
Nahiz eta mehatxatutako espeziea izan, Panthera Tigris edo tigre basatien populazioa egonkor dago eta handitzen ere ari da. Gainera, uste zena baino %40 handiagoa da marra beltz eta azal laranjadun animalia ikusgarrion kopurua. 3.726 eta 5.578 artean dira. Hala jakinarazi du ostegun honetan Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak (UICN).
Aldiz, pinpilinpauxa monarka migraria (Danaus plexippus), ugaltzeko urtero milaka kilometro egiteko gai dena, erakundearen zerrenda gorrian sartu da, klima larrialdiaren eta bere habitataren hondamendiaren ondorioz batik bat.
Tigreen kopuruan ageri den %40ko salto hori ulertzeko, animalia horien jarraipena egiteko teknikak hobetu direla hartu behar da kontuan. Pentsatzen zena baino tigre gehiago dagoela erakusten dute metodo horiek. Haien munduko populazioa egonkor edo goranzko joerarekin ageri dela ere hartu behar da aintzat, UICNk azaldu duenez.
Erantsi duenez, joera demografiko horiek erakusten dute UICNren zaintza programak eraginkorrak direla eta berreskurapena posible dela horretan ahaleginduz gero.
Halere ez dago salbu
«Hala eta guztiz ere, tigrea ez dago salbu. Mehatxu nagusiak ezkutuko ehiza eta beren harrapakinen ehiza dira, eta haien habitatak zatitu eta hondatzea ere bai, nekazaritzak eta pertsonek gero eta presio handiagoa egiten dutelako», ohartarazi du 1.400 antolakunde barne hartzen dituen erakundeak.
Espezie hau zaintzeko, babestutako guneak zabaltzea, konektatzea eta ongi kudeatzea funtsezkoa dela azpimarratu du, baita tigreen habitaten barruan eta inguruan bizi diren tokiko komunitateekin lan egitea ere.
Tximeleta monarka galtzen ari da
Danaus plexippus espezieko tximeletaren joera justu kontrakoa da. Galtzen ari da pinpilinpauxa monarka migrariaren Ipar Amerikako populazioa. UICNren arabera, %22 eta %72 artean murriztu da azken hamarkadan.

Horregatik, zerrenda gorrian sartu du naturako mirarien hauskortasunaren irudi den intsektua. Milaka kilometro egiten ditu urtero ugaltzeko.
Zuhaitzen mozketa, deforestazioa, pestizidak eta herbizidak tximeletak eta horien larbak elikatzen dituzten landareak hiltzen dituztela esplikatu du UICNk.
1980tik ia erabat galdu da mendebaldeko populazioa. Ekialdekoa, berriz, handiagoa, %84 gutxitu zen 1996 eta 2014 artean.
Anna Walker New Mexico Biopark Society elkarteko kideak, tximeleta monarka hauen ebaluazioa zuzendu zuenak, jendearen eta antolakundeen mobilizazioetan ikusten du esperantza intsektu hau eta bere habitatak babesteko.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
