Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Sustrai Colina, 710 puntu sustraietatik

Sustrai Colinak pilatu zuen puntu gehien atzoko Irungo finalaurrekoan, 2.500 bertsozalek berotutako plazan. Bertsolariak ere tenperatura parekoan aritu ziren; bero, zorrotz, langile, jostun. Puntuazioan ez dira kabitzen Irunen altxatutako bertso olatuak. Arantzak ditu txapelketaren larrosak.

Irungo saioan aritutako bertsolariak.
Irungo saioan aritutako bertsolariak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ozamena. Oinek dirdir eta soinek dardar, Ane Labakak hasierako agurrean desio bezala. Atzo Irunen parean tokatu ziren bertsolariak aupatzeko gogoz zegoen 2.500 laguneko plaza eta bertsozalea xaxatzeko eta goratzeko pronto zeuden sei sortzaile.

Giro paregabeari kategoriako bertsoak josi zizkion kantuan aritu zen seikoteak. Eta denek izan zuten beren momentua, beren gailurra. Puntuazioak kontatzen duena eta plazaren taupada akaso ez ziren parean gertatu. Hori izan zen amaierako sentsazio gazi-gozoa. Horrelako mikatzak ditu batzuetan txapelketak.

Gozotik Sustrai Colina aritu zen. Saioa oso goitik eraman zuen. Bertsozaleari eskutik heldu eta berak nahi eran eramanez puntuz puntu, eta azken puntadan, txilinbuelta. Segur aski 710 puntuek ez dute ñabarduraz kontatzen Colinak Irunen egindako guztia.

Nerea Ibarzabalekin abiatu zuen saioa zortziko nagusian. Duela zenbait aste beraien auzoan lapurrak izan ziren eta, geroztik, zaintza kameren eta alarma sistemen iragarkiak iristen zaizkie gutun-ontzira. Biek goitik eraman zuten ariketa, bikain. «...interesgarri izan daiteke jendea asaldatzea/ beraien lana bene-benetan baita alarma saltzea», zabaldu zuen bidea Ibarzabalek. Colinak ere oso goitik jarraitu zuen. Hauxe, bere hirugarrena: «nahiz gizarteak esan behar luken libre izaten ausartu/ nahiago dugu gure oskolan barneratu eta zahartu/ ordea dudan baldin bagaude alarma hartu ez hartu/ jada zeozer ostu digute nahiz ta etxean ez sartu».

Zortziko txikian Miren Artetxerekin arratsaldeko une gorenetakoa sinatu zuen Colinak. Lagunak ziren, Colinak etxean erreforma batzuk egin nahi zituen eta Artetxe laguntzera etorri zitzaion. Hasi orduko behar ez zen horma bat bota zuen Artetxek. Artetxe, izugarri aritu zen ariketa honetan, puntu gehienak bilduaz. Bere bigarrena: «Ba ez dakit badaukazun hau ordaintzeko lain/ utzi dizut moderno utzi dizut apain/ minimalist style-a uztazu nere gain/ ze honi open concept deitzen zaio orain». Eta, Colinak, «ta orain dator adar jotzearen txanda/ zer egin behar dut nik obra hontatik landa/ aizu Miren ni enaiz Urkulluren banda/ ez nauzu engainatzen inglesez esanda».

Eta ganbarakoan ere hegan egin zuen Colinak. Hauxe zuten gaia: Kalean zoazela haren ahotsa entzun duzu; hunkitu egin zara. «Gorabehera asko izaten dira bizitzaren erliebean/ inoiz edo behin ahanzteraino jende garela jendean/ keinu bat egin didazunez zuk / kartoi artean ikusi zaitut/ hotzak harturik mendean/ garai batean klasekideak aprobatzeko xedean/ orain bizitzak kokatu gaitu bakoitza bere fedean/ klasekideak ginenak lehen/ orain hor zaude ta ni hemen / zu zurean ni nerean/ baino ez klase berean».

Bigarrena Nerea Ibarzabal izan zen. 673 puntu pilatu zituen, zeresana eman zuen puntuazioa, saioa oso goitik josi baitzuen. Ariketa guztietan zorrotz, gai bakoitzari neurrira jositako hiztegi eta ideiekin. Seiko motzean, adibidez, sekulako lana egin zuen, Maddalen Arzallusekin batera. Etxalde batera bizitzera joan den bikotearen azalean, beren kontsumorako abere batzuk hazten aritu dira. Arzallusek ez ditu abereak hil nahi. «Ba enago oso trankila/ ez baitzara hain abila/ leku honetan ere in ditugu esperantza pila/ gure arkumetxo umila/ etxean gera dadila/ ta gero dendan erosi beste baten txuletilla». Hor goitik eraman zuen ofizio osoa. Eta ganbarakoan ere distiratsu. Hildako aitaren doluaren inguruan, «Amaigabea delako dolu baten espirala/ berdintsu zaizkit astelehen, domeka zein ostirala/ ta iruditzen zait kaleak ere erantzuten didala/ dena udazkentzen eta hostoz erortzen doala/ gizonarenganantz biraz begirada berehala / nahigabe lez eskaini dit bere irripar zabala / oilonarrutzen hasi zait sabel parteko azala/ berak ere ezagutu izan banindu bezala».

Jone Uriak sendo hasi zuen arratsaldea eta goitik behera etorri zen akaso, baina saio ona eginda. Maddalen Arzallusek ere majo lan egin zuen eta berdin Ane Labakak, bere zapatetatik etengabe lanean. Sei bertsolari puska eta plaza eder bat atzo, Irunen.