NAIZ

Ekainaren 12an ospatuko dute Gipuzkoako Eskola Txikiak Bizirik jaialdia Errezilen

Aurtengo Gipuzkoako eskola txikien jaialdia ekainaren 12an ospatuko da Errezilen. Ostiral honetan egitaraua aurkeztu dute eta lankidetza eta auzolana azpimarratu nahi izan dute.

Gipuzkoako eskola txikien jaialdiaren aurkezpena.
Gipuzkoako eskola txikien jaialdiaren aurkezpena. (Eskola Txikiak Bizirik)

Ekainaren 12an ospatuko da Gipuzkoako eskola txikien jaia, aurtengoan, Errezilen. 2021eko ekainean Aizarnako eskolak emandako lekukoari jarraiki, 34. Eskola txikien jaiaren egitaraua osatu berri dute Errezilgo herritarrek, eta horren aurkezpena egin da, besteak beste, Gipuzkoako eskola txikietako ordezkari ezberdinen babesarekin.

Eskola Txikietako herrien arteko elkargunerako festa eguna izan ohi da hau. Eskola Txikien komunitatea elkartuz, eskola berezitu diren herri nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jaia egiten da. Eskola txikiak herri nahiz auzoetan izateak dakartzan onurak azpimarratzen dira, hezkuntza saretzeak duen garrantzia aldarrikatuz, horretan elkarrekin jarraitzeko dagoen konpromisoa berresten da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea izan ohi da helburua.

Eskola Txikien jaia egun batez ospatzen bada ere, ikasturtean zehar egindako bideak badu zer esana. Eskola txikien sareak antolatuta, martxoaren 26an egin ziren eskola jantokiei buruzko jardunaldiak. Jantoki ereduez eta elikadura sistemaz aritu ziren solasean.

Lankidetza eta auzolana azpimarratu dira prentsaurrekora gerturatu diren kideen ahotan. Oihana Trula Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko ordezkariak halaxe esan du: «Herri lana. Auzolana gailendu da ikasturte osoan zehar, gure artean. Eta pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako irakasle, ikasle eta gurasoengandik ere jaso dugun erantzun bikainarengatik ere».

10.00etan hasiko da jaialdia, eta gauera arte luzatuko da:

Errezilen herrigunea oso txikia denez, aparkalekuak bi tokitan prestatu dira (Bidania-Goiatzeko industrialdean, Tolosaldetik doazenentzat; Domusa Teknik enpresako aparkalekuan, Azpeitia aldetik doazenentzat), eta autobus zerbitzua joan-etorrian ibiliko da goizeko 9etatik iluntzeko 9ak arte.

2022ko jaiaren ondoren, Lizartzak helduko dio eskola txikietako jaien ardurari eta festaren harrera ekitaldian egingo da lekuko aldaketa.