Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Iruñeko Udalaren traben gainetik, Alde Zaharrean loratuko dira Herri Sanferminak

Iruñeko Udalak jarritako trabei aurre eginez, aurten ere Herri Sanferminak ekimenak ekitaldiak antolatuko ditu Alde Zaharrean. «Programazio xumea baina duina» izango dela nabarmendu dute. Honekin batera, Udalaren bazterkeria salatzeko manifestazio-kalejira egingo dute uztailaren 10ean.

Herri Sanferminetako bultzatzaileek agerraldi berria egin dute gaur O Plazan.
Herri Sanferminetako bultzatzaileek agerraldi berria egin dute gaur O Plazan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Duela bi aste eskas, Herri Sanferminen bultzatzaileek haserrea erakutsi zuten Iruñeko Udalak O Plazaren esparrua erabiltzeko eskaerari uko egiten ziolako eta txosnen gunea Arrotxapeara eraman nahi zuelako. «Udalak jaiaren erdigunetik kanporatu gintuela jakinarazi genuen», gogoratu dute gaur Iruñean egin duten agerraldi berri batean. Bitartean, Enrique Mayak zuzentzen duen Udalak Gaztelu plazan «makrojaialdi pribatua» antolatzeko baimena eman duela gogoratu dute.

Gaurkoan, berriz, duela bi asteko haserre hori Herri Sanferminen aldeko indar bihurtu dutela eta datozen sanferminetan Alde Zaharrean loraldi herrikoia izango dela eman dute jakitera.

«Gaur esan dezakegun lortu dugula! Herri Sanferminak jaiaren erdigunenan izango ditugula», aldarrikatu dute. Lehendik lotuta zuten programazioa moldatu behar izan dute baina Alde Zaharreko hainbat tokitan ekitakdiak, kontzertuak eta emanaldiak izatea bermatu dute.

«Herri Sanferminen senari eutsiz, auzolanean, programazio xumeagoa bai, baina inoiz baina duinagoa osatu dugu», nabarmendu dute. Horren isla aurtengo Herri Sanferminen leloa: ‘Harri guztien artetik loratzen’. «Bidean harri kozkorrak jarri dizkigute, jartzen dizkigute beste arlo askotan ere, gure lanaren emaitza zapuztu nahian. Baina harri horien artetik, asmatu daiteke arrakalak bilatu eta lan horren emaitza loretzen», gaineratu dute.

Egoera honetan, eskerrak eman dizkiete elkarlanean aritu direnei eta sostengua adierazi dietenei, batez ere Zabaldi eta Matalaz guneei. «Haiengatik ez balitz, hau ez litzateke posible izanen», nabarmendu dute.

Dena den, sanfermin hauek egoera prekario batean antolatzera behartu dituztela gogoratu dute. «Eta hori ezin da normalizatu», azpimarratu dute. Horregatik, uztailaren 10ean manifestazio-kalejira antolatu dute O Plazatik, 18.00etatik aurrera.

Egitarau zabala

Herri Sanferminetako programa uztailaren 7an (osteguna) hasiko da. 17.00etan Las Tipex arituko dira Katakraken. 19.00etan Arrats Antitaurinoa izango da, kalejirarekin. 22.00etan, Maruxak, Zabaldin.

Uztailaren 8an (ostirala), Arrats Antitaurino ekimenaren baitan, 3indarrok elektrotxarangak bat egingo du 19.00etan German Rodriguez gogoratzeko manifestazioarekin. 22.00etan, DJ Reimy, Gora Iruña gunean.

Uztailaren 9an (larunbata), 22.00etan Bake Faltsua arituko da Kalixto tabernan. 22.30ean, Hofe Matalazen eta 00.30ean, Le Petit Chenil Matalazen.

Uztailaren 10ean (igandea), 12.30ean Munduko postreak ekimena eta haurrendako bermuta Santa Ana plazan. 14.00etan, herri bazkaria O Plazan. 18.00etan, manifestazio-kalejira abiatuko da O Plazatik. 19.30ean. Kinbonbo Brass Band, Santa Ana plazan. 21.00etan, Katanga Santa Ana plazan. 22.00etan, J Martina Katakraken.

Uztailaren 11an (astelehena), 22.00etan, 3indarrok elektrotxaranga, O Plazan.

Uztailaren 12an (asteartea), 23.00etan, DJ Mr World Wide, Zabaldin.

Uztailaren 13an (asteazkena), 22.30ean DJ Kaiser, Matalazen.

Kulturanitzek Trinitariosi uko egin diote

Bestalde, etorkinak biltzen dituzten talde kulturanitzek ere bere haserrea azaldu dute Udalarekin. Trinitarios eremura eraman nahi zituzten, jaigunetik urrun, eta hori dela eta sanferminetan ekimenak antolatzeari uko egingo diotela adierazi dute.

Horrela adierazi dute agerraldi batean Etorkinen Elkarteen Federazioak (FAIN), Alpargatika elkarteak, Morenada Los Andes, Renacer Andino, Refugiados en Accion edo ADES bezalako taldeek.

Aurreko urteotan Antoniuttin egon ziren eta aurten ere hor egon nahi zuten, baina Udalak hirigunetik urrun bidali nahi izan ditu.

Udalaren jarrera diskrimintzailetzat jo dute eta etorkinen gizarteratzean aurka egiten duela salatu. Iruñean bizi direnen %16a etorkina dela gogoratu dute.

Mayaren arabera, «jendeak Antoniuttin lehen zegoena gustokoagoa zuen: eskenatokiak musikaren, afaltzeko postuak, txurro-saltzaileak, ardoak... Hori berreskuratzeko hautua egin genuen eta beste toki batera joateko aukera eskeini genien, baino ez dute gustoko izan, nahiz eta Arrotxapeatik eta barraken gunetik gertu egon».