Mikel Aginagalde
Entrevista
Igone Zubizarreta
Argantzon Ikastolako zuzendaria

«Familia eta lagun giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu»

Igone Zubizarretak hirugarren urtea bete du Argantzon Ikastolako zuzendaritza taldeko kide gisa. Haren hitzetan ez da erronka makala izan Araba Euskaraz bezalako jai handi bat antolatzea. Bi urteko etenaldiaren ostean, pilak kargatuta eta indarberrituta datozela ziurtatu digu.

Igone Zubizarreta, Argantzon ikastolako egoitzan.
Igone Zubizarreta, Argantzon ikastolako egoitzan. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Orain dela 40 urte egin zen lehenengo Araba Euskaraz ekitaldian bezala, aurten ere Arabako ikastola guztien artean antolatu duzue jaia Olarizun. Zer dela eta hartu duzue erabaki hori?

1981ean egin zen lehen Araba Euskaraz, Gasteizen, Olarizun. Aurten ere jaia leku horretara itzultzea erabaki genuen. Orduko hura Ikastolen Elkartea osatzen genuen ikastola guztien artean antolatu zen. Ideia hori berreskuratu nahi izan dugu oraingo honetan ere. Hala, kudeaketa eta antolaketa lana ere zortzi ikastolen artean egin dugu; eta noski, hori horrela izanda, leloa eta irudia sortzeko orduan Arabako zortzi kuadrillak eta ikastolak ere irudikatu nahi genituen.

Era berean, argi genuen ez zela egun bakarreko jaia izango. Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna, urte osoari bukaera emango dion jai eguna izango da.

Bi urte luzeko etenaldi behartuaren ondoren, zer-nolako aldartearekin egin diozue aurre horrelako jai bat antolatzeko erronkari?

Arabako ikastoletan oso gogotsu gaude eta beste lurraldeetako ikastoletako jaietan ikusi den bezala (Ibilaldia eta Herri Urrats) jendea jaiaz gozatzeko irrikatzen dago. Bi urteko etenaldiaren ondoren, ilusio handia dugu eta azken bi urteetan ospatu ezin izan dugun jaia berreskuratzeko gogoz gaude.

Prestaketa lan guztia ilusio handiz egin dugu, bi urte luzez Araba Euskaraz guk nahiko genukeen moduan antolatu ezinik aritu ondotik, indarberrituta gatoz Arabako ikastolen egun handi eta berezi honekin. Familia eta lagun giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu, euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu, euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau.   

Eta antolaketari dagokionez, bi urteko etenaldiak eraginik izan al du irakasle, ikasle eta gurasoen inplikazio mailan?

Urte honetako dinamikarekin, zeregina banatu egin dugu zortzi ikastolen artean, eta guztion artean auzolanean eta elkarlanean ari garenez, pertsona gehiago ari gara ekinean, eta horrek lana errazten du. Zortzi ikastoletan batzorde desberdinak sortu ditugu eta lanak banatu ditugu: material salmenta, TANTA zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, eta abar.

Zer ezaugarri bereizgarri izango ditu aurtengo jaiak? Osasun krisiaren aurreko formatura itzuliko zarete edo berrikuntzak sartu dituzue egitarauan?

Urtean zehar ekimenak antolatzeko moduan aldaketak egon dira, eta aipatu dudan moduan, kudeaketan ere aldaketa handia egin dugu Araba Euskaraz jaia lurraldeko zortzi ikastolen artean antolatuz. Baina, dudarik gabe, aurtengo berrikuntza handiena da ez dela zirkuiturik egongo. Jaia Olarizuko lorategi botanikoan ospatuko dugu, eta hau banatuta egongo da gune desberdinetan. Jai ereduari ere buelta bat eman nahi izan diogu; jai familiarragoa izatea dugu helburu. Hortaz, pertsona eta adin guztientzako ekintza desberdinak egongo dira.

Badirudi oraingoan jaia modu nahiko normalizatuan ospatu ahal izango duzuela. Zentzu horretan, egitarau oparoa eskainiko diezue Olarizura gerturatuko diren euskaltzale guztiei.

Bai, hala da, ospakizun ugari eta anitz izango ditugu igande guztian zehar. Egunari berari dagokionez, 10.00etan hasiko gara Araba Euskaraz ospatzen. Olarizuko etxaldean egingo ditugu hasiera eta omenaldi ekitaldiak. Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu ditugun hiru guneetan egun osoko egitaraua antolatu dugu. 11.00etan hasiko dira ekitaldiak, eta 19.00ak bitarte askotariko ikuskizunak izango ditugu hiru gune horietan.

2018an egindako Araba Euskaraz Argantzon Ikastolako Sagastieta zentroa handitzeko antolatu zen. Lau urteren ondoren, martxan al dago proiektua?

Bai, dagoeneko proiektua martxan dago eta urte berezia da guretzat, aurten lehenengo aldiz Lehen Hezkuntzako etapa osoa izan baitugu ikastolan. Hortaz, gure 6. mailako ikasleak ikastolatik aterako dira ikasturte amaieran. Bestetik, esan beharra dago gaur egun, Sagastieta herrian dagoen eraikin batean gaudela kokaturik, baina eraikin hori Udalarena da. Gure asmoa da 2023-24 ikasturtean gure eraikina eginda izatea eta proiektua guztiz ixtea.

Trebiñun egoteak, administrazio aldetik Gaztela eta Leon izanda, zer arazo sortzen dizue ikastola bezalako proiektua aurrera eramateko?

Proiektu hau aurrera eramateko arazo nagusiena finantzazioa izan da, ez zitzaigulako dirulaguntzarik heltzen. Madrilen ebazpen bat onartu zen eta honek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik dirulaguntzak jasotzea debekatzen digu, hau da, ebazpen horrek dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezin duela Trebiñun dirurik sartu.

Urteetan, modu desberdinetan finantzazioa lortzen saiatu ginen, bai Eusko Jaurlaritzatik zein Burgosetik, baina borrokan ia hamabost urte igaro eta gero horixe izan zen gure arazo larriena, ezin baikenuen guk bakarrik ikastola mantendu. Hanka bat atera behar izan genuen Araba «ofizialera», Sagastietara. Hala, 2016. urtetik aurrera bi herritan banaturik dugu Ikastola: Argantzon eta handik bost kilometrora dagoen Sagastieta. Bata geografikoki Araba ofizialean dago, bestea ez, momentuz…

Arazo horri ere gehitu beharko genizkioke maiz sortzen diren traba administratiboak, askotan uharte batean egongo bagina bezala sentitzen gara. Askotan, laguntzak, zerbitzuak, baliabideak jasotzeko orduan ez dago argi nora jo behar dugun.