Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Elon Musk: suziri, txio, pun!

Elon Musk superlatiboan jokatzen da: munduko aberatsena, arrakastatsuena, Jainkoa baino gurtuagoa, eta polemikoagoa. Ia estralurtarra, muturrekoa den kapitalismo xelebrearen –«muskismoa»– egilea eta abatarra da.

Elon Musk, 2019an ateratako argazki batean.
Elon Musk, 2019an ateratako argazki batean. (Frederic J. BROWN | AFP PHOTO)

Elon Musk notizia da, beti da notizia. Egoa puztua, jeinu eroa, Twitterren jabea eta suziriak pun! espaziora, denetarik, denagatik, zalaparta sortzen eta atentzioa bereganatzen artista dela aitortu behar zaio. Negozioetan eta showman bezala ona da, baina besterik da gauza gutxi batzuetan ona izanagatik gauza guztietan onena zarela pentsatzea, nahiz eta munduko pertsona aberatsena izan, edo milioka jendek adoratu.

Beste horrenbesterentzat jasanezina delako, demagogo eta egolatra totala, botere gehiegi bere eskuetan kontzentratu duen pertsona oso arriskutsua. Ego oso delikatua dauka, eta hori, bere baitan arazo bat litzateke daukan aberastasuna izango ez balu ere. Musken benetako arriskua, baina, pertsona bakar baten esku horrenbesteko aberastasuna pilatzen eta oraina eta geroa kontrolatzeko erabiltzen uzten duen sistema batean dago. Jendeak bere patua erabaki eta kontrolatzeko beharra daukalako, Musk bezalako pertsona baten esku utzi gabe espaziora eraman edo lanaren etorkizuna nolakoa izango den erabakitzea.

Bere hitz bakar batek, dela kriptotxanponen inguruan egindako iruzkina dela Twitterreko txioa, inbertsoreengan erantzun pavloviarra sorrarazten du. Gutxi egongo baitira bera bezalakoak, hain modu erabakigarrian finantza ekosistema birtualeko kotizazioetan eragiteko, agintariek ezer egin gabe, gainera. Bitcoinaren balioa ia bikoiztu egin zen bere iruzkin sinple baten ondoren.

Horixe baitauka milioka jarraitzaile dituen kapitalismo modernoaren idolo izateak. Ospetsua eta famatua izatea bainoago, ekonomia politiko berri baten egile eta abatar izatera heltzen zarela.

Lizentzia hartu eta izena ere jarriko diogu ekonomia politiko mota horri: Karl Marxetik marxismoa nola, Elon Musketik «muskismoa» sortuko dugu kapitalismoaren forma zinez muturreko, bitxi eta benetan estralurtar bat definitzeko. Mugarik eta txekeorik gabeko kapitalismo bat, non ekonomiaren erregulazioan, praktikoki, gobernuak zereginik izan behar ez duen. Eta kulturalki, herriari saltzen diona futurismoa dela bidea, bide bakarra. Eta ekonomiari baldintzak norbaitek jartzekotan, horrek bakarrik jarri behar dizkiola.

Kapitalismo «txarra» dela hau? Bada, onartzen ez baduzu, gauzak askoz ere okerragoak ziren garaietara eramango zaitu. Inbentatua zegoela jada? Ez, inbentatu behar delako, beti, etengabe, puskatzaileak diren berrikuntzei lotu, futurismoaren kulturaren parte delako. Dena da aurrera begirakoa, iraganik ez dago, zaborrontzira botatzen da, nahita.

"Time" aldizkariak, 2021ean, «urteko pertsonaia» izendatu zuen. Aldizkariaren ustez, «teknologiak dena posible egiten duen etorkizuna ikusten duen bisionarioa da, herrialdea gelditu eta legeak, murrizketak, mugak, trabak eta Facebook ez beste ezer ekoizteari utzi zion arte AEBek izan zuten iragan industrial loriatsua lehengoratu duena». Baina narratiba anpuloso horrek ortopedia garrantzitsuak ditu: hasteko, Musk ez delako aberastu ekoizpenagatik. Eta, gero, aberastasunaren bidean langile arruntak hil edo mutilatzen badira, gaitz erdi, aurrerabidearen alde ordaindu beharreko prezioa delako.

