango da, eskualde horretako mahasti eta dolareak ezagutu ahal izateko.

Azkenik, igandean EAEko Hezkuntza Akordioaren aurkako mobilizazioa egingo dute, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta. Kalejira aldarrikatzailea egingo dute, eguerdiko ordu batean Bastidako Barajuela kaletik abiatuta. Udazkenean, beste mobilizazio batera deituko dutela iragarri dute.

Arabako Errioxako ikastetxe publikoen arteko loturak indartzen

Sei ikastetxe publiko daude Arabako Errioxan. Horietan, guztira, 1.170 ikasle eskolaratu dira aurtengo ikasturtean. Zentroen arteko loturak indartu nahi dituzte, helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko.

BASTIDA ESKOLA: Gizakien duintasuna da baliorik esanguratsuena Bastida Eskolan. Hortaz, pertsona guztiak onartzen dituzte. Berdintasunezko harremanak sustatzen dira eta emakumezkoen eta gizonezkoen lorpenak agerian jartzen dira. Euskararen erabilera bultzatzen da, baita euskal kultura ezagutzea eta gozatzea ere.

ELTZIEGO ESKOLA: 1934an inauguratua, gaur egun B ereduko herri ikastetxea da; Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dira eta inguruko bost udalerrietako ikasleak hartzen ditu: Eltziego, Navaridas, Samaniego, Mañueta eta Eskuernaga. Egun, 140 ikasle inguru daude matrikulatuta bertan eta inguruko erreferentzia da.

LANTZIEGO IKASTOLA: Arabako Errioxako D ereduko ikastetxe publiko bakarra da: publikoa, euskalduna eta nekazaritza eremuan kokatua. Horregatik, euskarazko kalitatezko hezkuntza eskaini nahi du bere eragin-eremuko herrietan (Lantziego, Kripan, Bilar).

RAMIRO DE MAEZTU HLHI (OION): Oiongo eta inguruko beste herri batzuetako haur guztientzako eskola da: Moreda, Labraza, Barriobusto, Ekora, Asa, Serna, Meano eta Lapoblación. 350 haur inguru hartzen ditu, 2 eta 12 urte artekoak. B eta D hizkuntza-ereduak eskaintzen ditu.

VICTOR TAPIA HLHI (GUARDIA): Hainbat herritako ikasleak batzen ditu: Guardia, Paganos, Leza, Lapuebla de Labarca eta Bilarkoak, hain zuzen. Guztira, 155 ikasle inguruk ikasten dute bertan. B eredua da nagusi, oraindik ere A eredua amaierako urteetan mantentzen bada ere. Ikastetxea, gizartea bezalaxe, aldatzen eta aurrerapausoak ematen ari da euskararen normalkuntzaranzko bidean.

SAMANIEGO BHI: Arabako Errioxako institutu publiko bakarra da. Bertan DBH eta batxilergoa (zientzia eta giza eta gizarte zientziak) egiteko aukera dago, A eta B ereduetan. Horretaz gain, Erizaintzako Zaintza Osagarriak erdi mailako zikloa eta Lorezaintzako eta Loradendako Laguntzailetza oinarrizko lanbide heziketako zikloa  ere egin daitezke A ereduan.