Mikel Aginagalde

Euskara plazara, Beratik Cortesera

Urtebeteko ibilbidea bete berri du Hordago herri ekimenak, iragan 2021eko azaroaren 13an Cortesko adierazpenarekin batera sortu zenetik. Haren helburu nagusia da Nafarroa Garaiko Euskararen Foru Legea bertan behera uztea, eta euskara Foru Erkidego osoan hizkuntza ofiziala izatea.

Hordago herri ekimenak ofizialtasunaren alde urrian Tuteran antolatutako manifestazioa.
Hordago herri ekimenak ofizialtasunaren alde urrian Tuteran antolatutako manifestazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aldarri horrekin batu ziren mila pertsonatik gora Tuterako karriketan urriaren 22an egindako manifestaldian. Erriberako hirigune nagusira bertaratu zirenek ozen aldarrikatu zuten, zailtasun guztiak gorabehera, badagoela euskal hiztun komunitate bat Erriberan eta kolektibo horren eskubideak defendatu egin behar direla Nafarroa osoan, salbuespen txikienik gabe.

Manifestaldia Tuterako Plaza berrian amaitu zen eta une horretan irakurritako testuaren bidez zonifikazio linguistikoa indargabetzea eskatu zuten: «Zonifikaziorik gabeko etorkizunaren alde egiten dugu, diskriminaziorik, bereizketarik edo eskubide-urraketarik gabeko etorkizunaren alde, lurraldea eta gizartea euskararekin edo beste arrazoiren batekin zatituko ez dituena. Zentzu honetan –gaineratu zuten–, Nafarroan zonifikazio linguistikoa ezabatzea aurrerapauso esanguratsua izango da gure gizartearentzat, justizia sozialean eta gure lurraldearen batasun eta kohesioan aurrera egiteko. Azken finean, nafar guztientzako aurrerapausoa».

Era berean, euskararen duintasuna plazaratu nahi izan zuten manifestariek eta euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela aldarrikatu zuten. «Tuteratik ezin da esan euskara alemana, ingelesa edo frantsesa bezain errespetagarria denik. Esan behar dena da, eta argi eta garbi esan behar gainera, euskara, hiru hizkuntza horiek ez bezala, Nafarroakoa dela, ezin dela Nafarroa ulertu euskararik gabe; eta Tutera Nafarroa bada, euskara ere bere hizkuntza dela».

Aldaketaren beldur

Navarra Sumako udal taldeak manifestazioari erantzun zion berehala mozio bat aurkeztuz eta Nafarroako Gobernuari eskatuz eremu ez-euskaldunaren izaera «blinda» dezala. Tuterako alkate Alejandro Toquerok eginiko adierazpenetan argi erakutsi zuen gaur egungo zonifikazioa mantendu eta blindatzearen aldekoa dela.

Ez hori bakarrik, Toquerok esandakoaren arabera, gaur egun Tuteran euskara ikasteko aukera egon badago, baina tuterarrek ez omen dute euskarazko hezkuntza aukeratzen euren seme-alabentzat.

Hordagoko kideen arabera, «euskaltzaleek egindako indar erakustaldiaren erreakzio gisa uler daiteke Navarra Sumak egin duen maniobra hori. Kontuan izan behar da hauteskunde urtea dela eta botoak fidelizatu beharra dagoela».