NAIZ

200 ekintzaile atxilotu dituzte Amsterdamen hegazkin pribatuen aurkako protesta batean

200 ekologista inguru atxilotu dituzte larunbat honetan Amsterdameko Schiphol aireportuan, hegazkin pribatuentzako pista bat okupatu dutelako.

Aktibista ekologistak hegazkin pribatuen aireratzea blokeatu dute Amsterdameko aireportuan.
Aktibista ekologistak hegazkin pribatuen aireratzea blokeatu dute Amsterdameko aireportuan. (Remko DE WAAL | AFP)

Greenpeace eta Extinction Rebellion erakunde ekologistetako 200 ekintzaile inguru atxilotu dituzte Amsterdam-Schiphol Nazioarteko Aireportuan ekintza batean hegazkin pribatuek erabiltzen duten pista bat okupatzeagatik.

«Errege Polizia Militarrak hainbat atxiloketa egin berri ditu Schiphol-Ekialdean, aireportuko lurretan baimenik ez duten pertsonekin lotuta», jakinarazi du Poliziak berak Twitterren argitaratutako ohar batean.

Geroago jakinarazi duenez, oraindik pistan dauden ekintzaileei ingurua uzteko eskatu diete, atxilotzeko mehatxupean. «Aktibista klimatikoak Schipholen. Eragiketen eremutik alde egiteko eskatzen zaie. Hori betetzen ez badute, atxilotzeko arriskua dute», adierazi du.

Greenpeacen arabera, 500 bat ekintzailek aireportuko hesiak zeharkatu dituzte eta hainbat jet pribaturen azpian eseri dira aireratzea eragozteko. Batzuk aparatuetara kateatu dira, beste batzuk pistan bizikletaz paseatzen ari ziren bitartean.

 

 

«Amsterdam-Schiphol aireportuan, Herbeheretako Extinction Rebellion mugimenduaren kideekin batera, jet ‘megakutsakor’ pribatuak lurrean utzi ditugu. Hegazkin pribatuak bidaiatzeko modurik kutsagarriena dira! Schipholek kutsatzeari utzi behar dio. Behar ez diren hegazkin pribatuak gelditzea lehen urratsa da», argitaratu du Greenpeace Herbehereak erakundeak Twitterren.

Hasieran sei atxilotu zeudela zabaldu da, baina azkenean Poliziak onartu duenez 150tik gora lagun eraman dituzte eta seguruenik 200 inguru izango dira. Gainera, Greenpeacek behar ez zen bortizkeria erabili izana leporatu dio Herberehetako Poliziari eta zauritu baten berri eman du, buruan kolpea duelarik.

Extinction Rebellionek salatu duenez, atxilotutako aktibistak hainbat ordu daramatzate autobusetan sartuta, aireztapenik gabe eta poliziak uko egiten dio ekintzaileei janaria emateari. Pertsona bat gaixotu dela eta anbulantzia bat behar izan duela ziurtatu dute.

NOS Herbehereetako telebista publikoak aipatutako Greenpeaceko bozeramaile batek adierazi duenez, «helburua da gaur hegazkin pribatu bakar bat ere ez aireratzea, eta ahalik eta denbora gehien geratuko gara».

Extinction Rebellionek ziurtatu du Schipholeko «VIP terminaleko hegaldi pribatu guztiak» gelditzea lortu dutela. «Jet pribatua bidaiatzeko modurik kutsagarriena da. Hegazkin ‘normal’ bat baino 5-14 aldiz kutsagarriagoa. Gaur hegaldi hauek blokeatu ditugu Extinction Rebellion Herbehereekin batera. Gure eskaria? Jet pribatuak eta hegaldi ultralaburrak amaitzea», gaineratu du Greenpeacek.

Greenpeacek larunbaterako «ekintza» iragarri zuen, eta Ruud Sondag Schipholeko zuzendariak ekologistei «garbiak» izateko eskatu zien ostiralean.