Arnaitz Gorriti

Denboraldi erdia Eusko Label Ligako txanponarekin: Getaria aurkia; Santurtzi ifrentzua

Igo berria izan arren, Getariak dagoeneko denboraldia salbatu du eta maila mantentze hutsa baino beste helburu batzuek jar ditzake. Santurtzik bazekien ez zuela azken urteetako titulurik berrituko, baina azkenaurreko postuan joango zenik ez zuen pensatuko hamar estropada eta gero.

Eusko Label Ligako sorpresa positiboetako bat izaten ari da Getaria orain arte.
Eusko Label Ligako sorpresa positiboetako bat izaten ari da Getaria orain arte. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Asteburu honetan Eusko Label Ligak Hondarribian eta Getarian ospatuko ditu dagozkion estropadak eta modu honetan denboraldiaren bigarren erdia abian jarriko du. Normalena kasu hauetan Liga iragazteko lehian dabiltzan traineruen inguruan berba egitea litzateke; Hondarribia liderra eta bigarren postuan doan Donostiarraren artean dauden hiru puntuak eta, akaso, sailkapen nagusian hirugarren doan Urdaibaik nola alde apur bat galdu duen onenekiko eta lidertza zazpi puntura nola geratu zaion.

Alabaina, behingoagatik sailkapenean beherantz begiratzea komeni da, denboraldiko prebisioetatik errealitate gordinera zernolako aldea dagoen ikusiko bada. Modu honetan, prebisioek diotena baino askoz emaitza hobeak eta txarragoak dituztenak zernolako balantzea egiten duten jakitea oso interesgarria da.

Patua zuzena edo okerra izatea sarritan txanpon beraren aurkia eta ifrentzua izan ohi dira. Hori hala bada, ez dago adibide garbiagorik Getaria edo Santurtzik izan dezaketen pertzepzioa baino zein den aurkia eta zein ifrentzua argitzeko.

61 punturekin, bosgarren lekuan dagoen Kaikurengandik puntu bakarrera, getariako ontzia dago. Debuta egiten du talde gipuzkoarrak Eusko Label Ligan eta etxeko jendearekin atondu du ontzia beste behin.

Denboraldia hasi bezperetan Joan Ander De la Hoz arraunlari eta kazetariak zioenez «KAE1 Ligan bagenekien goiian egoteko nolako maila eman behar genuen, baina hau elitea da eta aurkariak ondoan direla jarri arte, ezin da jakin orain arte egindako lana ona den ala ez, sentsazioak onak diren arren».

Ez da harritzekoa, beraz, hitzak neurtuta botatzea lehia abiatu aurretik eta, ondorioz, «zakua ahalik eta arinen eta ahal bezain beste betetzea» izatea getariarren helburua aurreneko estropada jokatu baino lehen. «Hamabigarren postua saihestu behar dugu lehenengo eta behin, eta gero ahal bada, hamaikagarrena, eta gero hamargarrena...» zioen De la Hozek, lehiak «Esperantza» ontzia non lagako ote zuen ezin asmaturik.

Bada, esan bezala, aurreikuspen onenak ere ari da gainditzen Getaria eta maila dagoeneko salbatu duela esan liteke inolako lotsarik gabe. Azken postuan doan Aresek halako bi puntu ditu ia talxde gipuzkoarrak –61 Getariak, 31 Aresek– eta azkenaurrekoa den Santurtzik –34 puntu– baino 27 puntu gehiago. Santurzi eta Getariaren artean gainera, Ondarroa, Lekittarra, Cabo eta Zierbena daude. Ia ezinezkoa behar du falta diren hamar estropadetan «Esperantzak hain hankasartze handirik egitea».

«Hasieran oso ongi hasi ginen, estropada txukunak eginez. Nik uste horrek konfiantza eman zigula denboraldian aurrera jarraitzeko. Hala, estropadaz estropada gozatzen ari gara eta lanean oso ondo goaz», gaineratu du Haritz Miralles Getariako arraunlariak.

