Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hego Euskal Herriko gazteria, kalitate «txarra» duen demokrazia aldatzeko prest

Astelehen honetan aurkeztu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean ‘Gurea Geroa’ inkestaren emaitzak. Datuek erakusten duten bezala, gazteek gaur egungo demokrazia «txarra» dela uste dute, baina egoera honi aurre egiteko prest daude, mobilizazioaren bitartez.

Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu dute astelehen honetan ‘Gurea Geroa’ inkesta.
Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu dute astelehen honetan ‘Gurea Geroa’ inkesta. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Gurea Geroa’ izena duen inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko gazteen erdiak baino gehiagok (%62) uste du demokraziaren kalitatea «txarra» dela, batez ere emakumeek (%65). Eta galdekatutako ia pertsona guztiek (%90) uste dute klase politikoari ez zaiola axola gazteen iritzia proposamenak baloratzerakoan.

Egoera honen aurrean, gazteak mobilizatu egiten dira. Izan ere, inkestak dioenaren arabera, «argi dago gauza asko ez zaizkigula gustatzen; horregatik, gehienok greba (%65) edo manifestazio batean parte hartu dugula baieztatzen dugu (%77)». Gainera %20a gizarte mugimendu edo elkarte politikoren bateko kide dira, batez ere Bizkaian eta Nafarroan.

«Aldaketan sinesten dugu: lautik hiruk gizarte mugimenduek aldaketa politikoak eragin ditzaketela uste dugu», dio astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako dokumentuak.

Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakariak aurkeztutako ekitaldian izan dira Xabi Murua Osoigoren sortzaile eta ‘Gurea Geroa’ inkestaren koordinatzailea, Maria Caso PlayGround-en ‘El Futuro es Ahora¸-ren zuzendaria, Maialen Olabe EGK-ko zuzendaria, Xabier Contreras gazterian aditua eta Laboral Kutxako kidea eta Uxue Izco Tinc Kooperatibako kidea.

Azaldu dutenez, inkestan Hego Euskal Herriko 4.500 gaztek parte hartu dute eta hainbat arlotako galderak erantzun dituzte.

Harremanak

Harremanen etorkizunei dagokienez, erdiak baino gehiagok (%54) noizbait edo sarritan sare sozialetan integratuago sentitu direla aitortu dute, kanpoan edo kalean baino.

«Zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago sentitzen dugu ‘babes digital’ hori, pertsona ez-bitarrok, goi-mailako ikasketarik ez dugunok eta, oro har, gizarte harreman egokirik ez dugunok, batez ere. Hau da, gizarte harremanekiko gogobetetze maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da sare sozialekiko dugun ‘babesleku sentimendua’», dio inkestak.

Etxebizitza

Etxebizitzaren etorkizunari dagokionez, galdetutako pertsonen erdiak baino gehiagok (%55) adierazi dute etxebizitza bere familiarekin partekatzen dutela, eta ehuneko hori jaitsi egiten da adinean aurrera egin ahala. 26 urtetik gora dituztenen artean, %38a.

Hala ere, ohartarazi duten bezala, «horrek ez du esan nahi gainerakoak (%45) emantzipazioaren parekoak direnik, etxebizitza partekatzeko beste modu batzuk egon baitaitezke: ikasleen pisuak, familia unitate bat baino gehiago badira, etab».

«Jabetzan dugun etxebizitza da gure etxetik aldentzen garenean gutxiengoen aukera: %21a bikotekidearekin bizi gara, eta %4k familia ez diren beste pertsona batzuekin partekatzen dugu etxebizitza», gaineratu dute. Dena den, «gaur egun dugun errealitatea ez da guk nahi duguna; izan ere, 10etik 8k espero dugu jabetzako etxe batean bizitzea etorkizunari begira».

Etxebizitza Legeak etxebizitza alokatu ahal izateko ematen dituen laguntzei dagokienez, %72k beharrezkoak dituela esaten du, eta are gehiago 20 eta 30 urte bitarteko gazteen artean. Gainera erdia baino gehiago ados daude Etxebizitza Legeak alokairuen prezioa arautzearekin, bereziki 26 urtetik gorakoak.

Hezkuntza sistema

Inkestan ere jasotzen da gazteen duten iritzia gaur egungo hezkuntza sistemari buruz. Inkestatutako pertsonen %18k bakarrik uste du hezkuntza sistemak bere etorkizuneko beharrei erantzuten diela. Gehienek (%83) uste dute teknologiak asko edo asko hobetu dezakeela hezkuntzaren kalitatea.

