NAIZ

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola izango dira Bilboko aratusteetako Farolin eta Zaranbolas

Bilboko Jaien Batzorde Mistoak jakinarazi duenez, Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreek antzeztuko dituzte Farolin eta Zaranbolas jaiez betetako bost egunez, otsailaren 17tik 21era.

Lander Otaola eta Ylenia Baglietto.
Lander Otaola eta Ylenia Baglietto. (BILBOKO UDALA)

Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Fekoorreko eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen duten Jai Batzorde Mistoak Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aukeratu du Bilboko aratusteetako Farolin eta Zaranbolas izateko. Otsailaren 17tik 21era Bilboko kaleetan egingo den jai-egitarau oparoaren ekitaldi bakarra ere ez dute galduko.

1984ko aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Kutsu txirenea emateko, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarri zitzaion Bilbon.

Farolin, bere jarduera profesional edo publikoan nabarmen bereizten den eta, gainera, bere botxoko izaeraz harro dagoen bilbotarra da, Bilbon bertan jaio ez bada ere. Bere lelo nagusia «Semper Plus Ultra / Beti Harago» da.

Aurten Ylenia Baglietto emango dio bizia pertsonaiari. 1986an Eibarren jaioa, bere ibilbidea gimnasia erritmikora bideratuta hasi zen Eibarko Club Gimnasia Rítmica Ipurua taldean, eta Espainiar Estatuko txapeldun izan zen Banakako modalitatean 2000. eta 2002. urteetan, eta Taldekoan 2001. urtean. Getxoko Antzerki Eskolan interpretazioa egin ondoren, ETBko Goenkale telesail mitikoarekin estreinatu zen telebistan, eta bertan hasi zen telesail ezagunetan, antzerkian eta zineman egin duen ibilbidea.

Zaranbolas ezerk eragiten eta bizitza aldatzen ere ez dion Bilboko pertsona da. Bizitza onaren adibide, bere bizimodua «Carpe Diem / Bizi Momentua» esaeran laburbiltzen da.

Aurten Lander Otaola antzeztuko du. 1989an Bilbon jaioa, lehen pausoak, berak parte hartzen zuen lanetako gidoiak idazten eman zituen. Denek ezagutzen dute ETBko ‘Vaya Semanita’, umorezko saioan egindako agerraldiengatik, eta 2012an Max Sarietarako izendatu zuten, Euskarazko Antzerki Egile Onenaren sailean, ‘Sekula bai!’ lanarengatik.

«Entretenimendua eta dibertimendua izango dira nagusi Bizkaiko hiriburuko aratusteetako enbaxadore gisa galduko ez duten ospakizunetako bakoitzean. Aurten murrizketarik gabe biziko dira aratusteak, hiriburuan arnasten den tradiziora eta normaltasunera itzuliz», adierazi du Bilboko Udalak.