NAIZ

Asier Martinez: «Denbora beharko dut brontzezko domina irabazi dudala sinesteko»

Asier Martinez zizurtarrak pare bat egun izan ditu Munduko txapelketan brontzezko domina irabazi zuela barneratzeko baina onartu du oraindik ere egun batzuk gehiago beharko dituela. Denboraldia «ixteko» moduan ikusten duen arren, Europako txapelketarekin motibatuta dago, «hobeto» egin dezakeelakoan.

Asier Martinez, Eugeneko Munduko Txapelketako podiumean, brontzezko dominarekin.
Asier Martinez, Eugeneko Munduko Txapelketako podiumean, brontzezko dominarekin. (Patrick SMITH | AFP)

Asier Martinez zizurtarrak brontzezko domina erdietsi zuen Eugeneko Munduko Atletismo Txapelketan, 110 metro hesidunen proban hirugarren postuan helmugaratuta. Madrilera iritsi berritan onartu du dominarekin ikustea eta, beraz, aurretik hainbeste miresten zituen horiek moduan ikustea bere burua «arraro egiten» zaiola.

«Tokioko Olinpiar Jokoetan esan nuen bezala, finalista olinpiko gisa ikustea kosta egiten zitzaidan eta orain ere egun batzuk beharko ditut Munduko txapelketan domina irabazi dudala benetan sinesteko», azpimarratu du Martinezek.

22 urteko korrikalari gaztearentzat, «helburu nagusia finalera pasatzea zen», aurreko hainbat txapelketatan lortu legez, gero lasterketa «borrokatzen saiatzeko».

Martinezek iritzi du lasterketa «tirabiratsua» izan zela eta faborito nagusietako biren akatsak» markatu zuela: «Zaila izan zen errakuntzara errazago eraman nintzaketen tentsio-une horiek kudeatzea, baina azkenean nire kontzentrazioak gertaera horietatik aldendu ninduen, ondo egiten saiatu nintzen eta helmugara iritsean tentsioa deskargatu nuen, oihuka».

Zortzigarren kalean lehiatu zuen zizurtarrak eta adierazi du ez zuela «erreferentzia askorik». Modu horretan, azaldu du nola ohartu zen hirugarren helmugaratu zela: «Burua jiratzean, ikusi nuen bi estatubatuarrak soilik iritsi zirela nire aurretik eta orduan egin nuen oihu, ospatzen hasi nintzen».

23 orduko bidaiaren ostean, nekea nabaria izan da Martinezengan. Bere entrenatzaile François Beoringyan-entzat hitz sentitu batzuk adierazi ditu: «Entrenatzailearekin atletak sufritzen duela iritzi duen horietakoa naiz, eta baita entrenatzaileak atletarekin ere; beraz, une gozo hauetan buru etortzen zaidan lehen pertsona bera da».

«Berarentzat hau dena da, niretzat bezala, balio bera du eta bere meritua ere bada», jarraitu du Martinezek, eta familiari, lagunei eta atletismoko kideei ere eskerrak eman dizkie.

Pozik egon arren, hori bai, Asier Martinezen handinahiak ez du mugarik: «Nahiko pozik nago denboraldi honekin, oraintxe bertan itxi nezake baina datorren Europako Txapelketarekin oso motibatuta nago, hobeto egin dezakegulako».

2024ko Pariseko Olinpiar Jokoez galdetzean, berriz, zuhurragoa izan da, «bi urtetan gauza onak eta txarrak gerta baitaitezke». atleta gisa gozatzen eta garatzen jarraitu nahi duela argitu du, «hemendik Parisera lehiaketak pilatzen saiatu eta beste atleta batzuen esperientzia bera izateko».