Musk Texasen, Teslaren «gigafaktoria» aurkezten (Suzanne CORDEIRO/AFP)

Musk baroi lapur modernoa da, eta bere determinazio bihozgabeak legea edo gizartea bezalako muga meheak pasatuko ditu etorkizunari forma emateko. Bere dohainen artean ez dago jendearekiko enpatia. Bere filosofia zehatza da: irabazleak dena hartzen du; nahiz eta irabazteko beste batzuen laguntza –gobernuarena barne– hartu behar badu ere. Adiskidekeriaren kapitalismoa da pandemiaren miseriazko urteetan gehien aberastu eta kapitalismo aspirazionalaren posterreko mutil bezala proiektatzen dutena. Arrakasta historia haragitua da, dadoak beti alde dituena.

Bisio kosmikoa

Aukera infinituen abatar berria omen da, aurrekaririk gabekoa logiko egiten duena, Lurra eta gu guztiak oraindik salbatu ahal izateraino. On handiago baten aldeko bere bisioa kostu humanoekin dator, itzelak askotan, baina narratibaren arabera, ordaindu beharrekoak dira.

Bere ekintzak buru argi, konplexu eta zirraragarri baten ondorioak omen dira. Pailazokeriak maite dituen jeinu batenak, abangoardiaren jabea, bisionarioa, showman peto-petoa, zital totala. Edo Asperger sindromea zeukan ume hegoafrikar batenak, umezaro ikaragarri bat atzean utzi eta tragedia pertsonala gainditu zuena anbizio kosmiko bati jarraitzeko.

Apartheid-arekin ez kolaboratzeko, betiere narratiba beraren arabera, Kanadara jo zuen eta Fisikako ikasketak utzita Kaliforniara jo zuen, Silicon Valley-ra, hain zuzen ere, 1999ko «.com» burbuilaren mozkorraldi betean. Lurrean lo egiten zuela start-up batekin hasi zen, hura saldu eta PayPal sortu zuen gero, Interneteko ordainketa sistema arrakastatsuena bilakatu zena. Tesla auto elektrikoen konpainia sortu eta arduradun nagusia da, eta Marte kolonizatzeko ametsari jarraituz, SpaceX konpainia sortu zuen ere (Ukrainako gerran ezagun egin den Starlink satelite bidezko Internet sarea barne), eta bide horretan munduko pertsona aberatsena bihurtu da. “Forbes” aldizkariaren arabera 280.000 milioi dolarren jabe da, broma gutxi.

Famatuenak PayPal, Tesla edo SpaceX konpainiak izan arren, energia berriztagarrien alorrean dabilen SolarCity-ren jabea ere bada, garraio sistemetan diharduten Hiperloop eta The Boring Company edo neuroteknologia alorreko Neuralink konpainiena bezala. Bere enpresa ekimen hauetan guztietan, ia sortze beretik, eguneroko kudeaketan buru-belarri sartua egon da Musk. Orain, baina, jostailu berri bat gehitu berri du bere bildumara: Twitter. Besteak ez bezalakoa, baina beste konpainia horien guztien promozioaren eta marketinaren alde erabilgarria, besteak beste.

Gero eta irrealagoa den pertsonaia publiko hau bere baitan marka bilakatu da, ziurrenik bere konpainiak baino ezaguterrazagoa. Mugarik gabeko bere aberastasuna jokaera bitxi eta xelebre batekin tartekatzen du. Baina ez pentsa bere konpainien bilduma bere poltsikotik edo bere lagunen inbertsioekin bakarrik finantzatu duela. Bere dirua gastatuko balu, bada, hainbestean, baina "Los Angeles Times" egunkaria 2015. urtean jada salatzen hasi zenez, SolarCity, Tesla Motors eta SpaceX konpainiek 4.900 milioi dolarreko dirulaguntza federalak eskuratu zituzten. Eta Kaliforniako fiskalitateari zorrotzegia iritzita, ekoizpen planta asko Texasera eraman ditu, horren truke estatu hartako opari fiskal handi askoak lortuz.

