NAIZ

32 metroko diametroa duen zulo bat antzeman dute Txileko kobre meatze baten ondoan

32 metroko dimetroa eta 64 metroko sakonera duen zulo bat hauteman dute Atacamako basamortuko (Txile) kobre meatze baten ondoan. Meatzeko langileen artean ez da zauriturik egon.

Txileko meatze baten lurretan antzeman duten 32 metro zabal eta 64 metro sakoneko zuloaren aireko irudia.
Txileko meatze baten lurretan antzeman duten 32 metro zabal eta 64 metro sakoneko zuloaren aireko irudia. (Johan GODOY | AFP)

Txileko Gobernuak astearte honetan jakinarazi du Atacamako basamortuan detektatutako zulo baten agerpenaren kausak ikertzen ari dela. 32 metroko zabalera eta 64 metroko sakonera duen hobia kobre meatze baten ondoan hauteman dute. Zuloaren agerpenak ez du zauriturik eragin meatzeko beharginen artean.

Geologia eta Meatzaritzako Zerbitzu Nazionaleko Meatzaritzako Zuzendariordetza Nazionalak (Sernageomin) ohar baten bidez esplikatu duenez, adituek zuloa agertu den Tierra Amarilla udalerrira bidaiatu dute, Santiagotik 800 kilometro iparraldera, asteburuan azaldutako zuloa aztertzeko.

Zuloaren inguruan ehun metroko segurtasun perimetroa ezarri dute, zeina Kanadako Lundin Miningek operatutako Alcaparrosa de Candelaria meategiaren lursailen barruan dagoen.

Enpresak zuloaren agerpenak meatzeari kalteak eragin izana ukatu du: «Ez da pertsonalarengan, azpiegituran edo ekipoan inpakturik egon». Ildo beretik, detektatu duten unetik hobia «egonkor» mantendu dela esan du.

Hala ere, kautelazko neurri gisa, «Alcaparrosako lurpeko meategiko eremu batean garapen-lanak aldi baterako eten dira», adierazi du enpresak. Era berean, lurrean mugimendurik atzeman ez dutela azpimarratu du.

Sernageomineko zuzendariak, David Montenegrok, sostengatu du meatzaritzako espezialistek eta langileek «arrazoiak argitu» eta «segurtasun neurri guztiak hartzen direla ziurtatu» nahi dutela. Enpresak esan bezala, lurra benetan egonkor dagoela egiaztatzeko, Montenegrok gehitu du profesionalak gunea ikertzen ari direla «pitzadurak ba ote dauden ikusteko» eta «bere benetako egoera ikusteko».

Egun, 13.000 pertsona bizi dira Tierra Amarillan. Herriko alkateak, Cristian Zuñigak, tokiko hedabideei azaldu die biztanleak beti izan direla inguru horretako meatzaritza-operazioek eragin dezaketen gertakarien beldur.

«Zulo erraldoi hau gure komunitatean sekula ikusi ez den zerbait da. Gertaera hau zergatik jazo zen argitu dadin eskatzen dugu, luizia meatze-jardueraren ondorioa den edo beste izaera batekoa den», aldarrikatu du.

Txile munduko kobre ekoizle nagusia da, eskaintza globalaren %25 baino gehiagoz arduratzen baita.