Egia da Orion eta Santurtzin getariarrek atzera ere berdin egin dezaketela ikusi zutela, hamargarren eta hamaikagarren postuetan amaitu baitzuten hurrenez hurren, baina hamar estropadatik bost aldiz sei onenen artean amaitu du «Esperantzat», horietatik lautan bosgarren –Bermeo, Donostia, Zierbena eta Lekeitio–. Ez dute momentuz bosgarren postutik aurrerago amaitzerik erdietsi, baina ez zen hori beren helburua denboraldia hasi baino lehen. Ikusi egin behar asteburu honetan, igandean etxean batez ere, pausu hori emateko gai diren, baina helburuak gorantz begira aldatu ahal izatea baino gozamen handiagorik nekez izango du kirolari batek.

Txapelduna larri

Diru arazoak gorabehera, jakina zen Santurtzi, azken bi urteetako Eusko Label Ligako txapelduna, ez zela aurrean ibiliko. Orotara 14 arraunlari galdu ditu iaztik hona eta 13 lotu gutxienez elitean trainerua atera ahal izateko.

Aurreneko estropadan, Bilboko Banderan, seigarren postua eskuratu zuen «Itsasoko Amak» eta denboraldiari begira iragarmen polita zirudien emaitza hark santurtziarrentzat. Tamalez, hurrengo bederatzi estropadetan ezin izan dute seigarren postu hori behin ere berdindu. Santurtzin, etxean, zazpigarren lekua lortu zuten, baina bigarren estropadatik zazpigarrenera bitartean bederatzigarren lekutik azkenaurrekora bitartean ibili dira santurtziarrak, gorago joan ezinik.

Okerrena, ordea, joan den asteburuan bizitzea egokitu zaie «Itsasoko Amakoei». Getxon, bigarren txandatik abiatuta, azken, azkenaurreko postuan amaitu zuen Arsek baino sei segundu gehiago behar izan da ohiko hiru itsas miliak osatzeko.

Lekeition domekan, berriz, ia okerrago. Azken amaitu ez ezik, arerio zuzenek –Aresek, Ondarroak, Lekittarrak edo Cabok– aldea atera zuetelako «Soterakoei». Orotara, 34 puntu eta azkenaurreko postuan daude azken bi urteetako txapeldunak, azken postuan jarraitzen duen Aresek baino hiru puntu gehiagorekin.

Mikel Pedrosa arraunlariak, hala ere, baikor begiratzen dio «Soteraren» etorkizunari. «Taldea hobetzen ari da pixkanaka. Badugu zer hobetua, adibidez, estropada askotan ez gara oso erregularrak eta garbi dago hori hobetu behar dugula. Badakigu non gauden, bestalde; Eusko Label Ligak maila oso altua duela ondo dakigu. Horregatik, estropada bakoitzean buruz gogorrak izan behar dugu, bestela ez dugulako denboraldia ondo amaituko. Baina tira, hor goaz, eta aurrera jarraituko dugu», dio arraunlari bizkaitarrak.

Getariak ez bezala, askoz ardura handiagoko helburuak ditu Santurtzik, baina badaki bere urduritasuna Ares, Ondarroa, Isuntza eta Cabok ere bere horretan bizi dutela, azken baten Aresen 31 puntuetatik Caboren 41 puntuetara bitartean bost talde murgilduta baitaude.

Jakina, horietatik bakarra da maila zuzenean galduko duena eta bakarra, bestetik, play-offen bitartez defendatu beharko duena bere lekua arraunlaren elitean. Horrez gain, hamar estropadatan zernahi gerta liteke lehiaketaren beheko parte horretan. gogoratu bestela Cabok azken lau estropadetan izan duen hobekuntza, Ondarroak nola hanka egin duen azken postutik eta baita hamaikagarrenetik ere asteburu bakarrean eta baita Isuntzak Lekeition, etxean, joazn zen domekan ezustean eskuratu zuen seigarren postua eta horrek sailkapenera begira ekarri dizkion puntu pila.

Denboraldi erdiak aurkia eta ifrentzua du, baina beste erdi bat falta da, eta txanponetan beti ez dira aurpegi berberak ageri. Estropadek esango dute denboraldiaren bigarren erdia eta gero zeintzuk taldek osatzen dute aurki irribarretsua eta ifrentzu kopetilun berria.