NAIZ

Sexu erasoen salaketak %48 igo dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan 2019arekin alderatuz

2019arekin konparatuz, sexu erasoen salaketek %48ko gorakada izan dute Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan 2022ko lehen seihilekoan. Iazko datuekin konparatuz, hazkundea %31koa izan da.

Bortxaketa bat salatzeko manifestazioa Barakaldon.
Bortxaketa bat salatzeko manifestazioa Barakaldon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2019arekin, pandemia aurreko azken urtearekin, konparatuz, sexu erasoekin lotutako salaketek %48ko hazkundea izan dute 2022ko lehen seihilekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Alderaketa iazko lehen seihilekoarekin eginez gero, salaketak %31,25 igo dira.

Josu Erkorekak, Lakuako Segurtasun sailburuak, Radio Euskadiko ‘Boulevard’ saioan asteazken honetan zehaztu duenez, gorakada «nabarmen» hori garrantzitsuagoa izan da sexu erasoetan, delitu larrienetan, sexu askatasunaren aurkako delituetan erregistratu dena baino.

Sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren inguruko salaketak %20,85 igo dira, 2021ean 307 izatetik 2022an 371 izatera pasatu baitira, baina 2019arekin konparatuta kutsu honetako salaketak %51 igo dira. Erkorekaren hitzetan, «ziurrenik» igoera horren zati handi bat orain «salaketa gehiago jartzen direlako» da.

«Delitu sexualak, historikoki, kriminalitate ezkutu zabal baten esparrurik argiena dira, eta, gizartea eta biktimak sentsibilizatuz, ezkutuan dagoen kriminalitate hori azaleratzea lortzen ari gara. Errealitatetik hurbilago dagoen argazkia da oraingoa, eta sexu delituen hedadura uste genuena baino askoz ere handiagoa da», aitortu du Segurtasun sailburuak.

Erkorekak uste du «zaila» dela alderaketak egitea salaketen gorakadagatik, batez ere biktimen bikotekideei dagozkien kasuetan. Era berean, gogorarazi du talde erasoak «salbuespenezkoak» direla, sexu erasoetan «ohikoena» erasotzailea «ezaguna» izatea baita. «Horregatik identifikatzen dira kasuen %80an eta (kasuak) konpontzen dira», adierazi du.

Hazkunde nabarmenena, Gipuzkoan

Salaketa kopurua Gipuzkoan igo da gehien. 2021eko lehen seihilekoan 23 sexu eraso salaketa erregistratu ziren bitartean, 2022ko denbora tarte berean 44 izatera pasatu dira. Beraz, iazko balantzearekin alderatuz, sexu erasoen salaketek %83 egin dute gora.

Bizkaian, ostera, iaz baino hiru salaketa gehiago eta 2019an baino hamahiru gehiago zenbatu dituzte. Hori horrela, 2022ko urtarriletik ekainera, 53 sexu eraso salatu dira guztira.

Araban, bere aldetik, joan den urtean baino bi sexu eraso gehiago zenbatu dira, baina 2019an baino bost gehiago.

Ziztada bidezko erasoak

Sumisio kimiko bidezko erasoen aferan, Erkorekak baieztatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hiru salaketa izan direla: bi Gasteizen eta bat Santurtzin. Hala ere, Nafarroako salaketak aintzat hartuz gero datuak are lazgarriagoak dira, sanferminetan beste zortzi emakumek salatu baitzituzten ziztadak.

Sailburuak berretsi duenez, «ziztadak benetakoak dira» eta biktimei osasun frogak egin zaizkie ziztaden eragina zein izan den ikusteko.

Dena den, Erkorekak esan du oraindik ez dutela argi «horrelako erasoen zentzua edo irismena»; beraz, «sumisio kimikoko kasuekin zerikusirik izan dezaketen ala ez» ikertzen jarraitzen dutela adierazi du.

Erasotzaileak

Prozesu judizialei dagokienez, Segurtasun sailburuak berretsi du kasuen %86 «ebatzita» daudela eta «autoreak epaileen esku» utzi dituztela. Hori horrela, aurten 45 pertsona atxilotu dituzte eta beste horrenbeste ikerketapean daude.

Era berean, Erkorekak jakinarazi duenez, «erasotzaileetatik 12k ez dituzte 18 urte bete». Horretaz gain, sailburuak iragarri du 31 erasotzaile 19 eta 30 urte bitartekoak direla, 29 erasotzaile 31 eta 50 urte bitartekoak, eta gainerako 18ak 50 urtetik gorakoak.