NAIZ

UPV/EHUko 19 gradutan matrikulatzeko gutxieneko nota 12tik gorakoa da

UPV/EHUk astelehenean ekingo dio 2022-2023 ikasturtean gradu ikasketak hasiko dituzten ikasleen matrikulazioari. Hori horrela, aurten, 19 gradutan eskatu dute matrikulatu ahal izateko 12tik gorako nota. 

Unibertsitatera sartzeko ebaluazio frogak, Donostian.
Unibertsitatera sartzeko ebaluazio frogak, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) astelehen honetan hasiko du 2022-2023 ikasturtean graduko lehen urteko ikasketak egingo dituztenen matrikulazio epea. Unibertsitateak jakinarazi du, aurten, 19 gradutara sartzeko nota 12 puntutik gora finkatu dela. Gainera, unibertsitate publikoak iragarri duenez, aurten iaz baino 600 pertsona gehiagok egin dute aurrematrikula, 19.085 ikaslek orotara.

Unibertsitate zentroak jakinarazi duenez, uztailaren 21era arte, osteguna, lehen deialdi honetara deitutako pertsonek matrikulak egingo dituzte. Gradu guztietan egin ahalko da online matrikula (esleitutako ordua sarbide frogako notaren araberakoa izanik), eta salbuespen bakarra Medikuntzako Gradua izango da, bertako matrikulak, nahitaez, presentzialki egin beharko baitira.

UPV/EHUk jakinarazi duenez, gutxieneko onarpen nota altuenak dituzten hamar graduak ondokoak izan dira: Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitza (13,351); Medikuntzako Gradua erdaraz (13,066); Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua (12,980); Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,918); Medikuntzako Gradua euskaraz (12,840); Fisikako Gradua (12,748); Odontologiako Gradua (12,748); Bioteknologiako Gradua (12,698); Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Kazetaritzako Gradu bikoitza (12,654) eta Farmazia eta Giza Nutrizio eta Dietetikako Gradu bikoitza (12,617).

«19 gradutan gutxieneko nota 12tik gora dago, eta 43 gradutan 10etik gora. Horrek esan nahi du gure unibertsitate publikoan gutxienez 1.500 ikasle sartuko direla 12tik gorako notarekin, eta gutxienez 3.000 ikasle 10etik gorako notarekin. Datu horiek erakusten dute gure unibertsitatearen graduko eskaintzak, oro har, oso harrera ona duela ikasleen artean», azaldu du Laura Vozmedianok, UPV/EHUko Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreordeak.

8.425 plaza

UPV/EHUren fakultate eta eskoletan guztira 8.425 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola, Gasteizko Erizaintza Eskola eta IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola) plazak gehitu behar zaizkie, guztira 230.

Orotara, UPV/EHUk 105 gradu eskainiko ditu datorren ikasturtean. Horietariko 14 gradu bikoitzak izango dira, bi gradu bikoitz berri izango baitira aurten (Ingeniaritza Zibil eta Arkitektura Teknikoko Gradu bikoitza eta Ingeniaritza Mekaniko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu bikoitza).