Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Espetxeak hustutzeko tontorrerantz hamar langa

2017an EPPk-k legearen bideak borrokatzeko hartutako erabakiak espetxeak hustutzeko bidea argitu du. Bost urteotan aukerak eta oztopoak, biak agerian geratu dira. Langa bat edo beste erori da baina malda asko gainditzeko dago oraindik.

Presoak aske uzteko protesta Baionako Suprefekturan, pasa den otsailean.
Presoak aske uzteko protesta Baionako Suprefekturan, pasa den otsailean. (Jagoba Manterola)

Presoen Euskal Herriratzea ia amaiturik dago, baina 40 urte arteko espetxaldiak ezartzen dituen 7/2003 legeak tinko dirau. Bi mutur hauen artean laburbil daiteke euskal presoak askatzeko prozesuaren egungo unea. Aurrerapenak ekarri ditu EPPKren apustuak baina bide malkartsua dago aurrean oraindik. Hamar ataletan batu daitezke jorratutakoa eta urratzeko dagoena.

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

Urte askotako aldarri hau gauzatzear da. Espetxe Zuzendaritzak iragarritako azken lekualdetzeak burutzen direnean euskal preso politikoen %95a egongo da Euskal Herriko lau espetxeetan edota Lannemezanen.

Atzera begiratuz, EPPK-k lege bideak jorratzeari ekin zionean, 2017. urtean, bi preso baino ez ziren Euskal Herrian; 265 zituzten Espainian barrena, 37 kartzeletan sakanabaturik; eta 77 Estatu frantseseko 22 presondegitan. Honi lotuta, orduan %95a lehen graduan sailkatuta zegoen; orain bigarrenean daude gehienak eta hirugarren graduan gainerakoak.

GAIXORIK DIRENAK

Legea betez gero, dozena bat preso aske gelditu beharko litzateke gaixotasun larri sendaezinak izateagatik, baina oraindik ireki beharreko ateetako bat da hau. Etxean preso daude hauetako batzuk, eta gehienak kartzelan.

Azken hilabeteotan bi kasu adierazgarri daude: zigorra beteta atera da kalera Gurutz Maiza, gaixotasun ugari pairatu eta 70 urtetik gorakoa izan arren, eta hirugarren gradua kenduta berriro ere espetxeratu dute Joseba Arregi, hau ere gaixorik eta 76 urte dituela.

BAIMENAK

Kalera ateratzen hastea ahalbidetzen duten baimen arrunt asko (asteburu baterako, adibidez) ukatzen segitzen du Auzitegi Nazionalak. Gogoratu behar da honako hau euskal presoen lege bidezko borrokaren lehen emaitza izan zela, 2018ko apirilean. Ordura arte ez zitzaien inoiz onartzen eta ondorioz presoak ia beti zuzen-zuzenean lehen gradutik kalera pasatzen ziren, inolako «egokitzapenik» gabe eta bigarren eta hirugarren gradua ezagutu gabe.

Lau urte hauetan hainbat jokabide erabili ditu epaitegiak, batzuetan onartuz eta beste batzuetan ukatuz. Legearen arabera, bigarren graduan diren presoek baimenak izateko eskubidea dute, eta honela, gainera, hirugarren gradurako progresioa errazten zaie. Debekuek, beraz, urrats hori emateko eragin bereziki kaltegarria dute.

HIRUGARREN GRADUA

Zeresan asko eman du atal honek azken hilabeteotan, zortzi presori espetxe erakundeek emandako hirugarren gradua kendu dielako Auzitegi Nazionalak, eta ondorioz berriro ere kartzelara bidali. Bide batez, eraso honekin benetako argazkia nahastu du Madrilgo entzutegi bereziak; izan ere, hirugarren gradua ez litzateke inolaz ere salbuespena izan behar, errealitate nagusia baizik, preso hauen %64ak (110 lagunek) horretarako baldintzak betetzen dituzten neurrian.

Orain arte kalera atera eta berriz espetxera sartzea nahiko eskandalagarria bazen ere, egoera okerragotu du Entzutegi Gorenak joan den astean finkatutako erizpide berria: Fiskaltzaren helegiterik izan ezkero, presoak ez du kalea zapalduko.

Lakuako Gobernuaren erabakien kontrako erasoaldi zuzena da hau, preso zein senideen larruan emanda. Hurrengo asteoetan arretaz jarraituko behar da erizpide horren gauzatzea.

BALDINTZAPEKO ASKATASUNA

Aurreko oztopoari lotua dago baldintzapeko askatasunarena. Estatu frantsesean sobera ezaguna da Jon Kepa Parot eta Jakes Esnalentzat lortzeko behar izan zen ahalegin etengabea, jada 32 urte preso zeramatzatenean. Estatu espainolean ere lege aukera hori ahal den neurrian oztopatzen dela frogatzen du Egoitz Coto barakaldarraren kasuak: aurtengo azaroan, 20 urte preso eman ondoren, azkenik baldintzapeko askatasuna eman zioten, baina zigorra amaitu baino zortzi egun lehenago gertatu zen hori.