Gazteen ustez, «gaitasun guztiak dira garrantzitsuak, baina zientzia eta teknologietan genero berdintasuna sustatzen jarraitzeko beharra ikusten dugu; izan ere, gizonek matematika eta zientzia gaitasunak lehenesten ditugun bitartean, emakumeek gaitasun emozionalak eta kultura adierazpenak nabarmentzen ditugu».

«Era berean, pentsamendu kritiko eta sendo oinarritua lortu nahi dugu, errealaren eta faltsuaren arteko diferentziak identifikatzeko tresnak izan, gaitasun emozionala gehiago landu, psikologia aplikatu, emozioen kudeaketa hobea egin, enpatiaren sustapena... edota sexu hezkuntza hobea eskaintzea», jasotzen du txostenak.

Lan mundua

Lan etorkizunari buruzko galderak ere jasotzen ditu. Ia denek (%91) garrantzi handia edo nahikoa ematen diote lanari; eta gehiengo handi batek (%84), batez ere emakumezkoek (%89), uste du lan eskaintza gutxi dagoela gazteentzat.

Lan motari buruz, ia erdiek (%48) lan modalitate hibridoa nahi dute, %42k presentziala eta %10ek baino ez du nahiago telelana. «Lan presentziala hobesten dute gazteen gehiengoa nafarrak dira... eta etorkizunari begira jarrera baikorragoa dutenak, oro har».

Krisi klimatikoa

Gazteek krisi klimatikoa existitzen dela aitortzen dute, eta gizakia dela erantzulea: erantzule bakar gisa (%68), erantzuleetako bat baina ez bakar bezala (%29). Eta etorkizunarekiko begirada ezkorra da, gehien gehienek (%82) uste dutelako erakundeek gutxi planifikatzen dutela edo ez dutela ezer egiten epe luzera larrialdi klimatikoari aurre egiteko.

Inkestaren arabera, «gure ustez planetaren osasuna hobetzeko hartu behar diren neurri zehatzei buruz argi eta garbi galdetzen digutenean, lehenik eta behin, enpresa handien eraginean pentsatzen dugu, arduradun nagusi gisa identifikatzen baititugu, eta haien jarduera kontrolatu behar da. Horretarako, zigor neurriak proposatzen ditugu, hala nola isunak eta zehapenak».

Kultura eta euskara

Inkestatutako pertsona gehienek (%68) uste dute «garrantzitsua» edo «oso garrantzitsua» dela gure inguruko ohiturei eustea globalizazioaren aurrean. Eta uste hori garrantzitsuagoa da 21 urtetik aurrera.

«Hainbat ingurunetan euskara erabiltzen ote dugun galdetuta, ‘bai’ esaten dugu (%73), segur aski hezkuntzaren pisu handiagatik. Gure datuekin, konparazioak dira interesgarrienak: emakumeok askoz gehiago hitz egiten dugu (%76) gizonezkook baino (%68); adinarekin gutxiago erabiltzen dugu, askoz gutxiago (%82tik %63ra), eta, Gipuzkoan hitz egiten dugu gehien (%80)», azaldu dute.

Etorkizuna

Erdiak baino gehiagok (%53) ezkortasunez egiten diote aurre etorkizunari. «Etorkizun hurbilean, gehien kezkatzen duen gaia ekonomikoa da (%48), bereziki 31 urtetik aurrera (%59). Urrutitik, enpleguaren kalitatearekin lotutako arazoak agertzen dira (%31) (lan-merkatuan sartzeko arazoak baino gehiago kezkatzen du (%17)».

Europari dagokionez, parte-hartzaileen erdia baino gehiago (%64) Europar Batasunaren alde daude, baina erreformak behar direla uste dute.

Eskariak

Hamar eskari jasotzen dira inkestan. Aipagarria da hezkuntza sistemari dagokion eskaera: «Gure etorkizuneko beharrei hobeto erantzungo dien hezkuntza sistema nahi dugu, bizitza errealerako hobeto prestatuko gaituena, gaitasun emozionalak, inklusio eta aniztasun balioak azpimarratuko dituena, praktikoagoa izango dena, eta garaietara teknologia gehiagorekin lerrokatuko dena».

Era berean, gazteek lan duinak eta kalitatezkoak nahi dituzte, «emantzipatzeko, baloreak indartzeko, malguak izateko eta telelana presentziazkoarekin hibridatzeko, eta pertsona gisa hazten laguntzeko».

Halaber, kontsumo eta ekonomia ereduaren aldaketa bat proposatzen dute, «gure planeta, gure oraina eta etorkizuna. babestuko dituena».