Twitterreko jabe berriak «plaza publiko digital globalaren» jabe izateko anbizioa ez du existitzen (Angela WEISS/AFP)

Ez da bakarrik bisio kosmikoa, misio puztuak ere beharrezkoak ditu «muskismoak»: lanaren etorkizuna eraldatu, gizateria osoa konektatu, mundua bizileku hobea egin, planeta osoa salbatu. Kapitalismo forma honek, publikoki eta sukar puntu batekin, hondamendi zital eta suntsitzaileen gainean kezkatua dagoela zabaltzen du, guztien artean nabarmenena klima aldaketa, edo X faktorea, X arriskuak, gizateriaren balizko estintzioa. Eta salbazioaren bidea gizakia espezie interplanetario egitea dela aipatuko dizute, edo bestela salbaziorik ez dela egongo. Eta, jakina, esan gabe doa salba gaitzaketen bakarrak teknobilioidunak direla.

Enpresari gisa dauzkan abilidadeak ez ditugu zalantzan jarriko. Argitalpen espezializatuetan bere negozioetan bisio sendoa, antolakuntza zorrotza eta baliabideak mobilizatzeko gaitasuna usu aipatzen dira. Baina estrategia bat dauka ala estrategia daukan plantak egiten ditu? Zer da Elon Musk, bisionario xelebrea edo askoz ere arriskutsuagoa den norbait?

Troll handiena

Bisio argi eta sendoa behar dute negozioek zentzu eta asmo bat izateko. Eta negozioek bezala, baita politikak eta bizitzak berak ere. Tira, adin batean aurrera goazenok gogoratzen dugu nola 1980ko hamarkada goraipatu hartan Bill Gates ezagutu genuen eta baita bere konpainiaren –Microsoft– bisio sonatua ere: «ordenagailu bat idazmahai bakoitzean etxe guztietan». Elon Musken konpainia guztiek beren bisioa daukate: Teslarena «energia jasangarrietara munduaren trantsizioa azkartu», SpaceX-ena «gizateria interplanetarioa bihurtu», eta abar.

Bestalde, kapitalismo aro guztiek definitu dituzten «negozio gizon» arrakastatsuak dauzkate, beren izar partikularrak. AEBetako historian oso nabarmena da hori. XIX. mende amaieran John Rockefeller eta bere Standard Oil konpainiak herrialdera petrolio merkearen iraultza ekarri zuten. XX. mendearen erdian, Alfred P. Sloan, General Motors Group-eko nagusiak, autoen ekoizpen eta salmenta ugaritzeaz gain, negozio eredu arrakastatsu eta antisindikala haragitu zuen. XX. mende bukaeran eta XXI.aren hasieran, Steve Jobs, Apple Inc.-eko sortzailea, berrikuntza eta aldaketa sozialaren ikonoa izan zen, teknologiaren bilakaeran aztarna sakona utziz. Zaila da esatea Muskek horien liga berean jokatzen duen ala ez, baina horrela proiektatzen da. Futbolaren adibidea jarrita, aurrekoak Pele edo Maradona izango lirateke, eta Musk, Messi. Edo, hobe agian, mesias berria.

Ez da, ordea, estatus horren bila dabilen bakarra. Hor daude Amazonen jabe den Jeff Bezos edo Meta konpainia –besteak beste, Facebook, Instagram eta Whatsapp plataformen jabea da– sortu berri duen Mark Zuckenberg, esate baterako. Metabertsoan, unibertsoaz harago doan mundu birtuala den heinean, abatar bat bezala igaro dezakezu eguna paradisuko uharte bateko festara joanez, luxuzko yatean edo espazioko suziri batean bidaiatuz, hiperaberatsa izango bazina bezala. Metabertsoa kapitalismoaren historiaren ilustrazioa eta distrakzio bat da. Eta orain teknobilioidunak kapitalismo berri bati forma ematen ari dira.

