Mikel Aginagalde

Gaztelaniazko ikus-entzunezko edukiak nagusi gazteen artean

Gaur egun kontsumitzen diren ikus-entzunezko eduki gehien-gehienak gazteleraz izan ohi dira Hego Euskal Herrian. Horixe ondorioztatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako azken ikerketak.

Ikerketa UEMAko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri. Irudian, Euskal Encounter topaketa, Barakaldoko BECen.
Ikerketa UEMAko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri. Irudian, Euskal Encounter topaketa, Barakaldoko BECen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

UEMAk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen irailean gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa. Azterlanak, telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideojokoen kontsumoa aztertu du, eta euskara erdaren oso azpitik dagoela ondorioztatu du. Kontsumo-eredu berri horiek eragin zuzena dutenez gazteenen hizkuntza-ohituretan, egoera «kezkagarria» dela nabarmendu dute UEMAko ordezkariek eta arlo horretan neurri eta erabaki sendoak hartzeko eskatu dute.  

“Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan” izeneko ikerketak UEMAko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri. Gasteizen egindako agerraldian izan ziren Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria eta Garikoitz Goikoetxea ikerketaren egilea eta honakoa esan zuten: «Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu lan honekin, eta egoera makurra azaleratu da. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan».

Eduki gehienak erdaraz

Ikerketaren helburu nagusia gazteen ikus-entzunezko kontsumoa aztertzea izan da, gerora, eta emaitzetan oinarrituta, hizkuntza-politika egokiak garatu ahal izateko. Laburbilduz, batetik, ikus-entzuleek zer plataforma mota ikusten edo entzuten duten, eta, bestetik, edukiak zein hizkuntzatan kontsumitzen dituzten galdetu zaie gazteei.

Ildo horretan, Lazkanok gogora ekarri nahi izan zuen UEMAk udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala, eta ikastetxe eta udalen laguntzarekin burutu dutela ikerketa sakon hau. «Eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da honako hau, errealitatea aztertzea. Bigarren zeregina dator orain: diagnostikoaren argitan neurriak hartzea».

Telebistari dagokionez, esaterako, sei ikasletik batek dio ez duela telebista ikusten, eta kopuru horrek gora egiten du adinean aurrera egin ahala. Batxilergoan, ia lautik batek ez du telebista lineala ikusten, eta ikusten dutenen artean, ETB1 da gehien aipatzen den katea. Bestalde, bost gaztetik lauk hainbat plataforma erabiltzen dituzte telesailak, filmak edo programak ikusteko, eta bertan kontsumitzen diren edukietan ere gaztelania da nagusi; lautik hiruk ikusi dute azken serie edo marrazki biziduna hizkuntza horretan.

Sare sozialei dagokienez, berriz, Youtube da udalerri euskaldunetako ikasleek gehien erabiltzen duten plataforma (%85), ondoren Whatsapp (%74,1), Tiktok (%65,3) eta Instagram (%56) daude, eta gaztelania da edukietan gehien erabiltzen den hizkuntza, alde handiarekin.

Zenbait gogoeta

UEMAko ordezkariek Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian zenbait alderdiren inguruan hausnartzeko beharra aldarrikatu zuten. Lehenik eta behin, une oro aldatzen ari den gizartearen testuinguruan ikus-entzunezkoen gaiari modu egokian heldu behar zaiola azpimarratu nahi izan zuten. Bigarrenik, EITB eta RTVE kate publikoek euskarazko ikus-entzunezko edukiak eskaintzeko garaian ardura handia dutela ere agerian utzi nahi izan zuten, eta euskarak kate horietan presentzia handiagoa izan behar duela aldarrikatu zuten.

Bestalde, azkenaldian plataforma digitaletan euskarazko edukiak gehitzeko egin diren urratsak baikortzat jota ere, pauso horietan sakondu eta horiek arautu beharra nabarmendu zuten Lazkanok eta Goikoetxeak.

Ez hori bakarrik, UEMAko ordezkarien hitzetan, «erreferenteak behar ditugu; erreferenteak ikus-entzunezkoetan, sare sozialetan eta kultur arloan, oro har. Euskal sortzaileen aldeko apustua egin behar dugu: ez ikus-entzunezkoetan soilik, baina ikus-entzunezkoetan ere bai. Hutsune handia daukagu. Eskaintza asko ugaritu da, eta itsaso horren erdian proportzioan txikiagoan ageri da euskara».

Azken gogoeta gisa, Lazkanok eta Goikoetxeak hau nabarmendu zuten: «Hizkuntza-politikan orain arte baino sendotasun handiagoz heldu behar diogu gai honi: pandemiak agerian jarri digu ikus-entzunezkoek zer neurritan eragiten duten gure gaztetxoen hizkuntza-gaitasunean eta ohituretan, eta hainbat eremutan ari dira atzerapausoak sumatzen gaztetxoen erabileran. Ez da faktore bakarra, baina adin talde gazteenetan oso nabarmena da eragina».