NAIZ

Andreia Jacinto portugaldar gaztea fitxatu du Realak datozen hiru urteetarako

Andreia Jacinto portugaldarra da klub txuri-urdinaren lehendabiziko fitxaketa bilakatu da. 2025. urtera arteko hitzarmena sinatu du erdilariak. Txapeldunen Liga jokatuko du talde donostiarrak historian lehen aldiz eta talea indartzeko lanean dihardu zuzendaritzak.

Andreia Jacinto, Anoetan, bere fitxaketaren aurkezpenean.
Andreia Jacinto, Anoetan, bere fitxaketaren aurkezpenean. (REAL SOCIEDAD)

Andreia Jacinto portugaldarra da Realaren lehen fitxaketa hurrengo denboraldi historikora begira. Talde txuri-urdinak lehen aldiz jokatuko du Txapeldunen Liga eta anbizioz beteriko denboraldirako taldea indartzeko lanean dihardu zuzendaritzak.

20 urte besterik ez ditu Jacintok baina liga portugaldarrean nabarmendu den jokalaria izan da. Portugalgo Sporting taldean ibili da 2016an debuta egin zuenetik eta 17 urterekin lehen kontratu profesionala sinatu zuen. Era honetan, jokalari gaztea eta etorkizun oparokoa izanik, hiru urterako hitzarmena sinatu du Realarekin

Portugalgo ligan nabarmendu ez ezik –Kopa eta Superkopa irabazi ditu bere taldearekin–, selekzioan ere lekutxoa egin du jokalari gazteak. 2020an egin zuen debuta selekzio absolutuarekin, maila gazteagoetan begirada guztiak erakarri ostean. Gainera, uztailean hasiko den Eurokopara begira, Francisco Neto hautatzailearen deialdian sartu da.

«Pozik eta denboraldia hasteko gogoz» azaldu da Jacinto klub txuri-urdinak zabaldu dituen adierazpenetan. «Klub handi bat da, afizio oso on batekin eta oso pozik nago», adierazi du erdilariak. «Nire baldintzekin eta taldearen ezaugarri bikainekin denboraldi oso on bat egingo dugula uste dut», esan du. Taldearen jokatzeko moduarekin identifikatzen dela gehitu du eta azaldu du «jokalari lasaia» dela zelaian eta jokoan ondo ulertzen duela.

Realak, hala, hurrengo denboraldira begira egin duen lehen fitxaketa da Jacintorena. Iazko taldeak kasik bere osotasunean jarraipena izango du hurrengo sasoian. Nuria Blancoren zalantza dauka klubak eta Emma Ramirezek utzita jokatu dueneaz, hasiera batean, espero bezala, Bartzelonara itzuli da.

Liga profesionalaren batzorde delegatuan

Asteartean egin zen Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalaren lehen Batzar Nagusia, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean. Bertan, Ordezko Batzordeko kideak aukeratu zituzten eta horien artean aurkitzen da Reala; Levante, Real Betis, Sevilla FC eta Granadilla dira beste taldeak. Klub txuri-urdinak komunikatu motz batean adierazi duenez, «urrats garrantzitsua emakumeen futboleko liga profesionala martxan jartzeko».