Marcel Pena

Luisa Carnesen ‘Hamahiru ipuin’ euskaratu ditu Danele Sarriugartek

1936ko gerraosteko langileen egoera edo emakumeen borroka dira Luisa Carnesen ‘Hamahiru ipuin’ liburuan jasotako gai batzuk. Orain, Danele Sarriugarte itzultzaile eta Erein argitaletxeren eskutik euskaraz irakurri ahalko dira.

Danele Sarriugarte eta Uxue Razquin, astearte honetako aurkezpenean.
Danele Sarriugarte eta Uxue Razquin, astearte honetako aurkezpenean. (Jon URBE | Foku)

Luisa Carnes idazle madrildarrak idatzitako ‘Hamahiru ipuin’ liburuak euskarazko bertsioa izango du Danele Sarriugarte idazlearen itzulpenari esker. Uxue Razquin Erein argitaletxeko editorearekin batera, astearte honetan Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu du liburua Sarriugartek.

«Taxuz» aritu da itzulpen lanean. Sarriugartek azaldu duenez, liburuko ipuinek erregistro batzuk jotzen dituzte: gogorragoak, 1936ko gerra eta diktadurari lotuak, jostariagoak, salaketa politikoa nabarmenagoa den ipuin kronikak...

Hain zuzen ere, Carnesen ideologia argi geratzen dela hainbat ipuinetan aipatu du Sarriugartek. Bere testuak garai bateko testigantza zuzenak dira literaturaren bidez, baita kronika itxura daukatenak ere: «Nahiz eta ipuin guztiek daukaten alderdi sozial hori, ipuin batzuen kasuan gehiago sartuta dago narrazio baten pertsonaien bilakabidean, eta beste kasutan ikusten da bera kazetari zela», esan du. Hala ere, egileak nabarmendu du, tragediaz gain, liburuak «umore pixka bat» ere badaukala.

Bere aldetik, gaztelaniazko bertsioa irakurri zuenetik, Razquinek oso argi izan zuen euskarazko itzulpena beharrezkoa zela, batez ere bi arrazoirengatik: «Lehenengo ideia da gaztelaniaz irakurri nuenean, euskaraz imajinatu nuela Carnesen ahotsa. Euskaraz irakurri eta entzun nahi nuen nire buruan ahots hori. Beste arrazoia izan daiteke Espainiako historiaren garai jakin baten testigantza ezagutzeko aukera dela, eta merezi du ipuinetan agertzen diren gaiak euskaraz irakurtzeak, hala nola errepresio frankista, preso eta erbesteratuen egoera edo emakumeen borroka».

Razquinen ustez, «kontalari bikaina eta deskribapenak egiten maisua» da Carnes. «Artifiziorik gabeko ahotsa du Carnés-ek, baina bere estilo zailduak benetan magiko bihurtzen du, indartsua, argia. Ipuinak gogorrak dira, islatzen dituen garaiak bezalaxe», azaldu du Ereineko editoreak.

Madriletik Mexikora

Luisa Carnesek (Madril, 1905-Mexiko Hiria, 1964) oso denbora luzean idatzi zituen ipuinak, hain zuzen 1931tik 1963ra bitartean, eta lau ataletan banatuta daude: Errepublika garaikoak (‘Bikiak’, ‘Emakume itsusia’ eta ‘Olibondoak’), gerra eta gerraostekoak (‘Etxean’, ‘Salataria’ eta ‘Iparrorratzik gabe’), Mexikori buruzkoak (‘Familiako albuma’, ‘Mulatoa’ eta ‘Atezaina’) eta nazioarteko gaiak lantzen dituztenak (‘Emakume ereilearen unea’, ‘Akelarre’ eta ‘Smith jaun-andreak’).

Carnes, eleberrigile eta kazetaria, 27ko belaunaldikoa zen baina «ikusezin» bilakatu zuten. Langile-familia bateko alaba, Las Letras auzoan jaio zen, Madrilen. Hamaika urterekin kapela-lantegi batean hasi zen lanean, eta 1928an bere lehen lana plazaratu zuen, ‘Peregrinos de Calvario’, narrazio laburren bilduma bat.

Te-areto batean lan egin zuen gero, eta han bizitakoei tiraka idatzi zuen ‘Tea Rooms. Mujeres obreras’ (1934) nobela. Carnes autodidakta zen, eta irakurleen eta kritikaren babesa jaso zuen lehen eleberriari esker. Haren ibilbidea 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak eten zuen. Mexikora erbesteratu zen; han hil zen, gazterik, auto istripu baten ondorioz.