NAIZ

Elkar Taldea, Gipuzkoako Urrezko Domina bere 50. urteurrenean

Elkar Taldeak jasoko du Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina, Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak asteazken honetan ebatzi duenez. Mende erdian zehar euskara eta euskal kultura sustatu eta garatzeko egindako lana aitortu nahi zaio Gipuzkoako bereizgarri gorenaren bitartez.

Elkarreko arduradunak maiatzean Adunako egoitza berriaren aurkezpenean.
Elkarreko arduradunak maiatzean Adunako egoitza berriaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Elkar Taldeak jasoko du Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina, asteazken honetan jakitera eman denez. «Elkar Taldea euskara eta euskal kultura ardatz dituen erakundea da, eta euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea da xedea, enpresa eta ekonomia, euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz. 50 urte daramatza honetan eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak gure lurralde historikoko bereizgarri gorena eman nahi dio, Gipuzkoaren izenean egin dezakeen omenaldirik eta aitortzarik handiena», azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.

Abenduan emango zaio bereizgarria, Aldundian bertan egingo den ekitaldi batean.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da asteazken goizean, astero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan egin du iragarpena. Gogoratu duenez, Elkar euskal gizartea lagundu, elikatu, garatu eta euskarari eta euskal kulturari irisgarritasuna eta irismena emateko sortu zen 1972an. «Bere helburua garaiko euskal kultur egoeran zegoen hutsunea betetzea zen. 1974an Elkar Taldeak 40 kide zituen, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak, ideologia politiko anitzekin, euskara eta euskal kulturaren beharrei erantzuteko asmoz. Ezberdintasun ideologiko horrekin bete-betean asmatu zuten, desberdinen artean lan egiteak erakutsi zielako eta elkarlanerako bideak ireki zizkielako», azaldu du.

Adierazi duenez, Elkar Taldearen erabaki behinena hasieratik zerbitzu integrala eman eta liburuaren balio kate osoa antolatzea zen. «Gaur egun, liburuez eta musikaz gain, komunikazioaren teknologien garapenean sortutako jarduera berriak ere jorratzen ditu, merkatu aldaketetara egokituz eta euskal ekosistema kulturalean gune zentrala eta oso zabala okupatuz. Gainera, Gipuzkoako motor ekonomiko handienetako bat dela esan daiteke», adierazi du Mendozak.

Gehitu duenez, jarduera multzo hori ez dago etekinak banatzen dituen enpresa baten edo batzuen esku, baizik eta fundazio baten esku, Elkar Fundazioaren esku, zeinak ekintza guztiak kudeatzen baititu. Horrela, etekinak, baldin badaude, ez dira banatzen, baizik eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten proiektuetan inbertitzen dira erabat.

Urrezko Domina (edo Plaka, kolektiboak aitortzen diren kasuetan) Diputazioak ematen duen sari gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Harrezkero, hauek izan dira saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal eta Arrasateko mugimendu kooperatiboa (2005), Pedro Luis Uriarte, Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehenengo ikastolak antolatu zituzten andereñoak (2009) Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, ‘Egunkaria’ eta ‘Egin’ (2013), Benito Lertxundi, Gipuzkoako harrera familiak eta Ordena Publikoko tribunalak kartzelara kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), Juan Antonio Urbeltz eta 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Estatutik Gipuzkoara lekualdatu ziren langileak eta euren familiak (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), Frankismoaren biktimak (2017), Jakin (2018), Aspegi (2019) eta Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa (2021).