Elon Muskek Mark Zuckenberg trolleatu zuen Metabertsoa aurkeztu zuenean. Zerbaitengatik jarri diote «Twitterreko troll handienaren» etiketa. Kontua da, baina, metabertsoa edo Musken Marterako misioak edo Ilargirainoko turismo bidaiak, denak direla berdin: muturrekoa, ia estralurtarra den kapitalismoaren kide txikiak. Kapitalismo forma bat non akzioen prezioak, irabaziek baino, zientzia-fikziozko fantasiek gidatzen eta zehazten dituzten.

Absolutista

Elon Muskek notizia izatea behar du pertsonak arnastea behar duen bezainbeste. Azken hilabeteotan Twitter konpainia erosiko duela, gero atzera bota dela, berriz erosteko asmotan dela eta, azkenean, behingoagatik, erosi duela izan da notizia. Bazterrak harrotu dituena. Bere hitzetan, «plaza publiko birtual eta globalaren» jabea da, eta aurrerantzean, betiere bere esanetan, adierazpen askatasuna ez da murriztua izango, ezta edukiak zorrozki monitorizatuak izango ere.

Arestian aipatu bezala, jostailu berria dauka ume handiak bere bilduman, edo nahi bada, bere megafono gustukoena. Eta berea egin bezain pronto, munduaren aurrean azaldu da adierazpen askatasunaren zaindari gorena moduan. Inor izatekotan, bera dela adierazpen askatasunaren absolutista handiena aldarrikatuz, «(Twitterreko) txoria libratu» duen salbatzailea. Eta ez duela dirua irabazteak bultzatzen aipatzen dute, are zeukan benetako balioa baino gehiago ordaindu duela, nahiz eta konpainiaren jabe egin bezain pronto milaka langile kanporatu dituen.

Musk, 2019ko irudi batean (Frederic J. BROWN/AFP)

Aitzitik, behar moral batek bultzatuta egin du. Gure hobe beharrez. Baina ez, hain tuntunak ere ez gara. Eta badakigu, “Forbes” aldizkarian bertan irakurri ahal izan dugulako, 2021. urtean (pandemia betean) AEBetako hamar aberatsenetatik zortzik sare sozialetan eta bertara iristeko bide eta gailuetan akzioak zituztela. Alegia, sare sozialak, ustezko plataforma publikoak, plutokraten esku dauden plataforma egin direla. Eta arrazoiak ere irudikatzen ditugu: sare sozialen bitartez sinesmen kolektiboak, azkar barreiatzen diren praktikak eta masen jokaera kontrolatzen dituztelako, are erosten ditugun gauzak, esaten ditugunak eta betikotzen diren ideiak.

Aurrerantzean, beraz, ez da bakarrik izango Muskek Twitter erabiltzen duela akzioen eta kriptotxanponen prezioekin jokatzeko, edo orain denen ahotan den Donald Trump berriz baimenduko ote duen; ez, kontua da teknologiaren bilioidunek informazioaren bitartekoen jabe egin eta nola kontsumitzen dugun erabakiko dutela.

Eta, esan bezala, zalaparta sortzearen eta atentzioa bereganatzearen mendekotasuna pairatzen duen Muskek nola zuzenduko duen aurrerantzean Twitter ikuskizun dago. Baina txio egindako ideia indartsu batzuk aurreratu daitezke: «Mundua salbatu nahi? Elon Musk pila bat behar ditugu»; «Gizakien geroa interplanetarioa izango da edo ez da izango», eta abar. Serbiako aurrekontuena baino balio handiagoan, ia Lituaniaren parekoan erosi duen konpainiako langileek, bestalde, badakite zer espero ahal duten: misioari lotzea, gorputz-arima lotzea, familia bizitza edo kontziliazioaren gainetik. Hori daukate «jeinu jasanezinek». Eta Steve Jobsen heriotzaz geroztik, ez da hura bezalakorik egon, inork ez du hainbeste haserre piztu, Elon Muskek marka guztiak hautsi dituen arte.