KARTZELALDIEN BATUKETA

Dozenaka presoren kartzelaldia luzatzeko beste tranpa bat da hau, indarrean dena. Azaltzeko, hamabost urte egin behar dugu atzera, 2008ra arte hain zuzen ere. Orduan agindu zuen Europak preso guztiei beste Estatu europar batean betetako kartzela urteak kendu behar zizkietela. Sei urtez ez ikusiarena egin zuen Espainiako Estatuak, dozenaka euskal presok aurretik Estatu frantsesean gatibualdi luzeak eginak zituztela jakitun. Eta okerrago dena, 2014an irizpide hori bere legedian txertatu zuenean, kontrako norabidean egin zuen, edukiz hustuz alegia.

Europako irizpideen aurka doan trikimailu hori zuzentzeak egingarria dirudi, eta zenbait aipamenetan legealdi honetan bertan gerta zitekeenaren ustea piztu zen arren, momentuz ez da gauzatu. Europatik ere, berririk ez, Europar Batzordeko Justizia arloko komisarioak auzia jarraitzen zuela aspaldi esan zuen arren.

ESTATU FRANTSESEAN HAMABI

2011tik hona gertatutako guztia Pariseko Fiskaltzak bere argumentarioan ontzat hartu nahi ez badu ere, urteak ez dira alferrik pasa Estatu frantsesean. Etxeraten zerrendak hamabi lagun biltzen ditu gaur, horietatik hamaika Lannemezanen eta Ainhoa Ozaeta Reau-n. Zigorrak agortzen joan diren neurrian kaleratuak izan dira gainerako guztiak, edota Espainiaratuak. ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenean 137 ziren, 29 presondegitan aldenduak.

AUZI BERRIAK ETA BERRIREKIAK

Espetxe zigor berririk gerta liteke oraindik ere, espetxeak husteko ortzimuga gehiago ilunduz? Hurrengo urte honek ere argituko digu. Izan ere, euskal presoak epaitzen segitzen dute bertan, tarteka zigor berriak erantsiz. Jaione Jauregiren kasua aipa daiteke hemen, Belgikar Estatuak entregatu ostean bi urtetik gora preso prebentibo gisa egin baitu, epaituko duten ala ez jakin gabe (lehenengo saiakera bide antzuan omen dela eta, bigarrena abiatu dute baina Ganteko Entzutegiak ez du ontzat eman). Josu Urrutikoetxearena ere ahaztu gabe: 2024ko urtarrilean epaitu nahi du Auzitegi Nazionalak.

Honetaz gain, epaiketekin batera auziak berrirekitzen ari dira etengabe, batzuetan atentatuen egile edo kolaboratzaile berrien bila, eta azken boladan zenbait ekintza agindu omen zutenak kondenatu nahian («egiletza intelektuala» deitzen dutena). Horren frogaren berririk ez da, ordea, aurretik auzi horiek bururaino aski ikertuak zirelako. Noraino tenkatuko duen soka Auzitegi Nazionalak... bertan baino ez dakite.

DEPORTATUAK ETA IHESLARIAK

Irailean zabaldu zen deportazioa jasandako Emilio Martinez de Marigorta, Felix Manzanos Martinez eta Iñaki Rodriguez Muñoa Euskal Herrira bueltan zirela. Lege guztietatik at dagoen egoera hori sufritzen dute oraindik beste bost lagunek, eta gainera 23 iheslarik ere ezin diote etxeko bideari ekin. Datuokin bistan gelditzen da zigor hauek amaitzeko urrats handia eman dela Biarritzeko agerralditik hona; 2013. urtean Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak itzulera ekarpen politiko gisa bultzatu zuenetik, alegia. Baina agerikoa da, aldi berean, errepresio bi mota horiek ez direla amaitu.

Hemen ere Auzitegi Nazionala ageri da oztopo nagusi gisa; prozesua ahalbidetzeko kolektibo horrek luzatutako eskua ez du hartu.

ETA AZNARREN LEGEA

Azken langa, dudarik gabe altuena gaur egungo talaiatik ikusita, 7/2003 deritzon legearena da. Horren ostean –eta horren bitartez– 70 euskal preso inguru zigortu dituzte, benetako biziarteko kondenak aplikatuz: 40 urteko kartzelaldiak, 35 urte baldintzapeko askatasuna eskuratzeko, 32 hirugarren gradua lortzeko...

Gatazkaren gordinean Jose Maria Aznarren Gobernuak ezarri zuen legeak bere horretan dirau bi hamarkada beranduago, testinguru oso ezberdinean, eta noizbait heldu beharko zaio anakronismo nabarmen honi, bertan behera utziz edota kartzelaldiei buruzko ebaluazioak aurreratuz. Izan ere, 2003ko arau hori Europako zenbait estatutako bizi guztirako zigorra edota Estatu espainoleko Espetxaldi Iraunkor Berrikusgarria bera baino krudelagoa da.