NAIZ

17 kongresukide demokrata atxilotu dituzte abortu eskubidearen alde protesta egiteagatik

35 pertsona atxilotu dituzte, tartean 17 kongresukide demokrata, AEBetako Auzitegi Gorenaren aurrean abortu eskubidearen alde protesta egiteagatik. Poliziaren hitzetan, «pilaketa, buxadura eta deserosotasuna» eragiteagatik atxilotu dituzte manifestariak.

Kapitolioko Polizia Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide demokrata atxilotzen.
Kapitolioko Polizia Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide demokrata atxilotzen. (Anna MONEYMAKER | AFP)

35 pertsona atxilotu dituzte asteazken honetan Washingtonen, AEBetan, Auzitegi Gorenaren aurrean abortu eskubidearen alde protesta egiteagatik. Atxilotuen artean 17 kongresukide demokrata daude. Indar polizialen esanetan, «pilaketa, buxadura eta deserosotasuna» eragin dutela ebatzita atxilotu dituzte manifestariak. ‘Roe vs Wade’ sententzia indargabetu izanaren aurka egin dute protesta.

Hauek dira atxilotu dituzten 17 kongresukide demokratak: Katherine Clark, Ayanna Pressley, Barbara Lee, Jackie Speier, Sara Jacobs, Ilhan Omar, Bonnie Watson Coleman, Andy Levin, Rashida Tlaib, Jan Schakowsky, Madeline Dean, Cori Bush, Carolyn Maloney, Nydia Velazquez, Alexandria Ocasio-Cortez eta Alma Adams.

Kapitolioko Poliziak twitter bidez adierazi duenez, atxilotu aurretik «hiru aldiz» ohartarazi diete manifestariei kaletik alde egiteko: «Guztira 35 pertsona atxilotu ditugu pilaketa, buxadura edo deserosotasunagatik (...) Zenbaki horren baitan Kongresuko 17 kide daude». Aldiz, kongresukideek defendatu dutenez, desobedientzia zibileko ekimen batean ari ziren parte hartzen atxilotu dituztenean.

«Ez dago demokraziarik emakumeek ez baldin badute beren gorputzen gaineko eta beren osasunaren inguruko erabakiak hartzeko kontrolik, ugalketa-zaintza barne», adierazi du kongresuan New Yorkeko ordezkari eta atxilotuetako bat izan den Maloneyk, CBS telebista kate estatubatuarrak eskuratu duen ohar batean.

«Ugalketa eskubideak errespetatzen eta babesten dituen estatu bat ordezkatzeko pribilegioa dut; egin dezakedan gutxienekoa da nire gorputza arriskatzea, beren eskubideak galtzeko arriskua duten 33 milioi emakumeengatik», gaineratu du biltzarkideak, Alderdi Errepublikanoaren eta «eskuin muturrekoen» helburua «abortuaren debeku nazionala ezartzea» dela argudiatuta.

‘Roe vs Wade’ sententziaren indargabetzea

AEBetako Auzitegi Gorenak, zeina egun sei epaile kontserbadore eta hiru liberalez osatuta dagoen, ekainaren 24an indargabetu zuen herrialdean abortua ahalbidetzen zuen aurrekari legala,‘Roe vs Wade’. Aurrekari hau 1973tik erabiltzen zen AEBetan abortatzeko eskubidea bermatzeko.

Alabaina, Auzitegi Gorenaren erabakiz, egun estatu bakoitzak du abortatzeko eskubidea legeztatu edo indargabetzeko eskumena. Ordutik aurrera, demokratek behin eta berriz adierazi dute abortatzeko eskubidea lege gisa onartzeko eskubidea dutela; azken ekimena, bi lege-proiektu, iragan den astean aurkeztu zituzten. Alabaina, Senatuaren egungo osaketa medio, litekeena da lege-proposamen horiek aurrera ez egitea.

Hala ere, Bidenen Exekutiboak neurri batzuk onartu berri ditu emakumeei haurdunaldia eteteko farmakoetara sarbidea errazteko. Era berean, era seguru eta legalean, hau da, klandestinitatetik at, abortatu ahal izateko estatu batetik bestera bidaiatu behar duten emakumeei erraztasunak emateko neurriak onartu ditu.