NAIZ

Zezen-plazari buruzko erakusketak 1978ko gertakariak «desitxuratzen» dituela salatu dute

Iruñeko zezen-plazaren mendeurrena gogoratzeko Kondestable zentroan jarri den erakusketan 1978ko Sanferminetako gertakariak jaso diren modua gogor kritikatu du Sanferminak 78 Gogoan taldeak. Gertatutakoa neurri handi batean «desitxuratzen» dela uste du.

Poliziaren erasoaren dimentsioa (honako hau esaterako) jasotzen duten argazkiak faltan botatzen du Sanfermin 78 Gogoan elkarteak.
Poliziaren erasoaren dimentsioa (honako hau esaterako) jasotzen duten argazkiak faltan botatzen du Sanfermin 78 Gogoan elkarteak. (NAIZ)

Sanferminak 78 Gogoan taldeak kritikatu du Iruñeko Udalak Kondestable zentroan jarri duen zezen-plazaren mendeurrenari buruzko erakusketa. Zehazki, 1978ko uztailaren 8ko gertakariak jaso diren modua salatu du. Argazki batean bildu du dena, eta ez da adierazgarriena.

«Lehenik eta behin, uste dugu une hartan plazan zeuden 20.000 pertsonen aurkako polizia-erasoa, oso bortitza eta bereizi gabea, gas negar-eragilea ez ezik gomazko balen, ke-poteen eta benetako munizioaren tiro ugari ere erabiltzen zituena, ez dela behar bezala islatzen, baizik eta diluituta dagoela. Horren froga izan zen plazako erizaindegian berrogeita hamar pertsona baino gehiago artatu izana, hainbat lesio eta hausturarekin, gasak eragindako intoxikazioekin eta horietako bost balaz zaurituta», azaldu du taldeak.

Horregatik, ez datoz bat Kondestableko erakusketan aipatutako bertsioarekin: «Esku-hartze hark istilu larriak eragin zituen, eta, ondorioz, Germán Rodríguez gazte iruindarra tiro batez hil zen, epaitegiaren aurrean hamar lekukok baino gehiagok adierazi zuten bezala. Hau da, Germanen heriotza ez zen, besterik gabe, istilu larri batzuen ondorio izan, hilketa polizial maltzur bat baizik».

Azkenik, nabarmendu dute hilaren 8an plazan gertatu zena irudikatzeko aukeratutako argazkiak «argitasun falta» dutela; «izan ere, Miguel Rubio komisarioak zuzendutako dozenaka polizia edo gomazko pilotak, gas-poteak eta benetako sua jaurtitzen ari ziren agenteak plazan indarrez sartu zirela zuzenean eta argi eta garbi jaso zuten beste asko daude».

Laburbilduz, erakusketan ageri dena benetan gertatutakoaren «isla partziala» dela dio Sanferminak 78 Gogoan taldeak, «benetan gertatutakoa neurri handi batean desitxuratzen duena».