Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Martinen irteeraz geroztik, nork hartuko du harrobiaren testigua?

Martin Agirregabiria futbolariak ez du Alavesen jarraituko datorren denboraldian. Gasteiztarrak 14 urte eman ditu klub babazorroan eta atzeko atetik atera da, klubak publikoki argi eta garbi eskerrak eman gabe. Orain, lehen taldea harrobiko jokalari nabarmenik gabe geratu da.

Martin Agirregabiria Athleticen aurkako derbian.
Martin Agirregabiria Athleticen aurkako derbian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Alaves umezurtz geratu da. Zurztasuna harrobiko jokalariek adierazten dutela ulertzen badugu. Gaur gaurkoz, Martin Agirregabiriaren irteerarekin, ez dago harrobiko inor lehen taldean leku propioa irabazi duenik eta, Bigarren Mailara jaitsita, taldearen noranzkoa –baita klubarena ere– argitu dezakeen elementua etxean aurkitzea funtsezkoa izan daiteke. Batez ere, jaitsi eta segidan igoera ez bada lortzen.

Manu Garcia 2021eko udaran joan zen: Alaveseko kapitain handia, klubeko baloreak inork baino hobeto ordezkatzen zituen jokalaria eta are gehiago, klubaren identitatean giltzarri zen futbolaria. Azken urteetako Alaves –Bigarren B mailatik Lehen Mailaraino igotzea lortu zuen horixe– ez zen ulertzen erdilari gasteiztar hau gabe. Haren hutsunea, nolabait, Martin Agirregabiriak –beste gasteiztar bat– bete zezakeela uste zen; hutsune sinbolikoa betiere, postu ezberdinetan jokatzen baitute eta Martin oraindik ere futbolari osoa egiteko baitago.

Manu GarciarengandikMartinek testigua hartu zuenera arte, Alavesen identitatea ordezka zezaketen jokalari gehiegi ere ez ziren egon: are gutxiago, gasteiztar edo arabarrik. Einar Galilea Bigarren B Mailan eta zilarrezko kategorian nabarmendu zen, baina goi-mailarako igoera lortu ondoren, beste talde batzuetan utzita aritu da, iaz klubaren eta bere arteko lotura amaierara iritsi zen arte. Martin Agirregabiriak, 2018. urtean, Lehen Mailan debuta egin zuenean argi izpi bat marraztu zen. Abelardo entrenatzaile zela egin zuen debuta: lehendabizi Kopan eta ondoren, Ligan.

Bigarren taldeko jokalariak

Denboraldi berean, Demirovic bezalako aurrelari bat ere nabarmendu zen. Bosniarra ez zen bere horretan harrobikoa, B talderako urtebete arinago fitxatu egin baitzuten Leipzig-etik, Hanburgoko harrobian pilotari lehen ostikadak eman ostean. Azkenean, aurrelaria Friburgori saldu zitzaion.

Argitu behar da B talderako propio fitxaketak egiten dituela Alavesek eta beraz, asko ez direla guztiz Ibaian hazitako jokalariak. Borja Sainzen kasua da. Leioarraren bizitasunak itxaropen argi bat piztu zuen 2019an debuta egin zuenean, baina ez zuen jarraikortasunik izan eta azkenean, minutu bila Zaragozara joan da utzita. Orain Gasteizera itzuliko da.

Bigarren taldeko zazpi jokalarik egingo dute denboraldi-aurrea lehen taldearekin eta horietatik hiru har daitezke harrobiko jokalaritzat: Imanol Baz, Unai Ropero eta Alex Balboa. Baita Jesus Owono donostiarra ere, jada lehen taldearen dinamikan sartuta dagoena –Anoetan egin zuen debuta–.

Orain galdera da –baita kezka ere– nor izango ote den Martinek utzitako testigua har dezakeen jokalaria. Egongo al da jokalaririk? Gasteiztarra eta alaveszalea da Unai Ropero, aurten egin du debuta eta 2024. urtera arte berritu du hitzarmena klub babazorroarekin.

Aho zapore mingotsa

Datorrena nor izango den asmatzea zaila den honetan, klubean 14 urte eman dituen jokalariari publikoki argi eta garbi eskerrak ez eman izanak aho zapore mingotsa utzi du. Aipatu legez, noizean behin agertzen dira Martin bezalakoak, gasteiztarra eta alaveszalea, eta etxekoenganako afektua erakusteak ezinbestekoa beharko luke. Are gehiago, Martinen irteera justifikatzeko, gutxienez, bera baino jokalari hobea lortu beharko du klubak eta hegalekoak Lehen Mailan itxura ona eskaini badu, zergatik ez Bigarrenean? Tenaglia fitxatu zuen neguan, baina ez du nahikoa horrekin. Azken bi urteetan «presaz eta antsietatearekin» mugitu direla onartu zuen zuzendaritzak eta Alavesen esentzia berreskuratu nahi dutela ziurtatu zuen.

Ekaina bukatu bezain pronto, baina, esentzia mantendu zezakeen jokalaria klubetik atera da, isilpean, eta jakin berri da jaitsierarako laguntzak %40 murriztu dituela Ligak. Mugimendu oro ondo kalkulatu beharko da Bigarren Mailako tranpan bizirauteko. Jabetzan dituen atzerriko klubetan baino harrobian arreta handiagoa jartzeak etorkizunean salba lezake.