NAIZ

Gabiria eta Larrabetzuko udalerriak, Memoria Historikoa lantzeko senidetuta

Gabiria eta Larrabetzuko udalek bi adierazpen argitaratu dituzte bi udalerrien arteko senidetza onesteko. Larunbat honetan ekitaldi batzuk egongo dira Bizkaiko herrian 1937an Bizkargin eroritako Gabiriako sei gudariei omentzeko, baita Miguel Ereño gerra garaian Larrabetzu alkatea izan zena ere.

2022ko Bizkargi Eguna.
2022ko Bizkargi Eguna. (FOKU)

Gabiria eta Larrabetzuko udalek bi udalerrien arteko senidetza prest dute, «Memoria Historikoa lantzeko hartua den konpromisoari helduta» eta Bizkaiko Bizkargi mendian erori ziren sei gabiriar omentzeko, baita Miguel Ereño Larrabetzuko alkatea izan zena ere.

Horretarako, larunbat honetan bi udalek ekitaldi batzuk antolatu dituzte Larrabetzun “Larrabetzu 1937-2022. Memoria Historikoa Lantzen” lelopean. Bi herrien arteko senidetza irudikatzeaz gain, Gabiriako sei gudariei omenaldia egongo da Sarrikola auzoan, 12.00etan.

13.00etan osoko bilkura ospatuko da Udaletxean. Han, lau puntu hauek eztabaidatuko dira: Anguleri Kultur Etxearen inguruan dagoen plazar Memoria Historikoaren Plaza izendatzea; Udaletxearen inguruko Askatasunaren Enparantzari izena aldatu eta Askatasun Plaza izendatzea; Gabiria udalerria eta Larrabetzu Udalerriaren arteko senidetzea onestea; eta ‘Larrabetzu 1937-2022. Memoria Historikoa Lantzen’ deituriko Erakunde Adierazpena onestea.

Testu honek gogoratzen duenez, «egunotan 85 urte betetzen dira faxistak Bilboko Defentsarako Lerroa, Burdin Hesia ere deiturikoa apurtu eta Larrabetzun sartu zirela». «Memoria Historikoak balio behar digu, besteak beste, pertsona askoren lana eta sakrifizioa aldarrikatzeko», azaltzen du Larrabetzuko Udalak.

Horren haritik, aipamen berezia egiten dio gerra garai hartan Larrabetzuko alkatea zen Miguel Ereñori –1936ko urrian gerratik ihesi Gipuzkoatik Larrabetzura etorri ziren lehenengo errefuxiatuak bere etxean hartu baitzituen–, eta orduko udal korporazio osoari; hau da, «faxistak sartu arte Larrabetzun jardunean aritu zen azken udal-talde legitimoari».

Gabiria: «Bidelagun betiko»

Bere aldetik, Gabiriako Udaleko udalbatzarrak ere testu bat onartu zuen ostegun honetan. «85 urte bete dira Bizkargiko borrokaldi horiek geratu zirela, eta eusko gudarosteen etengabeko atzerakada hasi zela. Ez dugu ospatzeko ezer, beraz; baina gerra ostean Bizkargi frankismoaren aurkako borrokaren erreferente bihurtu zen bezala, gaurko egunaz baliatuko gara, herri biok egingo dugun senidetzearen bidez, Gabiriako seiak eta gudari guztiak omentzeko, eta izan daitezen etorkizunean, behinola gerrak eta heriotzak lotu zituen Gabiria eta Larrabetzu, bizitzan eta bakean, bidelagun betiko», azaltzen du testuak.

Bide horretan, Larrabetzun Gabiriako seien omenerako lekua doitu dute eta bertan, Gabiriatik eramandako errezil-sagarrak gogorarazten dituzte herriko sei gudariak. «Izan ere, gerrak eta heriotzak lotu zituen betiko Gabiria eta Larrabetzu 1937an, Bizkargin», berresten du Gabiriako Udalaren adierazpenak.