Saltsa guztietan

Beti da notizia eta hala izaten segituko du, bai: Thailandiako kobazulo batean gaztetxoen futbol talde bat urak harrapatua geratzen dela eta mundu osoa larriminetan daukala berriak, han azalduko da Musk bere urpeko ontziarekin gaztetxoak salbatzeko pronto. Eta urpekari batek haren plana aldrebeskeria dela esan, eta pedofilo bat bezala salatuko du. Bere bizitza pribatuarekin berdin. Hiru aldiz dibortziatua –bi aldiz emakume berarekin– eta bederatzi seme-alabaren aita –hirukiak eta bi bider bikiak–, eta halako batean ume jaioberria besoetan duela azalduko da munduaren aurrean semearen izenaren berri emateko: X Æ A-12. Bai, irakurtzen den bezala (X aldagai ezezagunagatik; Æ ortografia elfikoan gustukoena duelako, eta A-12 bere hegazkin gustukoena izan zen SR-17-aren aurrekoa izan zelako).

Borrokak eta polemikak maite dituen sasijakintsua izanik, eta ego zinez oso handikoa, normala ere bada putzu guztietan hanka sartu eta plisti-plasta horretan eroso sentitzea. Xake mundua inarrosi duen Carlsen eta Niemannen arteko tranpa salaketen erdian, bi pitbull horiek nahiko ez balira bezala, han azalduko da Musk, Twitterretik nola ez, ipurtzuloan sartzen diren gailu elektromagnetikoen teoriari sinesgarritasuna emanez. Edo marihuana kontsumitzailea dela aitortzeko, edo bere burua anarkista utopiko bezala aurkezteko, bere idazle gustukoen den Iain Banks eskoziarrak definitu zen moduan.

Beren bizitza Elon Muskekin partekatu duten emakumeek kontatu dutenez, bikotekide ohi eta haren bi semeren ama izan zen Justine Musk idazleak “Marie Claire” aldizkarian idatzi zuen pieza gogoangarrian bezala, berarentzat ligatzeko plan hoberena neska hoteleko gela batera eramatea eta lokartu arte suzirien eta zientzia-fikziozko pelikulak ikustea da.

Eta probokazioa muturreraino eramanez, munduan inoiz izan den kapitalista aberatsenak Karl Marx maite duela dio. Are, agian munduko antikapitalista handiena egiazki kapitalista bat izan zela, eta bere obra nagusia, “Das Kapital”, horren lekuko dela. Ia-ia Kafka intsektu bat zela esatea bezala, “Metamorfosia” bere lanak kontatzen duen istorioan Gregor Samsa izeneko gazteak, goizean esnatzean, intsektu bihurtu dela ikusten duelako alegia.

Saltsa guztietako perrexila da. Libertarioa dela dio, erdi demokrata eta erdi errepublikanoa, demokratengandik eskuinetara eta errepublikanoen ezkerretara kokatzen dela. Munduko gatazka eta gerra guztietan muturra sartzea gustukoa du. Pandemian itxialdiak «faxistak» zirela aipatu zuen, baina bera izan dela garai horretan gehien aberastu den pertsona ez du aipatzen. Taiwan Txinako gune administratibo espeziala bihurtu behar dela dio edo Ukrainako gerra soluzionatzeko bake proposamenak egiten ditu, Kiev eta Taipeiren haserreak piztuz. Ez, Elon Musk ez da politikoki urruntzen den horietakoa.

Bakoitzari berea, negozioetarako eta showman bezala ona da, baina ustezko jeinuaren inguruan sortu den gurtze horren merezimendurik ez du. Demagogotik asko daukalako eta, bereganatu duen boterea ikusita, arrisku oso handitik are gehiago.

Gizakiak azken mendeak monarkiak eta feudoak garaitzen pasatu ditu. Ez litzateke batere zuhurra izango haien bertsio berri eta berekoienei jaun eta jabe bihurtzen uztea. Inondik inora ere.