Iraitz Mateo

Ikastolen Elkarteak «adostasunetarako ahalegina» eskatu du Hezkuntza sistema berri baterako

«Adostasunak bilatzeko ahalegina» beharrezkotzat jo du Ikastolen Elkarteak Hezkuntza sistema berri baterantz joateko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza lege-proiektu berriaren aurrean jarrera «eraikitzailea» erakutsi du eta «abagune historikoa» baliatu behar dela uste du.

Ikastolen Elkartearen agerraldea Hezkuntza Legearen harira, Donostian
Ikastolen Elkartearen agerraldea Hezkuntza Legearen harira, Donostian (Gorka Rubio | FOKU)

Ikastolen Elkartean batzen diren 113 ikastoletako ordezkariek agerraldia egin dute astearte goizean Donostian; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen ari den Hezkuntza lege aurreproiektuaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan egindago hausnarketak plazaratzeko. «Abagune historikoa» dela azaldu eta aukera hau «arrakastarekin» gauzatzeko, eragileen arteko «adostasunak bilatzeko ahalegina» egin behar dela nabarmendu dute. Bestalde, ikastolen prestutasuna erakutsi dute datozen eztabaidetarako, «zintzo eta leial».

Euskal Hezkuntza Sistema nazional propioaren alde «urrats garrantzitsutzat» ulertzen du legea Ikastolen Elkarteak. Legearen zirriborroa jaso zuten momentutik bezala, jarrera «eraikitzailearekin» lan egingo dutela azaldu du Koldo Tellitu elkarteko ordezkariak. Azken hilabeteetan hausnarketa prozesuak eman dituzte ikastoletan, hezkuntza komunitatearekin batera, eta gaurko agerraldian azaldu dituzte ondorio nagusiak Koldo Tellituk, Nekane Artolak, Elena Zabaleta eta Peio Jorajuriak.

Ikastolen elkartearen ustez legeak «Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu» bahar du, eta horretarako aukerei jarri behar zaie arreta: «Sinisten duge Euskal Herriko hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan, adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu denok». Tellituk gehitu du batzen dituenari erreparatu behar zaiola, eta bidea abiatu, «eragile guztiak aukera berdintasunean eta elkartasunean». Aitortu du egungo lege proposamenarekin ezin direla Euskal Herriko errealitate eta esperientzia ezberdinak elkartu, ezta Euskal Herriko proiektu bakarra eraiki ere, baina Tellituk uste du «aukera baliatu» behar dela «etorkizunean gauza dadin».

Egungo markotik harago

Jorajuriak salatu du Euskal Herriko hezkuntza sistema bi estatu eta hiru administrazio publiko desberdinek arautzen dutela, eta horrek zaildu egiten duela euskal lurralde osorako proiektuak bideratzea. Adierazi du orain arte instituzioek ez dutela «marko legal egokirik» eskaini, eta horri aurre eginez ikastolen proiektua euskal lurralde osorako proiektu bakarra izan dela. Etorkizunean ere Euskal Herriarekiko duten konpromisoari eutsi eta «beraien ezaugarriak» gizarte osoari eskaintzea dagokiela uste du ikastolen ordezkariak: euskara ardatz gisa hartzea, euskal kulturaren transmisioa, euskal curriculuma, gobernantza eredu demokratikoa, auzolana, berrikuntza, materialgintza propioa...

Artolak azaldu du ikastolen sorreratik helburua hezkuntza sistema propioa izan dela, eta ezinbestekoa dela «publiko-pribatu dikotomia gainditzea», eta horrekin batera, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautu behr dela. Bestalde, euskal gizarteak parez pare pisuzko erronkak dituela aipatu du Artolak, eta «handira jokatzeko unea» dela euskararen arloan, kultur transmisioan eta segregazioari aurre egiteko neurrietan.

Eredu herritarraren alde egiten dutela azpimarratu du Artolak: «Eredu herritarra da guk nahi duguna, zerbitzu publikoa ardatz izango duena, baina herritarra, udalen parte-hartze zuzenarekin. Eta komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu».

Bestalde, legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari eragiten badie ere, adierazi dute aukera ikusten dutela Espainiaren eta Frantziaren «marko duala puskatzeko» eta Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektu komunak bideratzeko, etorkizunean. Eta garbi adierazi dute Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin duten konpromisoan sakontzen jarraituko dutela.

Eskakizun zehatzak

Zabaleta ordezkariak hiru eskakizun zehatz jarri ditu mahai gainean. Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzten eskubide eta betebeharrak zehaztea. Bigarrenik, eragile guztien artean «sistemaa euskalduna, integratzailea eta ikastetxeen autonomia erreala» bultzatzea. Eta hirugarrenik, orain arte egon diren esperientzia eta errealitate ezberdinak baliatzea; horretarako, uste du ikastolek asko lagundu dezaketela «esperientzia handia eta autogestionatua izan baitugu, Euskal Herri osoan errealitate bihurtutako ereduan».

Bestalde, legearen zirriborroa irakurrita, idazketak oraindik ere «zehaztapen handiagoa» behar duela uste du. Eta kezka sortzen dieten zenbait elementu zerrendatu dituzte: Euskal Herriaren aipamen falta, eskolatze batzordearen osaera ez definitzea, Euskal Curriculumari erreferentzialtasun eza, hizkuntzen tratamentuaren inguruko zehaztapen falta edota 0-3 zkloari dagokion proposamena, besteak beste.